Gas eta argindar fakturetan %25eko aurrezkia lortu da bataz beste

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 23a, 00:00

Energiaren Udal Bulegoa arreta eskaintzen.

Energiaren Udal Bulegoak zerbitzua zazpi egunetan eman du eta 42 herritarrek jaso dute arreta.

Hilabete igaro da Energiaren Udal Bulegoak ateak zabaldu zituenetik eta oso harrera ona izan du herritarren artean. Izan ere, guztira zazpi egun egon da irekita bulegoa (astearteetan eta ostegunetan, 10:00-13:00 eta 15:00-18:00), eta 42 herritarrei eman diete arreta. 

Kontsulta motei dagokienez, energiaren fakturak sortzen du kezkarik haundiena. Gabriel Zelaia eraikinean kokatuta dagoen bulegora gerturatu diren herritar gehienen (%92) kontsulta horren ingurukoa izan baita. Ondoren, eraikinak (etxebizitzak eta lokalak) energetikoki eraginkorragoak izateko obren inguruan izan da kontsulten bigarren motiboa (%4). Portzentaia bera izan da energia komunitatearen inguruan informazioa nahi zutenen herritarrena. 

Egin diren kontsulten ondorioz herritarrek fakturetan aurreztu duten batez bestekoa %25a izan da.

Kontsulten ondoren bonu soziala eskatzeko baldintzak betetzen dituztela ohartu dira lau herritar eta bulegoaren bidez ere eskabidea egin dute.
Herritarren harrera ona ikusita, datorren astetik aurrera, zerbitzuaren ordutegia zabaltzea erabaki du Udalak.

Horrela, astearte eta ostegunaz gain, asteazkenean ere arratsaldez zabalduko du bulegoa (15:00-18:00). Lehenengo asteazkena 28a izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!