Urtea amaitzeko garaipena, Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 19a, 00:00

33-19 garaitu zuen Bera Bera, baina igoera fasetik kanpora geratu da aurkari zuzenek irabazi eta gero.

Hernanik garaipenarekin amaitu du 2002 urtea, baina garaipen gazi-gozoa izan zen. Landaren, zortzigarren jardunaldian, 33-19 irabazi zuen Bera Beraren kontra, bonus punturik gabe, eta laugarren amaituko du lehenengo fase hau.

Aurkari zuzenek ere; Getxok, Independientek eta Zarautzek irabazi egin zuten eta horrek igoera fasea jokatzeko aukerarik gabe utzi ditu hernaniarrak. Jardunaldi baten faltan ezin du Hernanik posturik irabazi eta honela, pasa den urtean bezala, gauza gutxi izango du jokatzeko bigarren fasean. Hiru aurkari zuzenak hobeak izan dira eta hernaniarrek ezin izan dute aurrerago amaitu.

 

21-0 aurretik markagailuan

Bera Beraren aurkako derbia uste baino estuagoa izan zen markagailuari begiratuz gero. Hernanik inoiz ez zuen arriskuan ikusi garaipena eta bigarren zatian donostiarrek markagailua itxuratu zuten.

Hernani nagusi izan zen jokoan, batez ere lehenengo 50 minutuetan. Hasieratik aurrea hartu zuten eta hamalaugarren minuturako 14-0 ziren aurretik etxekoak. Lehenengo zatian ez zen markagailua gehiago mugitu. 

Aldageletatik bueltan, Hernanik aldea areagotu egin zuen 21-0. 56garren minutuan 28-7 ziren bi taldeak eta azken 20 minutuetan donostiarrak gehiago hurbildu ziren, nahiz eta partidua erabakita izan. Azkenean 33-19 Hernaniren alde.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!