«Bertsotan egin nahi nuke; horrek mugitzen nau, mugitu izan nau eta mugituko nau»

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 15a, 11:00

Aitor Mendiluze Durangoko finalaurrekoan. Argazkia: bertsozale.eus

Bertsotan egitea, horixe da Aitor Mendiluzeren asmoa. Seigarren finala izango du bertsolari andoaindarrak, eta eroso sentitzen ari da aurtengo txapelketan. Buruz burukora iritsi zen aurreko edizioan, baina ez dio bere buruari helburu zehatzik jartzen; mugarik ere ez. 

Finaleko beteranoa izatea egokitzen zaio Aitor Mendiluzeri. Zazpi aldiz hartu du parte Txapelketa Nagusian, eta seigarren aldiz sailkatu da finalera. Gustura dabil bertsotan, eta sentsazio onak izan ditu orain arteko saioetan. 

Zer moduz zaude? Zein da finaletik hain denbora gutxira duzun gorputzaldia?

Ondo nago, lasai xamar, eta sentsazio onekin. Txapelketa honetan, orokorrean, sentsazio onekin ari naiz, eta horren jarraipenarekin edo iraupenarekin nago. Urruti ikusten da finala, eta, era berean, gertuegi. Ez dago denbora haundirik ezertarako, baina zain egoteko denbora gehiegi da. Beraz, errutinari jarraika, laneko kontutan, eta ahalik eta normalen ibili nahian nabil. 

Azken finalaurrekoan hasi zen zure ibilbidea. Luzea izan zen itxaronaldia?

Indibidualki hartuta ez du hainbesteko garrantziarik, norberak jartzen du bere hasiera puntua eta bere tentsio puntua, bere daten arabera. Gertatzen dena da guk txapelketa ez dugula indibidualki bizi, taldean bizi dugu, eta taldekideak abesten hasten direnean norberak ardurak eta kezkak sentitzen ditu. Horrek bai egiten du txapelketa luze egitea, besteekiko bada ere, norbera tentsionatzen, kezkatzen eta ilusionatzen hasten delako hasieratik. Dena den, nahiko ongi dosifikatu dut energia, zaharra izateak ere lagunzten du, eta ez naiz emozionalki nekatuegia iritsi.

Lehenengo saioan puntu sorta handia eskuratu zenuen, zer moduz sentitu zinen Durangon?

Oso eroso sentitu nintzen. Oholtzara igo aurretik oso sentsazio politak izan nituen, talde giro ona zegoen, bereziki gustura egon nintzen taldean. Behin oholtzara igota, oso nire lekuan egon nintzen. Beste txapelketa batean seigarren aulkia egokitzeak buruhausterenbat eragingo zidan; oraingoan, aldiz, ez. Berdin zitzaidan norekin egin ariketa bakoitza, eta oso nire lekuan sentitu nintzen; oso nor, oso jabe. Inoiz baino jabeago oholtzan bete nezakeen lekuaren inguruan, eta ez bakarrik bertsotan, baita ere taldean, talderen zaintzan eta  zaintza jasotzen. Naizenaz eta dudanaz jabetuta irten nintzen oholtzara.

Sendo aritu zinen ariketa guztietan. Esperientziak laguntzen du pisu handiagoa hartzen ofizioetan? 

Hori, neurri batean, edonoren esku dago. Ofizio bat egin behar duen edonork egin dezakeen zerbait da, baina zailena ez da egitea, zailena ohartzea da. Hori esperientziak erakusten duen gauzetako bat da; irakurketa hori egiten eta gauzatzen. Behin argi duzunean saioa non kokatu nahi duzun eta zergatik kokatu nahi duzun hor, bestea zugana erakartzea ez da hain zaila, baduzulako kokapen bat. Baina ez da bakarrik bestea ekartzea, besteari bide bat markatzea ere bada. Alegia, ez nuke esango izan denik nire terrenora ekartzea, baina bai nik ikus nezakeen ibilbide batera bideratzea, beretzat eta niretzat. Sahiesteko ibilbiderik ikusten ez nuen beste bide batetik joatea. Hori egiteko esperientzia gradu bat da, noski. 

 

Badakit, oro har, maila ona ematen dudala bertso saioetan, baina hanka ere sartzen dut, beste edozeinek bezelaxe. Aspaldian gustura ari naiz bertsotan, eta horrek konfiantza ematen dit.

