'The ikusezin basque woman experience' antzezlana estreinatuko da abenduaren 23an Biterin

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 17a, 00:00

Hiru sortzaileak, Koro Etxeberria zinegotziarekin, aurkezpenean.

Sormen proiektuak bultzatzeko Udalak hartutako bidean urrats berri bat izango da.

Hernaniko Udalak urteak daramatza sormena bultzatzeko laguntzak eskaintzen, bai Arte Sorkuntza sustatzeko dirulaguntza deialdiaren bidez, eta baita sormenari lotutako bestelako tailer, proiektu eta ekimenak sustatuz. Oraingoan, Miren Gojenola, Karla Ferreño eta Tessa Andonegi lantzen aritu diren TIBWE sormen proiektua errealitate bihurtzeko bultzada eman nahi izan die. Azken hilabeteetan aritu dira proiektua garatzen eta datorren abenduaren 23an, ostiralarekin, estreinatuko dute Biteri kultur etxean.

Zer den Tibwe? Hiru sortzaileen hitzetan: «Emakumeak, mundukoak, europarrak, Euskal Herrikoak, hernaniarrak. Gaur egungoak eta garai batekoak, jatorri oso desberdinetakoak denak. Eta denak ikusezinak. The ikusezin basque woman experience antzezlanak, munduko edozein tokitakoak izan zitezkeen emakumeen bizipenak kontatu nahi ditu. Edozein tokitakoak, zein edozein garaikoak. Ikusezintasuna baitugu, gure iritziz, komunean munduko eta garai guztietako emakumeok. Izenburuak (ustez), mundura begira jartzeaz gain, antzezlanaren tonua ere markatzen du. Draman erabat murgildu beharrean, komediatik ere jo dugu, bizitza bera gazi-gozoa baita. Antzezlanaren egiturari dagokionez, beren artean zerikusirik ez, eta aldi berean lotuta dauden istorioak kontatuko ditugu. Tibwe irudien eta hitzen arteko collage jostalaria da, arropa garbigailuak erabiltzen ditugun elementu iradokitzaile bakarrenetakoak izanik. Elektrogailu hau hartu dugu emakumearen garapenaren (onerako eta txarrerako) lekuko gisa», nabarmendu dute hiru sortzaileek.

Hernanin eskainiko duten emanaldia funtsezkoa izango da proiektuaren bidea markatzeko. «Gurea, beti ere, work in progress baita». Hiru artista hauek, ordea, ez dira bakarrik aritu lanean, eta bidelagun izan dituzte, besteak beste, Arantza Iglesias, Teresa Toda eta Mikel Laskurain.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!