Hernaniko Dakapo abesbatza garaile, Santo Domingo de la Calzadan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 20a, 00:00

Dakapo Abesbatzako kideak, Santo Domingo de la Calzadan.

Hernaniko Musika Eskolako Dakapo abesbatzak irabazi zuen 32. Gabon Kanten lehiaketa nazionala.

Modu ezin hobean iritsi da urte bukaerara Hernaniko Musika Eskolako Dakapo Abesbatza. Lehenengo aldiz hartu zuten parte Amigos de la música elkarteak antolatutako XXXII. Gabon Kanten lehiaketa nazionalean, Santo Domingo de la Calzadan, eta garaipenarekin itzuli ziren etxera

Guztira zortzi taldek hartu zuten parte lehiaketan, eta partaide guztiek erakutsi zuten maila altua. Dakapo Abesbatzak bi gabon kanta abestu zituen: Dime niño eta Dizdizka zeruan. 

Bikain abestu zituzten kantuak, eta ahozapore gozoarekin amaitu zuten txapelketa abesbatzako kideek, Amaia Aldalurren zuzendaritzapean.

 

Hernani kantuz alaituko du Dakapok gabonetan

Emaitza ona eskuratu zuten Errioxan, eta herriko inguruak alaitzen jarraituko du Dakapok gabonetan zehar. Abenduaren 24an kalez kale arituko dira kantari, herriko bazterrak girotzeko asmotan. Gerora, urte berriarekin batera iritsiko zaizkie erronka berriak. Orain, lortutakoaz gozatzeko unea dute 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!