Bost urteren ondoren, bihar ekingo dio Maialen Lujanbiok, zazpigarrenez, Bertsolari Txapelketa Nagusiari. Zuzenean sailkatu da finalera hernaniarra, eta orain arte txapelketako zurrunbilotik at mantendu nahi izan duen arren, bete-betean sartuko da etzi. Ez du inongo markarik buruan; bere buruarekin dituen borrokak eta autoexigentzia asebetetzeko asmotan iritsi da finalera.
Zer moduz zaude? Zer sentsaziorekin iritsi zara azken txanpara?
Ez da erraza esaten. Bertara joaten zaren arte ez zara konturatzen benetan nola zauden; sutan jartzean probatzen da nola dagoen heltzea. Finaleko taldearekin oso pozik nago, eta ilusioa eragiten dit final horren parte izateak. Guretzat, azkenean, ederra da hainbeste urteren ondoren hor egotea, eta, aurten bereziki, gazte jendearekin, taldearen berritasunekin eta bi emakume gehiagorekin hor egotea niretzat suerte haundia da. Poztasunez bizi dut finala, eta espero dut aldarte horri eustea.
Txapelketa gertutik jarraitu duzu?
Bai eta ez. Hasieran oso zeharka eta urrutitik. Distantzia bilatu nahi izan nuen, buru-belarri sartzen bazara hasieratik zurrunbilo haundia delako. Hasieran zeharka begiratzen nion, pixkanaka aurrez aurre, eta azkeneko saioetan barrurago sartu naiz. Dena dela, urrundik begiratu nahi nion arren, inguruko jendea parte izan da, bertso eskolako jendea, lagunak, eta beti, nahi gabe bada ere, parte zara. Besteen pozen eta tristuren parte.
Zerk eman dizu atentzioa orain artekotik?
Zaila egiten zait ni parte izan gabe baloratzea, eta ez zait tokatzen. Gauza asko egon dira, eta txapelketa ondoren izango dira hitz egiteko gaiak: bertsolarien lana, tratatu den tematika, jendea, doinutegia… Gauza askotaz hitz egin daiteke, baina egokiagoa da gerora hitz egitea.
Zazpigarren finala izango duzu jarraian, 25 urteko ibilbidea da guztira. Badirudi erraza dela finalera sailkatzea.
Atzera begira inpresionatzen du gehiago. Nik ez diot inoiz nire buruari helburu gisa jarri finaletan egotea, txapel kopuru jakin bat irabaztea, edo marka zehatzak lortzea. Nire bertso ibilbidean ibilian-ibilian gertatu da guztia, ez da aurrez diseinatutako ezer izan. Gure belaunaldiari tokatu zaio bizitzea, sortzea edo parte izatea garai berezi batean. 1997an, finalean lehenengo aldiz sartu nintzenean, gazte belaunaldi baten baitan sartu nintzen: 21 urte nituen, gaztea nintzen, eta bazegoen katebegi galdu baten beldur moduko bat, bertsolaritzan. Xebastian Lizaso, Andoni Egaña eta Mikel Mendizabal egon ziren final hartan, eta beste guztiak nahiko gazteak ginen. Oso gazte sartu ginen, oso goiz, eta horrek azaltzen du nola egon garen hainbeste urtez hor. Esan bezala, hutsune bat betetzera sartu ginen, eta urte askotan jokatu dugu gazte rola. Orain da momentua gu helduenak edo zaharrenak garena, eta beste jende bat dago guk lehen betetzen genuen lekua betetzen.
Finala hitza entzun eta zer datorkizu gogora?
Haunditasuna. Saioaren dimentsioa izugarria da; fisikoki, daukan oihartzun mediatikoa, esangura, kultur mailan, hizkuntza mailan, politikoki… Oso potentea da, ez da edozein larunbatetako edozein saio. Haundia den gauza bat da, eta haunditasun hortan guztia biderkatzen da: estuasuna, poztasuna, gaizki pasatzeko uneak eta tristura. Hala ere, haunditasun horren helburua ez da bonboa eta oihartzuna izatea, ez da hutsa. Ez da espektakuluaren parametrotan pentsatutako haunditasun bat, bertsogintzaren, euskararen eta sorkuntzaren jardunaren sustapenean pentsatutako ekitaldia da.
Aurtengo finala aldaketekin dator. Zer moduzko argazkia ikusten duzu? Txapelketetako mugarri bat dela uste duzu?
Uste dut baietz, final guztiak izaten dira mugarri. Finalak hartzen dira lagin gisa garai bat esplikatzeko. Nahiz eta bertsolaritzaren oinarria urtean zeharreko milaka saio horietan egon, txapelketa izaten da erretratu nagusia. Agian aurtengoa da lehenengo urtea ikusten dena belaunaldi berrien zantzu bat. Orain arte jende berria sartu izan da finalera, baina berri horiek ez ziren gu baino gazteagoak; aurtengoak berriak eta gazteak dira. Horrek ematen du belaunaldi gazte batek bere bidea egingo duenaren lehenengo pista, eta ikusten da bertsogintzan espazioa hartuko duela.
