Ongietorri, Hernaniko 'Sustraiak'-era

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 23a, 00:00

Udaleko arduradunak, Gotzon Huegun eta Regina Gómez artistekin batera.

Berriztutako 'Hernani' plakarekin batera, herriaren sarreran, Txantxillako biribilgunean jarri da eskultura. 

Sustraiak artelanak eta berriztatutako Hernani plakak ongietorria emango die, Txantxillatik, Hernanira sartzen diren bisitari eta herritarrei. Atzo inauguratu zuten Txantxillako biribilgunean, Gotzon Huegun eskulturgileak dioen bezala «Hernani plakarentzako markoa». Bertan izan ziren Udaleko ordezkariak, Gotzon Huegun eskulturgilea eta Regina Gómez Hurtado, Hernani plaka berriztatu duena. 

Xabier Lertxundi alkateak azaldu zunez, «2022an, 100 urte bete dira zeramikazko Hernani plaka hori jarri zenetik. 2021ean Diputazioak iradoki zien herriei horrelako baldosa jartzeko Gipuzkoako armarriarekin. Herri askotan ikusi daiteke, baina Hernanikoa desagertu egin zen jarrita zegoen etxea duela hilabete batzuk bota ete gero. Berreskuratzea lortu zen, baina txikituta zegoen. Reginak berriztatzeko artelan ikaragarria egin du. Herriko sarrera batean jarri nahi zen. Gotzonekin harremanetan jarri ginen eta Sutraiak arte lana erantsi du». 

 
«Garrantzia duena kartela da»

Gotzon Huegunen esanetan, «garrantzia duena kartela da. Gainera, Reginak egin duen berriztatzeko lana bikaina da. Udalak zer egin zitekeen galdetu zidan. 1998an Lasarten horrelako lan hantzeko bat eskatu zidaten eta Hernanira ere, bere ezaugarriekin, ekarri dut lana. Oinarrietara joan nintzen eta sagarrondoak bururatu zitzaizkidan. Lurrak ematen digun produktua irudikatu nuen: sagarrondoa eta sagarrak. Hori izan zen Udalari proposatutakoa, gustatu zitzaion eta horrela egin du bidea».

Enpakatzeko altzairuzko txapa erabiltzea erabaki zuen. Tamainak ere kezka sortu zion Gotzoni. «Tailerrean dena ikusten da ondo eta haundi, baina kalean nola geratuko den zaila da jakitea. Atzo ikusi nuen eta lasai egin dut lo. Tamaina egokia da eta oso ongi geratu da. Oso gustora nago. 2,7 metroko altuera eta zabalera du. Plakak 1,5x0,5 metroko tamaina du».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!