 

Lehen saioan hainbeste puntu eskuratuta, nola joan zinen Bilbora? Zein zen zure helburua?

Bilbora joan nintzen Durangora joan nintzen bezalaxe: saio on baten bila. Batik bat eskaintzera joan nintzen, entzuleei, kantukideei eta nire buruari. Egia da Durangon baneukala lehen saioa zenaren lasaitasun bat, banekien, dena ondo bidean, bigarren saio bat egongo zela; eta, aldi berean, banuen lehen saioa izatearen ardura. Bilbora ere baneraman ardura bat ondo egin nahiarena, baina, era berean, Durangoko puntuek lasaitasuna ematen zidaten. Bi finalaurrekoetako helburua izan da bertsotan saio on bat egin eta eskaini nezakeenaren isla izatea, bertsogintzan, nortasunean, zaintzan, jarreran eta transmisioan.

Seigarren finala duzu jarraian, urduri jartzen zara oraindik?

Urduritzen naiz, beste denak bezelaxe, eta uste dut urduritu behar dela. Beharbada ez naiz  izutzen, edo ez naiz korapilatzen horretan. Aurreko saioetan oholtzan urduri nengoen, baina ez nengoen tentsioan. Urduritasun positiboa zen, sentitzen ditut barruan kilima batzuk, eta sabelean beroa. Guzti hori bai, baina ez neukan beldurrik, ez neukan paniko edo sentsazio negatiborik. 

Bada nire bertsokerarekin lotutako zerbait, baina, era berean, nire momentuarekin eta nire jabetze horrekin lotutako zerbait da. Eszenatokian bete dezakedan edo bete dudan lekuaz jabeago izateak eramaten nau erosoago sentitzera. Uste dut inoiz baino kontzienteago naizela horretaz: zer leku dudan, zer nahi dudan, zergatik eta zertarako. Hori finkatuta izanik, errazagoa da urduritasuna positiboan hartzea, eta hortik abiatzea sormenera. Nire kasuan lotuta dago ibilbidearekin, eta baita, noski, lanketa iraunkor batekin. 

21 urte daramatzazu finaletan, 2001etik. Jende gaztea sartu da aurten, eta hiru emakumek abestuko dute. Aurtengoa da final guztietan anitzena? 

Adin eta belaunaldi artekotasun hori zalantzagarria da. Nik lehenengo finalean abestu nuenean Andoni Egaña eta han ziren, eta gu orain baino askoz ere gazteagoak ginen, bistan da. Bazegoen belaunaldi artekotasun bat. Ordukoarekin konparatuta, alde gehiago dago emakumeak egotearekin, baina ez dut uste, eta asko fokalizatzen ari da hortan, emakumeen kolorea bakarrik denik. Hiru emakume daude; bai, noski, eta nafar bat, oso gaztea dena, eta bi zahar, normalean bertsolari gehienak txapelketan izan direna baino zaharragoak.

Iruditzen zait argazkiak kolore asko dituela, eta bakoitzak aportatzen dituela bereak. Badirudi hiru berri sartu direnean koloretako argazki bihurtu dela, eta ez dut uste hala denik. Aurreko finalak anitzak izan dira zentzu askotan, jende askok ikusi nahi izan dituen baino zentzu gehiagotan. Ohituta geunden aniztasun batera, eta orain aniztasun desberdin bat da, baina ez dut uste orain anitza denik eta lehen ez. Beste argazki bat da, eta, zorionez, oso argazki polita. 

21 urte hauetan zer aldatu da finaletan? Eta zer ez da aldatu?

Aldatu da bertsolariok finala hartzeko modua, baina hori oso pertzepzio subjetiboa da. Ni lehenengo finalean ez nintzen ezertaz jabetzen, oso haundi harrapatzen zaitu denak, oso azpian eramaten zaituen zerbait da. Orain, aldiz, askoz ere jabeago naiz zer den eta zertara noan, nolakoa izango den aurreikusi dezaket. Bertsolariak zainduago edo integratuago egotearena ere bada pertzepzio subjetibo bat, baina neurri batean bai aldatu da talde sentsazio hori. Emaitzetan aldatu da txapelketa, diskurtsoetan eta bertsokeretan.

Aldatu ez dena da final bat final bat dela, lehen eta orain. Ez da gu joan eta bertsotan egitea bakarrik; hor daude gaien iraurketa, gaien atzean dagoena, bertsoak hartzen dituen dimentsio posibleak… Hori lehen ere bazegoen. Orain, beharbada, elementu diskurtsioboei dagokienez, askoz ere filtro desberdin gehiago daude. Lehen diskurtsoa homogeneoagoa izan zitekeen, uniformea ez, baina bai homogeneoagoa. Momentu honetan ez. 

