Martxan da «Ezagutu Hernani» lehiaketa, abenduaren 30era arte

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 20a, 00:00

Hernani Errotzen Elkarteak antolatutako lehiaketaren zazpigarren edizioa da aurtengoa, eta lau galderaz osatutako sorta prestatu dute. 

Martxan dago jada, zazpigarrenez, «Ezagutu Hernani» lehiaketa. Hernani Errotzen Elkarteak antolatutako lehiaketa da, urtean zehar ikasitako gauzak birpasatzeko eta autobaloratzeko. Lehiaketaren helburua Hernaniren eta euskalnafarren historia eta ondarea gizarteratzea da; eta, horren bitartez, herritarren jakinmina piztea. 

Lau galderako lehiaketa sortu dute aurtengoan. Honakoak dira erantzun beharrekoak: Aurten duela 500 urte Gaztelako armadak euskalnafar gaztelu bat suntsitu eta konkistatu zuen. Zein?; Zein da Zubipe kirol eremuaren esanahia?; Zein erreginak agindu eta finantziatu zuen Jesus Krist Gure Jaunaren Testamentu Berria euskarara itzultzea eta argitaratzea? eta Noiz egiten da Akelarrea: kalejira eta antzerkia Gudarien plazan?. Dena den, galdera hauei erantzuteko ez da hutsetik hasi behar; izan ere, galdera bakoitzak hiru erantzun aukera ditu.

 

Parte hartzeko aukera

Lehiaketan parte hartzeko epea abenduaren 30era arte egongo da zabalik, eta bi eratara erantzun daitezke galderak. Alde batetik, prentsa eta hedabideetan paperean erantzun daiteke;  Eta, bestetik, ondorengo estekan sartuta: https://labur.eus/5bv5a  edo jarraian ikus daitekeen QR kodearen bidez. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!