Hernaniar jokalariek, 'Xake Mate Pobreziari!'

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 20a, 11:06

Errenterian parte hartu dute Asier Ezkaik eta Ekai Legorburuk.

Aurreko asteburuan ospatu zen IV. Xake Mate pobreziari! Torneoa Errenteriako Beraun auzoan. Antolatzailea, Beraun Bera Xake Taldea izan zen eta helburua, ahalik eta elikagai iraunkor gehien lortzea zen Gurutze Gorriarentzat. Horretarako, partehartzaileek izena emateko orduan, 3 kilo janari aurkeztu behar zituzten eta larunbateko jardunaldian soilik, orotara 100 kilotik gora pilatzea lortu zen xakelari guztien laguntzaz.

Haurren arloan, emaitza anekdotikoa zen eta irabazle zein galtzailerik ez zuen torneo bat jokatu zuten, bigarren urteko benjamin mailako hernaniarrek paper polita egin zuten. Asier Ezkai bikain aritu zen eta zortzi partida jokatuta, zazpiretan gailentzea lortu zuen marka bera lortu zuten beste bi xakelarirekin berdinduz goiko postuetan. Ekai Legorburuk berriz, bere maila ona agertzeko aukera izan zuen zortzi partidetatik bost irabazita, irabazita zituen partida pare batek azken unean ihes egin bazioten ere.

Hernaniarren arteko derbian, Asier Ezkai nagusitu zitzaion Legorbururi.

Jokalari bakoitzak hamar minutuko denbora izan zuen partida bakoitzeko bere estrategia ongi pentsatu eta garatzeko eta ondorioz, partida guztiak batuta, hiru ordu ingururen bueltan jardun ziren 64 laukitxoen jokoan jo eta ke ia atsedenik gabe.


Donostiako zonalean, Legorburu 19garren postuan

Bestalde, orain dela egun gutxi batzuk jokaturiko bigarren urteko benjamin kategoriako Donostialdeko zonaldekoan, 80 partehartzaileren artean, Ekai Legorburuk 19.amaitu zuen jokaturiko lau partidetatik hiru irabazita. Postu hori lortu arren, 6.postuan gelditu zenarekin berdinduta gelditu zen hiru garaipenekin Osiñagako xakelaria. Berdinketak daudenean ordenagailuak automatikoki ebatzi ohi du xakelarien amaierako ordena aurkarien garaipen kopurua, koefizientea… eta beste hainbat faktore kontuan hartuta eta hala, ordenagailuak nahiko atzean utzi zuen Legorburu sailkapenean hiru garaipen pilatu zituztenen artean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!