Aldatu den beste gauzetako bat da publikoaren jarrera bertsoekiko, edo bertsotan esaten denarekiko. Filtro desberdin gehiago pasatzen ditu bertso bakoitzak, eta filtro bakoitzean geratzen da gauza bat edo bestea. Hori aldatu da, baina, era berean, jarraitzen dugu diskurtosak eraikitzen betiko eskema baten gainean. Hala ere, ez nuke esango kontraesan bat denik, egin daiteke betiko tokitik diskurtso berri bat, inongo arazorik gabe.

 

Eszenatokian bete dezakedan edo bete dudan lekuaz jabeago izateak eramaten nau erosoago sentitzera. Uste dut inoiz baino kontzienteago naizela horretaz: zer leku dudan, zer nahi dudan, zergatik eta zertarako.

 

Entzulea aipatu duzu. Sare sozialak ere iritsi dira bertso mundura, eta inoiz baino errazagoa da bertsolarien lana epaitzea. Nola daramazu? 

Sare sozialetan jartzen denak, dudarik gabe, eragina izan dezake, baina norberak uzten dion tokirainokoa da eragin hori. Nik ez daukat sare sozialik. Niri buruz hitz egingo da, beharbada, beste batzuei buruz hitz egiten den bezalaxe, baina ez zait interesatzen hor esaten dena. Oso jende gutxi etorri zait aurrez aurre zoriontzera edo bertso bat gustatu ez zaiola esatera, eta norbaitek kritikatu nahi banau, edo nire bertsoak kritikatu behar baditu, eskertuko nioke aurrez aurre egitea. Sare sozialetan edozer jarri eta niri esaten ez didanarengandik ez daukat ezer ateratzeko. 

Dena den, zenbait bertsolariren ahotan bai entzuten direla gai honi buruzko komentario batzuk: honek hau jarri du, harek bestea jarri du, edo kontuz gero jarriko duelako. Zer pentsa ematen du. Oholtzara igotzen bazara bihar norbaitek, askotan bere sinadurarik gabe, esango duen zerbaitek baldintzatuta, puf, horrek beste dimentsio bat hartzen du.  Bertsolaria ezin da gero esan dezaketenaren beldurrez igo, izatekotan, bere inkoherentzien beldur igo daiteke, hanka sartzeko beldurrez.

Nik pentsatzen dudanak beste norbaitek penstazen duenarekin talka egiten badu, eta etortzen bada esatera, akaso konbentzituko nau, eta penstatzeko modua aldatuko dut. Gainontzean, beste kritikak ez zaizkit interesatzen. 

Bertsotara itzulita, dadirudi Mendiluze ez dela sekula erortzen, beti goi mailan dagoela. Akatsak egiteko ere baimen gutxiago daukazu…

Jendeak ematen didan baimena jendearen arazoa da, ez nirea. Ulertzen dut jende askok positiboan esaten dituela halakoak, baina pentsatzen dut, eta txapelketa garaian bereziki, jendea oso mitomanoa dela. Gu finalistak izan ginen duela bost urte, eta denbora honetan gauza asko gertatu dira. Noski, estimatzen da, borondatetik den neurrian, baina ez dut uste horrek benetan definitzen gaituenik.

Ez naiz umiltasun faltsuetan hasiko, kontziente naiz maila on bat ematen dudala bertso saioetan, baina hanka ere sartzen dut, beste edozeinek bezelaxe. Bai esan nezake bertsotan gustura ari naizela aspaldian, eta horrek konfiantza ematen didala txapelketan ere, baina esatea ez dudala kale egiten eta beti oso maila altua ematen dudala ez dut uste erreala denik. Ni sokaren gainean jarriko naiz finalean, eta amaierara iristen saiatuko naiz, beste edozein bezala, arrisku eta borondate berarekin. 

Finaletik finalera aldatuko da, noski, ikuspegia. Zein da aurten duzun asmoa? Zerk motibatzen zaitu?

