Xaxiren epaiketaren harira, konponbide garaia dela aldarrikatu du Sortuk

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 22a, 00:00

Lazgarritzat jo dute Espainiako Estatuak «mendeku politika amaigabean gotortuta» jarraitzea, eta berretsi dute «konponbide garaia» dela.  

Joan den astelehenean epaitu zuten Asier Ezeiza Xaxi hernaniarra Auzitegi Nazionalean, eta 19 urtekoa da fiskaltzaren zigor eskaria. Honen aurrean, Sortuk salatu du lazgarria dela «ETAren jarduera armatua amaitu eta 11 urte pasa ondoren, oraindik ere Espainiako estatuak mendeku-politika amaigabean gotortuta» jarraitzea. 

Premiazkotzat daukate, «Euskal Herriarentzat bake eta elkarbizitza demokratikoan oinarritutako agertoki bat» lortzeko, «preso politikoen auziari irtenbidea ematea». Nabarmendu dute Ezeizaren kasua ez dela bakarra, eta azpimarratu dute «ez duela inolako zentzurik kartzelak betetzeko bulkadari eusteak», nahiz eta «kosta ahala kosta hainbat auzi judizial azkartzen ari diren, kartzelak betetzeko asmoz».

Gehitu dute Auzitegi Nazionalaren helburua «oinarrian dagoen arazo politikoa konpontzea zailtzea, eta irtenbide politiko eta demokratikoak zapuztea» dela, «presoak gatibu dituen bitartean, euskal jendartea ere gatibu» duelako. 

Honen aurrean, Sortuk berretsi du «kartzelak husteko eta gatazkari aterabide politiko eta demokratikoa aurkitzeko konpromisoa». k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!