«3.168 euroko isuna jarri digute»

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 24a, 00:00

Gertatutakoa salatzeko, etzirako kontzentrazioa antolatu dute, arratsaldeko 19:00tan Gudarien Plazan: «herritarrei parte hartzeko deia luzatu nahi diegu».

Gazte Kontseilu Sozialistak salatu du «Udalak Alkatearen aginduz 3.168 euroko isuna» ezarri diola Mugimendu Sozialistari, San Joanetako txosnaren arira. «Isunaren zati bat baimenik gabe espazio publikoa erabiltzeari dagokion zigorra da, eta beste zatia, espazio publikoa erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasa».

Kontseilu Sozialistak azpimarratu du, Hernaniko Udalak zein txosna batzordeak azken San Joanetan txosna jartzeko egindako eskari oro ukatu zitzaiela: «Prozedimendu eta irizpide tekniko guztiak bete bagenituen ere, eragile horren parte izateko zein txosnagunean txosna bat jartzeko aukera ukatu zigun txosna batzordeak. Udalak, berriz, alde batera utzi zituen eremu horretatik kanpo txosna bat jartzeko egindako eskaera guztiak». 

Hori horrela, txosnagunetik kanpo txosna jarri zuten Kontseilu Sozialistako kideek: «espazio publikoa erabiltzeko eskubidearen zein txosnaren bidez gure jarduna finantzatzeko beharraren defentsan, San Joanetan txosnagunetik kanpo txosna jarri genuen. Muntaketa lanetan ari ginela udaltzaingoak kide bat identifikatu zuen, hain justu, isuna jaso duen kidea. Txosnaren egitarauan parte hartzea jendetsua izan zen. Bai Udalak eta baita txosna batzordeak aurrez zabaldu zituzten zurrumurruek ziotenaren kontrara, jaiak inongo arazorik gabe pasatu ziren» aitortu dute. 

Eta jarraian, honakoa salatu du Kontseilu Sozialistak: «EHBildu administrazio publikoaren baliabideak gazteria komunistaren aurka egiteko erabiltzen ari da. Historikoki Euskal Herrian alderdi eskuindarrek egin izan duten bezalaxe, defendatzen dugun posizio politikoa dela eta Mugimendu Sozialista zokoratzen eta itotzen saiatzen ari da EHBildu. Horren isla da bai espazio publikoa erabiltzeko baimenak ukatzea, bai isunen bidez zigortzea, baita gainerako eragileei txosna jartzeagatik kobratzen ez dizkien tasak eskatzea ere. Beto zein bazterketa politikoa deitzen zaio horri. Ez da harritu beharko gintuen ezer, EH Bildu Espainiako Estatuko erregimen burgesean instalatu den alderdi bat baita. Hori dela eta adierazpen politiko iraultzaileak itzalarazteko ardura daukate. Euskal Herriko edozein jaitan txosnak jartzeko dugun eskubidearen defentsa berresten dugu. Aldi berean, Hernaniko Udalari isuna kendu eta datozen San Joanetan txosna jartzeko bermea exijitzen diogu». 

Gertatutakoa salatzeko, kontzentrazioa antolatu dute astelehenerako; arratsaldeko 19:00etan izango da Gudarien Plazan: «kontzentrazioan parte hartzeko deia egiten dugu».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!