Plazetan presentzia haundia daukate gazteek eta emakumeek. Gaur egungo bertso mugimenduaren multzo nagusietako bat dira, eta proposamen aldetik ere zeresana daukan jende asko dago. Aurtengo txapelketako erretratuak horri ematen dio ikusgarritasuna, eta eskaintzen du argazki bat bertsolaritza orain dela urte batzuetatik denarena. Garrantzitsua da, eta, zentzu horretan, beste urteetan baino mugarriagoa edo esanguratsuagoa da.
Zein aholku emango zenieke lehen aldia dutenei?
Egun horretan zaila da ondo pasatzea. Sekulako festa da, egun garrantzitsua da sozialki, politikoki, eta pertsonaletik askoz harago doan dimentsioa dauka. Norberak egin behar du lan propioa eta barnelana. Egun horren parte sentitzeko eta, era berean, zentratuta egoteko; kanpo eta barruen arteko oreka bilatzeko. Hori da esan nezakeena, ea nik ere lortzen dudan.
Urduritzen zara halako egun baten atarian?
Bai, dudarik gabe. Saioetan ez hainbeste, saioaren arabera, baina estuasun puntua beti izaten da. Beti daukazu kezka jakiteko nola joango den. Bapatekotasuna nahiko gauza sorgina da, ezin duzu metodikoki prestatu egun zehatzetan ondo egoteko, inoiz ez duzu erabat jakingo nola egongo zaren, eta zer esanik ez halako egun baten aurrean; hainbeste jende, medio, eta hain inportantea den egun baten aurrean. Espero dut ibilbideak lagunduko didala aldarteari eusten, baina han estuasuna pasako dut, dudarik gabe.
Zertan aritu da zara orain arte? Nola entrenatu duzu?
Zaila da azaltzen. Bertso saioek jarraitzen dute txapelketak dirauen bitartean, eta horrek laguntzen dizu burua martxan mantentzen, baina ohiko bertso saioetako erregistroa eta txapelketakoa oso desberdinak dira. Beste entrenamendu batzuk ere egiten ditugu, eta, horretarako, bakoitzak bere modua asmatzen du. Oso gauza intuitiboa da, ez dago arautua, eta hori asko gustatzen zait. Bertsoa ez da hiruko erregela bat, ez da matematika, beste gauza bat da. Saiatzen zara prestatzen ahal duzuna hizkuntza mailan, hiztegi mailan, errimak, doinuak, ikuskera, gaurkotasuna… Pentsamendua fintzen edo finkatzen ere aritzen naiz, gauza desberdinei buruz gehiago pentsatzen. Halako gauzak egiten ditut, oso lanbroak direnak; eta, probatu arte, ez dakizu lan horrek nahi duzun emaitza emango duen, ez da matematikoa.
Bost urte hauetan gauza asko gertatu dira, azkar doa dena. Oholtzan kokatzeko lanketa berezia egin behar izan duzu?
Bai, bost urte hauen ondoren bereziki, baina hori etengabe egin behar den gauza bat da. Bertsogintzak beti erantzuten dio bere garaiari eta inguruari. Urte asko generamatzan muturreko aldaketarik edo aldaketa hain nabarmenik gabe, pandemia bat bezalako gauzak ez zaizkigu pasa, gure belaunaldiak ez ditu ezagutu. Guk ezagutu dugu gatazka armatua, gatazka ondorena, krisia, heroinaren garaia… Garai bakoitzak dauzka bere korapiloak, eta beti izaten da zeri kantatu. Ez nuke esango orain ezberdina denik, gure lana egoerari erantzutea da, eta herriari edo inguruari kantatzea.
Beste kontu bat da pasa diren gauzak ezohikoak izan direla, eta lehen geneuzkan ardatz nahiko finkatuak mugitu edo dardaratu egin direla. Diskurtso eta elementu berri batzuk agertu dira, eta kezkak beste batzuk dira. Gure lanabesa hitza den heinean, etengabe aritu behar dugu kokatzen. Azken urteetan gertatu dena da gertakizunen garapena gero eta azkarragoa dela, eta oraintxe gaudela halako inflexio puntu orokor, sozial eta soziopolitiko batean.
Ez da erraza kokatzea, diskurtsoak konplexuagoak dira, jendearekin bat egitea konplexuagoa da, baina, era berean, interesgarria da hori.
Nola daramazu espektatiben kontua?
Saiatzen naiz kontu horietatik nahiko aparte egoten. Apenas jarraitu ditut bertsolaritzari buruzko podcast, programa paralelo, txio eta tankerakoak. Nire burua babesten dut kontu horietatik. Ziurrenik espektatibak izango dira, nik ere badauzkat nire buruarekiko, eta nireek kezkatzen naute. Nire buruarekin autoexigentzia, gogoa eta nahia dauzkat, eta horri erantzutera joango naiz. Kanpoko espektatiben kontua ulertzen dut, eta pozgarria da egotea, esan nahi duelako jendeak zerbait espero duela zuregandik. Dena den, jendeari beti ezin diozu eman espero duena, eta, tarteka, nahi duena ere ez. Nik nire buruarekiko daukat borroka, eta jendearekiko errespetu guztiarekin, nire onena emateko nirekin egiten dut borroka. Saiatzen naiz burrunbatik kanpo egoten.
