2023ko aurrekontua onartutzat, EH Bilduren aldeko bozkekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 22a, 00:00

EAJk, PSE-EEk eta Podemosek 2023ko aurrekontuen aurka bozkatu zuten.

Hernaniko Udalak Zero Zabor udalerriak ziurtatzeko programan parte hartzea onartu zen, osoko bilkuran. 

Joan den asteartean egin zen urteko azken plenoa, Hernaniko udaletxean. Zenbait gai izan ziren landutakoak, baina 2023ko aurrekontu orokorraren eztabaida luzatu zen, batik bat. 

Betiko prozedimentua jarraituta, osoko bilkuraren aktak onartu zituzten, eta jarraian, dekretuen berri eman zuen Xabier Lertxundik. Segidan, gai-zerrendaren hirugarren puntua onartu zuten: '2023urteko plantilla organikoa eta lanpostuan zerrendaren onarpena: Hernaniko Udala eta Ereñotzuko toki entitate txikia'. Alderdi sozialistaren eta EH Bilduren aldeko botoekin; EAJ-k aurka bozkatu zuen, eta Podemos, berriz, abstenitu egin zen. 

Hartutako erabakien artean, laugarren puntua izan zen esanguratsuenetakoa: '2023 urteko aurrekontu orokorra onartzea: Hernaniko Udala eta Ereñotzuko toki entitate txikia'. «Ereñotzuren aurrekontua, Hernaniko Udalaren aurrekontuaren araberakoa izaten da. Ereñotzuri egokitutako diru kantitatea, auzo udalak berak erabakitzen du nola zatitu. Gure kasuan, Hernaniren aurrekontua azaroan elkarbanatu genuen, udal taldeen aurrean. Udal gobernu taldeak Podemosekin jardun du buru-belarri, aurrekontuen negoziaketetan,  negoziaketa nahi zuten bakarrak izan baita». Beraz, asteartean aurkeztu zituzten emaitzak, negoziaketetatik ateratakoak dira. Hori horrela, 2023ko aurrekontuari buruzko datu orokorrak eman zituen Hernaniko alkateak: «33.146.600 eurokoa da, iazkoarekin alderatuz, %6,3 altuagoa. Hernaniri dagokiona da 33.135.100 euro dira». Hari beretik, Hernaniko Udal talde gobernuak Podemosekin adostutako bi partidak azaldu zituen Lertxundik: «Etxebizitza sailari 30.000 euroko partida bat aurreikusi dugu; etxebizitzen inguruan dauden arazoei aurre egiteko nolabait; eta beste partida bat da Goiz Eguzki eraikina eraberritzeko lanak: 50.000 euro». Bozketan 2023ko aurrekontua onartutzat eman zen, EH Bilduren aldeko bozkarekin; gainerako alderdiek aurka bozkatu zuten, bai PSE-EEk, bai EAJk, eta baita Podemosek ere. «Ez gaude ados ezarritako partidekin, esaterako; Udalbiltza edota UEMA, besteak beste. Hala ere, aipagarria iruditu zaigu, Osiñagako egonkortasuna bezalako proiektuak ez ditugula ikusi aurrekontuetan, eta adostuta zeuden, » adierazi du alderdi sozialistak. Jarraian, hitza hartu zuen talde moreak, aurkako bozkaren arrazoiak helaraziz: «hitzak bai, baina ekintzarik ez. Adibidez: egungo kiroldegiako egoera oso kaxkarra da. Beraz, gure iritziz, 2023rako aurkeztutako aurrekontuak ez dira batere anbiziosoak eta kontinuistak dira, beraz, kontra bozkatuko dugu». Era berean, EAJk ere, aurrekontuen aurkako bozka eman zuen: «gure ustez ere, 2023rako aurkeztu diren aurrekontu hauek kontinuistak dira, azken urteetako planteamendu berekin aurkeztu dira 2023koak». Kontrako iritziekin izan bazen ere, 2023ko aurrekontuen alde bozkatu zuen Udal gobernu taldeak, eta beraz, onartutzat eman ziren. 

Ondoren, hainbat erabakiren artean, Hernaniko Udaleko prebentzio plana onartu zen aho batez, eta plenoko azken gaia aurkeztu zuen Udal gobernu taldeak: «proposatu nahi dugu Hernaniko Udalak Zero Zabor udalerriak ziurtatzeko programan parte hartzea. Modu honetara, laguntza profesionala jasoko dugu eta ekonomia zirkularra sustatuko dugu, besteak beste». Xehetasunak eman ondoren, onartutzat eman zen, EH Bilduren eta Podemosen aldeko botoekin; alderdi jeltzaleak eta alderdi sozialistak aurka bozkatu zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!