Bertsotan egin nahi nuke. Bertsotan egiteak mugitu izan nau, mugitzen nau eta mugituko nau. Ez daukat txapelketan postu jakin bat lortzeko asmo edo helbururik, ez dut inoiz eduki, ez dut uste ona litzatekeenik niretzat, eta ez dut horretan pentsatu ere egiten. Beste kide batzuei entzun izan diet: ni hau egiten saiatuko naiz, nik hau utzi nahi dut, ekarpen hau egin nahi dut... Bada, nik bertsotan egin nahi dut. Oholtzan eroso sentitu nahi nuke, sentsazio positiboekin jarraitu, bertsokideei ekarpena egin eta kideei gustura sentitzen lagundu. Zaharrena naizen aldetik ere badagokit taldea zaintzea. Gozatu egin nahi dut, nire posizionamendu, aukera eta ibilbideetan asmatuta. Horixe da nire helburua.  

Sokaren gainean jarriko zara berriro ere. Sokak jarraituko du hemendik lau urtera? 

Ez daukat pentsatuta, eta ez dut pentsatuko. Aurten ez joatekotan egon nintzen, baina eroso sentitzen ari naiz txapelketan. Ez naiz gai nire buruari esateko lau urte barru ez dudala hor egon nahiko. Badakit utzi izan duten kideetako batzuk agurra finalean irudikatu nahi izan dutela, eta jende guztiaren aurrean agurtu direla. Nik ez diot nire buruari hori opa, ez dut behar. Txapelketa uztea erabakitzen dudanean utzi egingo dut eta kito, ez dut halako agur apoteosikorik behar. Beraz, orain oraingoa egin eta hurrengoa datorrenean ikusiko dugu. 

 

Txapelketak gozotik dauka norberak planteatzen duen eboluzioa garrantzitsua dela norberarentzat, txapelketa horretan atera edo ez. Ondo egindako lana bada, gerora emango du beste fruitu bat.

 

Zer du txapelketak gozotik eta zer gazitik?

Gozotik asko dauka. Bertso plaza ikaragarri bat da: jendea, jendearen emana, baldintzak, oholtza, argiztapena… alderdi eder asko ditu. Gaiak ere alde aldekoak izaten dira, beti onak ez, baina alde aldekoak, eta baldintza oso onak izaten dira bertsotan egiteko. Gozotik dauka norberak txapelketa baterako planteatzen duen eboluzioa garrantzitsua dela norberarentzat, txapelketa horretan atera edo ez. Gerta daiteke norberak lan bat egitea, eta txapelketa horretan atreazteko gai ez izatea, baina lana hor dago, eta, ondo egindakoa bada, gerora emango du beste fruitu bat. Mugarri edo garapen gune bezala asko balio duela esango nuke. 

Garratzetik izan dezake edozein epaiketak duena, epaiarekin ados ez egotearena. Puntuaketa beti da erlatiboa, beti da subjetiboa, eta, gainera, beti da kakotx artean hartu beharreko zerbait.  Badakigu egun batetik bestera, bertso batetik bestera, puntuaketa ez dela erabat matematikoa eta zehatza izango. Era berean, denok jabetzen gara txapelketan beti daudela nabarmenak diren injustiziak; gu epaile jarrita berdin berdin gertatu zitezkeenak.  

Gainontzean, izan dezake norberaren momentuaren araberako garraztasun bat. Eboluzio batean baldinbagoaz, eta txapelketa batean puntu definitu batean bagaude, ondo. Baina harrapatzen bazaitu bi punturen arteko ibilbide horretan txapelketak kontraeskura harrapatzen zaitu. Kasu horietan oso zaila da adierazi nahiko zenukeena adieraztea, edota izan nahiko zenukeen bertsolaria izatea. Gainera, urteak itxaron behar dira aukera berri bat izateko. Garratzetik hori du, zaila baita epeak eta momentuak kudeatzea. 

Guzti hau esanda, uste dut gozotik normalean gehiago duela, edo izan beharko lukeela.

Txapelketa eta gero, zer?

Lanean jarraituko dut. Eguneroko lanean, zortzi orduko jardunean eta plazan. Saio batzuk baditugu, eta espero dut gehiago etortzea. Plazan ekarpenak egiteko gogoz nago, bertsotan aritzeko gogoz eta txapelketan egiten dudanaren, edo egiten ez dudanaren, hurrengo pausua eskaini nahian. Ez dut uste nire bizitza aldatuko denik, gertatzen dena gertatzen dela, eta ez nuke nahi aldatzerik. Izatekotan, mugarri bat gehiago izan dadila;  mugarri eder, dotore eta distiratsu bat,  baina ez bidearen amaiera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!