Txapela irabaziz gero koska bat igoko zenuke, motibatzen zaitu horrek?
Erantzun honek topikoa izateko arriskua dauka, baina egia da. Nire helburua ez da hirugarren txapel bat irabaztea, ez da marka bat gainditzea edo txapelak pilatzea pilatzeagatik; hirugarren txapela horrela lortzea ez da nire helburua. Nire buruarekin daukadan borrokari eta autoexigentziari erantzun nahi diet, eta, koska bat estututa, nik nahi dudan horren bila joan eta aurkitu nahi dut. Aipatu ditudan helburu horietara iristen banaiz, izan daiteke emaitza txapela izatea, eta, hala bada, pozik egongo naiz. Hala ere, nik nahi dudanetik hurbil ibilita emaitza ez bada txapela, gustura egongo naiz berdin-berdin. Gehiago da egin nahi dudanari garrantzia ematea, eta ez hainbeste egin nahi dudan horrek emango lukeen emaitzari.
Nire helburua ez da hirugarren txapel bat irabaztea, ez da marka bat gainditzea edo txapelak pilatzea pilatzeagatik; nire buruarekin daukadan borrokari eta autoexigentziari erantzun nahi diet.
Zer da gehien kostatzen zaizuna bertsotan? Zeri eskaintzen diozu denbora gehien?
Txapelketan egoerak planteatzen dira oso modu jakin batean, modu nahiko neutro eta berdin batean. Orduan, askotan, horren kontra egitea da borroka; dena lurrera, lekura eta momentura ekartzeko. Oraindik ez dut aurtengo txapelketan parte hartu, eta ezin dut zehazki esan, baina borroka izaten da, ohiko saioetan ere, bertso pertinenteak osatzea, lekuari eta momentuari zerbait esango diotenak. Horrekin ez dut esan nahi dena seriotik landu behar denik, zentzu askotan landu daiteke, baina pena ematen dit bertso saioak hutsaren gainean eraikitzeak, berdin duenean Hernanin, Legazpin edo Goizuetan den, edo aurten edo duela 7 urte abestu den. Helburua gauzak zentzuarekin egitea da, edukiarekin. Hori izaten da nire borroka beti, ez txapelketan bakarrik.
Jarri zara hemendik 4 urtera begira?
Ez du merezi orain ezer esateak, ez dakigu zer izango den hemendik lau urtera, auskalo. Ez dakit. Ez dakigu aurtengoa nola bukatuko den eta gero zer izango den. Dena den, ikusten dut txapelketa ez dela betirako, nekea suposatzen du. Badator gazte jendea, badator beste belaunaldi bat, eta ez dauka zentzurik hor egoteak betirako. Helburua ez da ebaztea zein den onena, guk hor egin dugun ibilbidea beste batzuek jarraitu dezakete, eta guk gure egitekoak beste era batera egiten segi.
Gure lanabesa hitza den heinean, etengabe aritu behar dugu kokatzen. Ez da erraza, zailagoa eta konplexuagoa da jendearekin bat egitea; baina, era berean, interesgarria da hori.
Zer du txapeketak gozotik eta zer gazitik?
Gauza asko esan daitezke. Gozotik izan dezake daukan dimentsio eta popularidadeak bertsolaritzari ematen dion zabaltasuna. Bertsoa asko jarraitzen ez duen jendea ere hurbiltzen da saioetara, eta hor ikusten da ari garela iristen eta zabaltzen. Finala Iruñean egiteak ere burrunba sortzen du, eta horrek ondorioak izan ditzake han inguruan, hango bertso munduan. Bertsolaritzaren popularizatze horrek badauka alde gozoa.
Gaziak diren gauza asko esan daitezke. Hau ez da karrera pertsonal bat bakarrik, txapelketa da modu bat lehiaren bidez beste helburuetara iristeko, eta helburu horiek izan daitezke artistikoak, kreatiboak, politikoak, sozialak edota linguistikoak. Bide horretan planteatzen dugun modua lehia da, eta lehiak baditu bere gaziak; gaziak dira udazken guztian pasa ditugun penak, kideen puntuak, ulertu ez diren bertsoak, lagunak triste ikustea… Azkenean, dena da hain lagunartekoa, lehiak urradurak sortzen dituela.
Txapelketa eta gero, zer?
Betiko martxan jarraituko dugu, betiko saioetan. Horrez gain, halako ariketa hain exigente bat amaitzen duzunean gogoa ematen dizu lehertu eta guztiz desberdina den beste zerbait egiteko. Aurreikusten dut momentu ona izan daitekeela, edo gogoa izango dudala, beste ildo batzuetatik zerbait probatzeko, lehen egin ditudan tankerako emanaldiak, edo hain arautuak ez dauden gauzak egiteko gogoa izango dudala. Letren eta hitzen munduan jarraituko dut, eta, agian, orain arte egin gabeko gauzak egiten saiatuko naiz, ikusiko dugu.