Bazkidetza kanpaina abiatu du Herrilur elkarteak

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 22a, 00:00

Helburua da elikaduraren balio-kate osoa Hernanin bertan garatzea: ekoiztu, eraldatu, banatu eta kontsumitu.

Herrilur kontsumo elkarteak bazkidetza kanpaina jarri du martxan. Elikadura sistema propio eta burujabea eraikitzea da elkartearen asmoa, Hernanin bertan ekoiztu, eraldatu, banatu eta kontsumitu dadin. 

Helburu horri lotuta, Hernaniko Nekazari eta Abeltzainen Sustapenerako Elkartearekin batera, salmenta gunea ireki zuten duela hilabete batzuk. Dendaren bitartez, bertako eta garaiko produktuak ezagutarazi eta komertzializatzen ditu Herrilurrek. 

Elkartetik nabarmentzen dute hernaniarren egunerokora ere iritsi dela «duela hilabeteak mundu mailan ematen ari den baliabideen krisia», eta diote «Hernaniko nekazari eta abeltzainek bere etorkizuna kolokan ikusten» dutela. 

Horregatik, bazkide berrien bila dabil Herrilur. «Guztion indarrak batuz, errazago gaindituko baita lehen sektorearen gainbehera eta prezioen krisia». Urteko bazkide kuota 60 eurokoa da, eta proiektuaren parte izateak baditu abantaila batzuk: %5eko deskontua haien dendan egiten diren erosketetan, esaterako.

Herrilurri eta bazkidetza kanpainari buruzko informazio guztia elkartearen webgunean dago eskuragarri (https://burujabe.hernani.eus/eu/elikadura).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!