Lehenengo aldiz dastatuko du Nerea Ibarzabalek, Hernanin bizi den bertsolari markina-xemeindarrak, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak duen zaporea. Behetik gora eginda, Baionako finalaurrekoa irabazita sailkatu da Ibarzabal, eta gogotsu dago emozionatzen edo kezkatzen duten gauzei ahalik eta propioena izango den ahots batekin erantzuteko.
Lehenengo fasean hasi zen zure ibilbidea, zer sentsazio utzi dizu orain artekoak? Zein bertsoaldirekin geratzen zara?
Ez dakit zein ariketa aukeratuko nukeen, bertso asko joan dira Gotainetik Baionaraino. Baina, orokorrean, beti bakarkako ariketetan sentitzen naiz erosoen, edo, behintzat, hor sentitzen dut bertsoen norabideen eta gaien kontrol handiena. Bakarkakorenbat aukeratuko nuke agian, nahiz eta sentsazio aldetik bakarkako desberdinak izan diren, eta bizipenez nahiz sortze prozesuari dagokionez hiru saioetakoak oso ezberdin bizi izan ditudan. Zortziko txikia ere asko gustatzen zait.
Bigarren aldia duzu txapelketa nagusian. Asko aldatu da esperientzia lehenegotik aurtengora?
Bai, bigarren aldia da, eta esperientzia aldatu da lehenengotik. Lehenengo aldiek berezkoa duten zoriontasun eta inkonszientzia hori bat eta bakarra da. Bigarrenean banekien txapelketa luze joan zitekeela, une batzuetan gogorra izan zitekeela eta, nire buruan, udazkeneko gai bakarra izango zela. Zentzu horretan mentalizatuago nengoen horretarako, eta uste dut prestatzeko esperientzia aldatu dela, aurreko edizioan egin nuena berdindu nahi nuelako, edo, behintzat, finalaurrekoetako bigarren itzulira heldu nahi nuelako; txapelketa luzatzea zen nahia. Bigarren aldia espektatibatxo pertsonal horrekin hasi nuen.
Zer zenekarren ikasita aurreko ediziotik? Eta zer ikasgai eman dizu aurtengoak?
Lehenengotik ikasita nekarren foku mediatiko eta publiko oso haundi bat dela txapelketa. Lehenengora arte ez nintzen kontziente, jende pila bat egoten da hizketan honi buruz hilabete askotan zehar, eta hori 2017an shock moduko bat izan zen niretzat. Bigarrenerako banekien, eta sare sozialak desinstalatzen ibili nintzen, zurrunbilo horretatik pixka bat aldentzeko.
Bigarrenak erakutsi dit hiru hilabetetan emozio ezberdin asko egon daitezkeela bakoitzaren barruan, eta askotan ez dakizula egun bakoitzean zein agertuko den. Batzuetan aste bat beranduago agertzen da lehenago espero zenuen sentimendua. Emozioen kontrola erakutsi dit, hein batean, txapelketa honek. Jabetu naiz izaki konplexuak garela, eta denak eman dezakeela buelta; aukerarik ez daukazunean ere badituzula aukerak, eta aukerak daudela uste duzunean posible dela aukerarik ez egotea.
Ez daukat gai zehatzik buruan, gehiago da ni emozionatzen edo kezkatzen nauten gauzei ahalik eta nireena izango den ahots batekin erantzutea.
Lehen aldia duzu Euskal Herriko finalean, nola irudikatzen duzu eguna?
Ez dakit nola irudikatu. Publiko gisa ikusi dut beti, umetatik, eta publikotik beti iruditu zait egun hunkigarri, haundi eta gogoangarri bat bertsolaritzarentzat. Beraz, oholtzatik biziko dudanez, irudikatzen dut horrela bider 1000. Norbera oholtzan egonda ardura batetik ere irudikatzen dut, ez gozamenetik bakarrik, lanetik ere bai.
Zer da, zure ustez, garrantzitsuena halako egun batean?
Iruditzen zait ez dela ahaztu behar uneoro oholtzan zaudela. Momentu batzuetan posible delako emozioei uztea edo oharkabean pasatzea eguna. Kontziente izan behar da aldiro, altxaldi bakoitzero, bertsotan egin behar dela.
Aipatu duzu ez zarela sekula aritu hainbeste orduz bertsotan. Nola entrenatzen da hori?
Uste dut txapelketan parte hartu dugunok aspalditik ari garela entrenatzen, udatik ari garela entrenatzen, edo, behintzat, burua honetan dugula. Nik ez dut aparteko entrenamendu berezirik egingo finalera begira. Uste dut orain artekoak lagunduko didala, edo lagundu beharko didala, ez daukagulako denbora askorik aldatzeko. Saiatuko naiz entrenamenduren batean goizez ere kantatzen, goiz eta arratsaldeko saioa egiteko. Ez dut sekula hainbeste orduz jarraian kantatu, baina askotan izaten ditugu egunean bi bertso saio, larunbat goiz eta arratsalde, beraz, ez dut uste horrengandik oso urrun ibiliko denik. Askoz masiboagoa izango da, hori bai.
Ariketa asko daude finalean, batenbat egiteko gogo berezia duzu?
