Bera Beraren kontrako derbia gaur Landaren, urtea agurtzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 17a, 00:00

Landaren jokatuko du urteko partidua Hernanik, Ohorezko B Mailan.

Arratsaldeko 16:00etan jokatuko du Hernanik, mutilen Ohorezko B Mailan. Euskal Ligako neskak, bihar etxean.

Asteburu honetan izango dituzte urteko azkeneko partiduak, Hernaniko errugbi taldeek. Mutilen talde nagusiak derbia jokatuko du etxean, Ohorezko B Mailan: Bera Bera hartuko du Landaren, gaur arratsaldeko 16:00etan. 

Azkenaurreko partidua izango da trikoloreentzat, ligako aurreneko itzulian. Igoera fasera sailkatzea zuten helburu, eta oraindik matematikoki posible izan arren, oso zaila daukate. Falta zaizkien bi partiduak irabazteaz gainera, beharko lukete Independientek edo Zarautzek huts egitea azkeneko bi partiduetan. Edonola ere, aho zapore onarekin bukatu nahi dute urtea trikoloreek, eta horretarako, derbia irabaztera aterako dira gaur, zale hernaniarren aurrera.

Euskal Ligako neskek, berriz, bihar goizean jokatuko dute urteko azkena. Landaren ariko dira haiek ere, 10:00etan hasita, Durangoren kontra. Aurreko asteburuan porrot gogorra jaso ondoren, garaipen batekin bukatu nahi dute urtea haiek ere. Hirugarren garaipena izango lukete denboraldi honetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!