Egun erabakigarria, Oronarentzat: bihar bozkatuko dute Mondragonen segi ala ez

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 15a, 00:00
Galarretako Orona Ideo eraikinean egingo dute ezohiko batzar orokorra, bihar goizean.

Ezohiko batzar orokorra egingo dute, Galarretako Orona Ideo eraikinean; eta puntu bakarra landuko da 1.750 bazkideekin: Mondragon Taldetik ateratzeko aukerari buruz botoa ematea.

Aste erabakigarria da hau Orona kooperatiba hernaniarrarentzat. Urrian jarri zuen mahai gainean Mondragon Taldearekin daukan lotura aldatzeko aukera, eta etzirako jarri du hi­tzordua horren inguruan: ezohiko batzar orokorra egingo du Orona Ideo eraikinean, goizeko 11:00etan, 1.750 bazkideei deialdia eginda. Bertan bozkatuko dute Mondragon Taldeko kide izaten jarraitu ala ez, eta aztertuko dute Mondragonekin izan dezakeen harreman eredu berria.

Bazkideen %75a bertaratzen bada ezohiko batzarrera, gehiengo sinplea (botoen erdia gehi bat) beharko da, Mondragonetik ateratzeko proposamena onartu dadin. Aldiz, %75a baino gutxiago azalduko balitz batzarrera, botoen bi heren beharko lirateke.

 

Bere «burujabetza osoa» berreskuratzea, Orona Mondragon Taldetik ateratzearen helburua

Oronak adierazi du bere «burujabetza osoa» berreskuratzea dela Mondragon Taldetik ateratzearen helburua. Ekainean proposatu zion Oronak Mondragon Taldeari, Ulma kooperatiba oñatiarrarekin batera, taldearen egitura aldatu eta bi enpresek harekin daukaten harremana egokitzea, kooperatiba konbenitu izatera pasatzeko. Proposamena atzera bota zuen Mondragon Taldeak, eta urrian eman zuten pausoa Oronak eta Ulmak, Mondragonetik ateratzeko aukera bazkideen artean bozkatzeko.

Ordutik, zalaparta haundia sortu du gaiak. Mondragon Taldeak hainbat adierazpen egin ditu, bi enpresen jarrera salatzeko, eta horietako bazkideak animatzeko taldean jarraitzearen alde bozkatzera. Horren aurrean, Oronak hautatu du Mondragon Taldetik esandako «gezurrei» ez erantzutea, eta borroka horretan ez sartzea; baina gaitzetsi egin ditu Mondragonen «injerentziak» eta «presioa».

Hedabideen bitartez beharrean, etxe barruan landu du gaia Oronak, eta makina bat bilera informatibo egin ditu azkeneko asteotan, bi txandatan, langile eta bazkideei helarazteko Mondragonetik ateratzeko proposamenaren arrazoiak eta ondorioak.

Bazkideen %75 bertaratuta, gehiengo sinplea beharko du Oronak Mondragon Taldetik ateratzeko.

Oier Lizarazuk, Oronako presidenteak, azaldu du «lotura ezberdin bat» izan nahi dutela Mondragon Taldearekin, eta ekainean egin zuten proposamena «onuragarria» zela Mondragonentzat eta kooperatiba guztientzat. Zentzu horretan, dio Mondragon Taldean zerbitzu batzuk izatea beharrezkoa dela, baina kooperatiba bakoitzak «bere autonomia» izan behar duela, «proiektua garatzeko gaitasun gehiago izateko». Mondragonek proposamen hori atzera bota zuenez, «lotura ezberdin batetik» garatu beharko du bere proiektua Oronak, Lizarazuren hitzetan: «Jarraituko dugu kolaboratzen kooperatiben arloko entitate askorekin, eta saiatuko gara bide berri bat hasten, lotura ezberdin batekin». Bestalde, Oronako presidenteak adierazi du, ezin dutela «onartu» Orona insolidariotzat jotzea: «Datuak eskuragarri daude, eta ikusi daiteke zein modutan kooperatu duen Oronak historikoki». Eta zabaldu diren adierazpenen kontra, azaldu du Lagun Aroren parte izaten jarraituko duela Oronak, «betiko baldintza berdinetan».

Iñigo Ucínek, Mondragon Taldeko presidenteak, berriz, egunotan adierazi du gertatzen ari denaren «bertsio tuneatua» daukatela Oronako eta Ulmako bazkideek, eta «egiek angelu ezberdinak» dituztela. «Diote 2016tik zentralizazio gehiago izan dela Mondragonen, baina ez da horrela izan; interkooperazioan, solidaritatean eta negozioan zentratu gara. Interkooperazioak izugarrizko potentziala dauka, are gehiago gure enpresa haundiena ere, bere lehiakidea baino txikiagoa denean. Taldean egoteak ematen dizkizu gauza batzuk, kanpoan ezin eduki ditzakezunak», adierazi du Ucínek. Gainera, uste du «euskal kooperatibismo osoari kalte» egiten diola egoerak, baina ez dagoela «dekadentzian», eta ezta «oreka galduta» ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!