Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a, finalaren bila irtengo dira gaur

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 24a, 00:00

Ansa, Juanenea, Goikoetxea eta Barrenetxea, gaurkorako pelotekin.

Ansa II.a eta Juanenea izango dituzte aurrez aurre Binakako Txapelketaren finalerdian.

Galarretan gaur, Binakako Erremonte Txapelketaren finalerdia jokatuko da. Jaialdia 15:30etan hasiko da eta finalerdia 16:30etan hasiko da. Bertan neurtuko dituzte indarrak Ansa II.a-Juaneneak, Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.aren aurka. 

Bigarren eta hirugarren sailkatu ziren ligaxkan eta irabazlea binakako txapelketa nagusiaren finalera sailkatuko da. Datorren abenduaren 31n izango da finala eta Segurola eta Larrañaga zuzenean sailkatu ziren. Gaurko irabazlea izango da bigarren finalista. 

Goikoetxeak eta Barrenetxeak urdinez jokatuko dute eta ligaxkaren hasieran erakutsi zuten maila berreskuratu nahi dute. Bi bikoteek txapelketa bata bestearen aurka hasi zuten eta orduan bikote urnietar-hernaniarrak erraz gainditu zituen Ansa-Juanenea 40-27. Aurretik, Erremontari txapelketaren finalerdian ere Goikoetxea eta Barrenetxea izan ziren garaile. Hala ere, txapelketan gorriek goranzko bidea egin dute eta urdinek berriz, beheranzkoa. 

Gorriek bikote oso orekatua eta sendoa osatzen dute, urdinek berriz indargunea atzean dute eta aurrean dira ahulagoak. Oreka bilatzea eta Goikoetxea erregularra izatea izango da gakoa. 

 

Pelota ezberdinekin

Ostegunean, Ansa II.a eta Juanenea izan ziren Galarretako kantxara salto egin zuten lehenak, larunbat arratsaldean Binakako Erremonte Txapelketako finalerdia jokatuko duten materiala sailkatzeko.

Urnietakoak eta Saldiaskoak lau pelota baxuago aukeratu zituzten. Ez dute pelota bizirik nahi Barrenetxeak min egin dezan eta Goikoetxea V.ari mina egiteko aurrelarien jokoa bilatu nahi dute. Lau pelotetatik hiruk 127 gramoko pisua izan zuten eta batek 126 gramokoa.

Amaitu bezain laster Goikoetxeak eta Barrenetxeak hartu zieten lekukoa, eta material bizia ere ez zuten bereizi. Urdinen pelotak tartekoak dira eta jolasten uzten dute. Saskian ondo sartu eta erremontista gustura sentitzen den horietakoa. Gehiago pentsatu zuten euren jokoan aurkariarengan baino. Gainera, bitxia bada ere, lau pelotek pisu ezberdina izan zuten eta ez zen pisurik errepikatu. 128tik 125era doaz.

 

2023tik, bi sarrera bikoitz jaialdiko zozketatuko ditu Kronikak

Frontoian erremonteaz gozatzeko, 2023tik aurrera, Kronikak bi sarrera bikoitz zozketatuko ditu, jaialdiko, Kronikakide eta bazkideen artean. Finalerdietarako eta finalerako hamar sarrerana banatzen ari da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!