Kostata, urte bateko atzerapenarekin, baina iristear da Bertsolari Txapelketa Nagusiko final haundia. Berritasun ugari izango ditu aurtengo finalak; eszenatokitik hasi eta partehartzaileetaraino. 13.000 lagun inguru bilduko dira Iruñean, Nafarroa Arenan, bertso munduko ekitaldi ospetsuenaz gozatzera. Irailaren 24an abiatu zen txapelketa, Getxon, eta bihar borobilduko dute hilabete hauetako lana, Nafarroako hiriburuan.
Zortzi protagonista izango dira aurtengoan ere oholtzan, baina guztietatik batek bakarrik zekien hasieratik bertan abestuko zuela. Bihar egingo du lehen agerraldia Maialen Lujanbio hernaniarrak, egungo txapeldunak, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian. Zazpigarren finala izango du jarraian, 25 urtetako ibilbidea du Euskal Herriko finaletan, eta ekitaldiak izan duen bilakaeraren lekuko zuzenetako bat da. Bi txapel ditu dagoeneko Lujanbiok, eta, hirugarrena lortuko balu, Manuel Olaizola Uztapide bertsolariaren marka berdinduko luke.
Finalaurrekoetan egindako lan onaren ondorioz sartu dira gainontzekoak final haundira. Guztietan lehena Alaia Martin oiartzuarra izan da, 1405,5 puntu eskuratuta. Lehen aldiz sailkatu da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera, ibilbide borobila osatuta; izan ere, jokatu dituen fase guztietan lortu du puntuazio altuena: lehen fasean 738 puntu lortu zituen, finalaurrekoetako lehen itzulian 729,5, eta bigarren itzulian 676. Beraz, finaleko hasiberrietako bat den arren, pauso irmoarekin iritsi da amaierara.
Aitor Mendiluze da, puntuazioaren arabera, bigarren sailkatua. Durangon egindako lan onarekin, 726 puntu lortuta, bideratu zuen Iruñerako bidea. Maila altua erakutsi du andoaindarrak, ariketa ederrak osatu eta sendotasuna erakutsita. Zazpigarrenez ari da Euskal Herriko txapelketan, eta seigarren finala izango du aurtengoa. 2017an buruz burukora sailkatzea lortu zuen, eta ikusteko dago ea aurten gaindi dezakeen aurreko edizioan jarritako langa. Seigarren aldia izango du finalean Sustrai Colina urruñarrak ere. Partehartze adina final ditu Colinak, eta ale ederrak utzita iritsi da Iruñera. Buruz burukoan sartzeko borrokan ibili zen 2017an, hirugarren postuan geratu zen, eta orain arteko lanarekin erakutsi du irabazteko hautagaietako bat dela.
Laugarren eta bosgarren eserlekuak jadanik ohikoak diren bi bertsolarik okupatuko dituzte, Beñat Gaztelumendik eta Amets Arzallusek. Añorgarrak finalaurrekoetako lehen itzulian, 716 puntu lortuta, hasi zuen finalerako bidea. Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetan sekula ez zuen halako puntuazio alturik lortu, eta hirugarren finala izango du biharkoa. Hendaiarrak, aldiz, urduritasun gehiago pasa behar izan ditu aurtengo finalera sailkatzeko. Lehenengo saioa ez zitzaion nahi bezain ona irten, eta bigarren itzulian jo zuen kolpea, Bilbon. Bi saioen batuketa eginda, 1350 punturekin, ez da ate ondoan geratu 2013ko txapelduna.
Azken bi aulkiak bi aurpegi berrirentzat izango dira. Alderantzizko bidea egin dute biek finalaurrekoetan. Alde batetik, Nerea Ibarzabalek aukera gutxi ikusten zituen Irungo saio ospetsuaren ostean, 673 punturekin urrun zuelako finala. Hala ere, gerrarako deia entzunda, saio borobila osatu zuen Baionan, eta Bizkaiko txapeldunak lortu du Euskal Herriko finala jokatzeko sarrera. Bestetik, gehiago izerditu zuen Joanes Illarregik bigarren itzulian. Puntu sorta txukuna lortu zuen Elizondon, saio ikusgarri bat osatuta, baina kosta egin zitzaion aldeak mantentzea. Kontuak kontu, Qatarrera ez, baina Iruñera bai joango dela leitzarra. Finalera sartu da bere lehen Bertsolari Txapelketa Nagusian.
Ariketei dagokienez, aitzakiek ez dute tarterik izango, mota guztietako lanak egin beharko baitituzte guztiek. Goizean 15 bertso puntuagarri abestuko ditu finalista bakoitzak; bazkalostean, gehienek, 10 bertso puntuagarri abestuko dituzte, eta hor amaituko da lana zortzi bertsolarietatik seirentzat; amaitzeko, puntuazio altuena duten bi bertsolarien artean jokatuko da buruz burukoa: 10 bertso puntuagarri osatu beharko dituzte, eta, aurtengoan, zortziko txikiko eta ganbarako ariketez gain, Iparragirre doinuan osatutako ofizioa itzuliko da buruz burukora, 21 urteren ondoren.
Egunaren amaieran jakingo da nork jasoko duen txapel beltza Iñaki Muruaren eskuetatik. Ordura arte, gozatzea besterik ez da geratzen. Orain artekoak utzi ditu ale gogoangarriak, eta sekulako maila erakutsi dute bertsolariek, baina finala beste kontu bat da; amaitu dira koplak, eta has dadila festa.