Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministak irailean urtea bete zuen ateak ireki zituenetik. Hori aprobetxatuz Udaleko Berdintasun sailetik balorazioa eta memoria plazaratu dute. Itsaso Lekuona Berdintasun zinegotziak, Irantzu Jauregi Berdintasun Teknikariak eta Saioa Iraola Plaza Feministako Koordinatzaileak prentsaurrekoa eskaini zuten urtea nolakoa izan den ezagutarazteko.
Itsaso Lekuonaren arabera, «aurreikuspen denak gainditu dira. Gauza pila bat antolatu dira eta KPF erreferente bihurtu da Hernanitik kanpora. Eredu bat da eta honelako espazio batek inspirazioa sortu du».
Ez zaio arrazoirik falta datuak aztertuz gero. Lehenengo ikasturtean, 2021eko irailetik 2022ko ekainera bitarte, 8.105 bisitari izan dira. Horietatik 5.886 euskal hiztunak; alegia, bisitarien %72 euskeraz mintzatu da. Bisitarien %60 emakumea izan da, erdia 35-60 urte bitartekoa. Amher Sos Arrazakeriaren bulegora egin dira joan-etorri gehien.
«Beharrak dituzten herritarrentzako plaza da»
Irantzu Jauregiren hitzetan: «elkarlanerako, sortzeko, formatzeko, topatzeko, saretzeko, babesteko plaza da honakoa. Askotariko beharrak dituzten herritarrentzako plaza da, betiere herritarron bizitzak hobetzea helburu duena, bereziki emakumeonak eta migratu eta arrazializatutako herritarrenak. Egunerokoan, erdigunerik ez dugunon plaza, alegia».
Urte honetan guztian egindakoa jaso zein balorazioa eta aurrera begira jartzeko ariketa egin dute: 'Kulturartekotasuna eta feminismoa sustatzeko, plaza bat babesleku eta bozgorailu. 2021-2022 memoria'.
Amher Sos Arrazakeriaren bulegoak 300 herritar artatu ditu, gutxi gorabehera. Segidan Jabetze Eskolan 205 emakumek eta ez bitar batek parte hartu dute. Sexu eta bikote aholkularitzan 30 erabiltzaile joan dira guztira, 21 emakume eta 9 gizon. Aholkularitza juridikoa 40 emakumek jaso dute eta horietatik 38 Hernanin bizi dira eta bi inguruko herriren batean. indarkeria matxistari aurre egiten ari diren 23 emakume artatu dira. Horietatik 13 emakume 2021ean artatu ziren, ireki eta berehala, eta 10, berriz, 2022an.
Espazio segurutzat dute emakume askok KPF, eta horregatik emakumeek, bai indarkeria kasuetan, bai hainbat zaurgarritasun edo bazterkeriarako arrisku egoeratan bertara jotzen dute.
Irantzu Jauregik adierazi bezala, «oro har, baina bereziki, indarkeria matxistari dagokion lanketan, aukera berriak zabaltzeaz gain emakumeengandik gertu eta irisgarri den espazio publikoa da, egun osoan zehar irekita dagoena, hain zuzen. Eta azpimarratu behar dugu, elkarlana indartu dugula Udaleko gainerako sailekin».
Ekintzez betetako egitarauak, orain arte
Ekimenak, erakusketak, jardunaldiak... egin dira. Azpimarratzekoak dira, besteak beste: Hernani Munduari Begira jardunaldiak, Zaintza Lanen Demokratizaziorantz jardunaldia edo Hariak Erresistentzia Istorien zinemaldia.
Saioa Iraolak aipatu zuenez, «komunikazio lana ezinbestekoa izan da, KPF mundura eta herrira zabaltzeko. Ez da erronka makala izan Hernaniko txoko eta pertsonenganaino iristea. Oraindik ere lan haundia dugu aurretik. Bide horretan hainbat euskarri eta baliabide jarri ditugu eskura. Batetik, hilero eskuorria eta kartela osatzen dira antolatu diren ekimenak biltzeko. Etxez etxe banatzen da eta herriko merkataritza gune eta udal eraikinetan egoten dira eskuragarri. Hori bera digitalean ere zabaltzen da; posta elektroniko bidez, mugikorraren bidez eta sare sozialen bidez. Bestetik, Gobara podcasta sortu dugu, trapu zikinak aireratu eta gure genealogia feministetan barrena bidaiatzeko».
Azkenik, hainbat erronka jaso dituzte. Izan ere, «bistakoa da, KPFk aukera berriak sortu dituela, eta oraindik ere loratzen ari den proiektua dela, egunero-egunero, elikatu eta zaindu beharrekoa, berrikusi», aipatzen du Iraolak. Bide horretan aurrerapausoak ematen jarraitzeko, zenbait erronka identifikatu dituzte, hala nola: «KPFren proiektua zabaltzea eta herritartzea. Alegia, bertan eskaintzen diren zerbitzuak eta KPFko proiektuak herritarren artean zabaltzea».
KPFn jarduten duten eragile-erabiltzaileen artean elkarrekin lan egiteko aukerak sortzen jarraitu nahi dute. Horrez gain, garrantzitsua deritzote arlo komunitarioa indartzen jarraitzea, kolektibitateak sortzeko.
Euskera eta euskal kulturaren erabilera eta ezagutza sustatzeaz gain, bertan bat egiten duten askotariko hizkuntza eta kulturak ezagutzeko, balioesteko eta aitortzeko elkarrizketak sustatu nahi dituzte. «Euskera indartzeko eta harrera hizkuntza izan dadin neurriak eta eskaintzen diren baliabideak birpentsatzea eta eskuragarritasunerako bidean, urratsak ematea».