Hernaniko Musika Bandak emanaldia eskainiko du gaur elizan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 17a, 00:00

Juan Carlos Ribellesek gidatuko du banda.

Juan Carlos Ribellesen gidaritzapean Gabonetako kontzertu hunkigarria espero da 20:00etatik aurrera.

Gabonetako kontzertuak beti hunkigarriak badira, aurtengoa are bereziagoa da, ekitaldia testuinguruan kokatzen duten gertaerengatik. Juan Carlos Ribelles Bandako kide eta tuba irakasleak Gabonetako giroaz hornituko du gaurko kontzertua San Joan Bataiatzailearen elizan, 20:00etatik aurrera.

Izan ere, COVIDaren aurkako borrokan hilabeteak eman ondoren, Juan Carlos indartsu eta pozez gainezka itzuli da Bandara ikasturte honetan, eta talde osoarentzat ospatzeko arrazoia da. Hortaz, planteatu duen jai-giroko eta kolorez betetako kontzertua zuzentzeaz arduratuko da.

Cry of the last unicorn, Jingle bells fantasy gabon-kantuaren bertsio melodiatsua, Pilatus, Destellos del alba eta Alvamar overture bezalako pieza anitzak ikusleen gustukoak izango dira.

Aipamen berezia merezi du UCI de Cruces lanak, Juan Carlosek berak sortu baitzuen, ospitaleko langileei eskerrak emateko, sendatzeko behar zuen laguntza eman baitzioten.

Horregatik guztiagatik, ilusioz eta emozioz beteriko kontzertua espero da Gabonetako egun berezietan sartzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!