Gaur bukatuko dute Binakakoaren ligaxka

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 17a, 00:00

Beñat Segurola aizarnazabaldarra.

Aurrez aurreko ariko dira Segurola-Larrañaga eta Ezkurra II-Martirena, Galarretan, 16:30etan hasiko den jaialdian.

10 astetako lehiaren ondoren, gaur bukatuko da Binakako Txapelketaren ligaxka, Galarretan. Eta asko dago erabakitzeko, azkeneko partiduan. Segurola eta Larrañaga ariko dira, Ezkurra IIren eta Martirenaren kontra, 16:30etan hasiko den jaialdian.

Oso zaila daukate semifinaletara sailkatzea Ezkurrak eta Martirenak, baina ez ezinezkoa: garaipena behar dute gaur, eta Segurolak eta Larrañagak 26 tanto baino gutxiago lortzea, puntu negatiboa jaso dezaten. Horrekin, tokia kenduko liekete, semifinala jokatzeko.

26 tanto lortuz gero, sailkatuta izango dira Segurola eta Larrañaga, eta beraien esku dago finalera zuzenean sailkatzeko aukera ere: gaurkoan garaipena lortuz gero, aurreneko postuan bukatuko dute, Ansa II eta Juaneneari lidertza kenduta. Bi gauza dira ziurrak: Goikoetxea V eta Barrenetxea IV semifinalean ariko direla, eta Aldabe eta Azpiroz txapelketatik kanpo daudela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!