EAJk aurrekontuen osoko zuzenketa aurkeztu du

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 16a, 00:00

Alderdi jeltzaleak azaldu duenez, 2023rako aurkeztutako proposamena «kontinuista da, eta zenbait ataletan nahasgarria».

Legegintzaldiko azken Udal aurrekontuen aurrean, Hernaniko EAJ-PNVk 2023ko aurrekontuen osoko zuzenketa aurkeztu du. Andoni Amonarraiz bozeramaileak adierazi duenez, «EH Bilduren gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontu proiektua kontinuista da, eta zenbait ataletan nahasgarria».

Kontinuista dela dio: «Gobernu-taldeko aholkulariekin jarraitzen dugu. 2023an 163.776 euro kostako zaizkigu. Legegintzaldi honetan bakarrik, 500.000 euro baino gehiago gastatu ditugu».

«Ez da planteatzen hondakinak biltzeko sistemari buruzko azterlan bat egiteko aukerarik, eta Atez Atekoarekin jarraitzen dugu eta 2 milioi kostatuko zaigu». 
Kaleak garbitzeko kontratua 190.000 euro haunditu da. «Bide-garbiketa Garbitaniaren eskura pasatzeak, zerbitzu okerragoa ekarri digu eta Hernani zikinago egon da; eta aurrekontua, gainera, %14,7 haunditu da».

«Berriz ere» ez omen dago auzoetako irisgarritasuna hobetzeko partidarik. «5 milioi eurotik gora geldirik ditugu duela urte batzuetatik. Udalaz gaindiko erakundeak diruz laguntzen jarraitzen da, hala nola Udalbiltza eta Hobeki. Gainera, aurten ere, udal-zergak igo egin dira. Berdin izan zaie Foru Funtsak aurreikusitakoa baino 1,25 milioi euro gehiagoko ekarpena egitea».

«Nahasgarria, arrazoi hauengatik»

«Tristea da kontu-hartzaileari txostenean irakurtzea kontzeptu horrengatik gutxieneko diru-sarrera batzuk aurreikusten direla dioenean».

Atentzioa eman dio EAJri 33 milioi eurotik gorako aurrekontutik inbertsioetara 702.000 euro bakarrik bideratzea (aurrekontuaren %2.1). «Harritu egin gaitu, halaber, aurrekontu-proiektu honen zatirik garrantzitsuenetako bat AMRko etxebizitzak eta Urumea/Milagrosako aparkalekua eta plaza martxan jartzea dela planteatzeak. Ez dugu euro bakar bat ere ikusi proiektu haundi horietarako».
Jendaurrean nabarmendu den beste atal bat adinekoen kolektiboari emango zaion babesa izan da. «Kolektibo horretako ordezkariekin bildu gara urteetan zehar, eta jakinarazi digute gobernu-taldeari egindako eskaera gehienak ez direla bete. Aurrekontu horretan ere ez dago hori egingo duen partidarik.
Deigarria iruditu zaigun beste kontu bat da Berdintasun Sailari eskainitako 633.600 euroetatik,  bakarrik 215.000 euro herritarrentzako jardueretarako erabiltzea».

Kirolei dagokienez, «ezin dugu alde batera utzi, alde batetik, kirol-instalazioetako inbertsioen atalean oro har planteatzen den murrizketa (135.000 eurotik 2022ko aurrekontuan 2023an 25.000 eurora igaro da), eta, bestetik, Landare eta Zubiperako 2 milioi euro bideratzea. Gainera, kiroldegiko makinen mantentze-lanen inguruan jaso ditugun salaketak ikusita, 2022ko partidari eusten zaiola ikusten dugu, eta ez dakigu dirua ez den nahikoa edo ez den erabili. Makina batzuk hondatuta daude».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!