Orain arte egin ditugun ariketen antzerakoak dira, buruz burukora pasa ezean. Baina badaukat gogoa bakarkakoetan gai itxiagoei abesteko, ganbarakoak ez diren bakarkakoetan abesteko.
Jabetu naiz izaki konplexuak garela, eta denak eman dezakeela buelta; aukerarik ez daukazunean ere badituzula aukerak, eta aukerak daudela uste duzunean posible dela aukerarik ez egotea.
Aurtengo finalean bi aldaketa esanguratsuren parte zara: gaztea eta emakumea. Zer sorrarazten dizute aldaketa hauek?
Argazki horren parte izatea sekulako poza eta ohorea da niretzat, jakinda beste edozein ere izan zitekeela, bazeudelako gazte eta emakume asko. Maila pertsonalean, sekulakoa da niretzat. Finalean argazki hau ikusi ahal izateko azken urte mordo batean plazetan horrelako mila argazki ikusi behar izan ditugu; gazteen plazak, emakumeen parte hartze askoz ere handiago bat, ahots ezberdinak, diskurtso anitzagoak… Plazaren eboluzioari esker, eta bertsozalegoaren ardatzaren mugimendu bati esker, ikus daiteke orain izebergaren puntan ere aldaketa hau gauzatuta. Zentzu horretan txapelketarentzat historikoa da, baina plazako indarrak ahalbidetu du.
Aldaketez gain, zer moduzko zortzikoa ikusten duzu?
Uste dut oso polita geratu dela. Bertsokera oso ezberdinak ditugun bertsolariak gara. Ahots, norabide eta kantatzeko leku ezberdinak ditugun bertsolariak gara, eta belaunaldi aldetik ere bakoitzaren ordezkaritza bat dago. Horrek aberastu egingo du saioa, eta, beharbada, duela bost urte entzuten ez ziren bertsoak entzungo dira, aldaketa hauen ondorioz.
Zein gai edo zein ikuspuntu landu nahi dituzu Iruñean?
Beti daukagu tartetxo bat norbere ikuspuntua plazaratzeko, erabakimen gaitasuna dauka bertsolariak, baina, oro har, gaia ere suertatu egin behar da. Halako saio luzeetan hainbeste gai daudenez eta hainbeste arazo, poz edo gauzari abestu behar zaienez, saiatuko naiz beti nire identitatetik edo nagoen lekutik kantatzen; niri interesatzen zaizkidan ikuspuntuetatik. Ez daukat gai zehatzik buruan, gehiago da ni emozionatzen edo kezkatzen nauten gauzei ahalik eta nireena izango den ahots batekin erantzutea.
Dagoeneko badakizu zer den final batean parte hartu eta irabaztea, lagungarria da esperientzia hori bestelako final bati aurre egiteko?
Nik uste dut baietz. Dena dira tablak. Edozein bizipenek erakusten dizute zerbait; zure buruari buruz, jendeari buruz, egoerei buruz, nerbioei buruz… Bizkaiko finalak izan dira kantatu dudan lekurik jendetsuenak, eta han ikasi dut ordu luzez eusten tentsioari eta kontzentrazioari. Espero dut horrek ere lagunduko didala, nahiz eta argi dagoen saio bakoitzean egunak, lekuak eta bertsokideak desberdinak direla. Hasiberri baten ondoan jakintza horrek beti laguntzen du.
Plazaren eboluzioari esker, eta bertsozalegoaren ardatzaren mugimendu bati esker, ikus daiteke orain izebergaren puntan ere aldaketa hau gauzatuta.
Ez dakit Ponpeiak epika gosez jarraitzen duen ala ez, baina zein intentziorekin joango zara Iruñera?
Ni Iruñeara noa ondo pasatzera, lanera, gozatzera, olatu hori hartzera eta jendeari ondo pasaraztera. Jendeari egun eder bat oparitzera, niri dagokidan ardura zortziren hortatik. Egun gogoangarri bat izan dadin neure alea jartzera.
Zer du txapeketak gozotik eta zer gazitik?
Txapelketak gozotik eta gazitik du dena. Hasteko, lehia dauka. Gure plazak ez dira lehiadunak, bertsokideok elkarren lagunak gara, eta bestelako espazio batzuk konpartitzen ditugu lasaiagoak eta errazagoak direnak. Bapatean, lehia testuinguru batean jartzen garenean, gazitik daukazu zeure mina eta bestearen poza, eta bestearen mina eta norbere poza uztartu beharra; batzuk aurrera, besteak behera, baten akatsa, bestearen mina, bestearen ilusioa… Ilusio horiek elkarrekin kudeatzea ez da erraza.
Gozotik dauka momentu batean milaka pertsona elkartu ditugula, Euskal Herriko txoko desberdinetan, euskarazko kantu inprobisatuaren inguruan. Hori lorpen bat da, eta hori da izena ematera bultzatzen zaituen indar bat. Ez bakarrik gogo indibiduala, baita kolektiboa ere. Alde gazia da pertsonalki pasatzen dizula faktura, nekean, loan edota prestaketa gogorrean, eta gero emaitza inoiz ez dela ziurra. Baina, hala ere, urterik urte hor ari bagara, zerbaitengatik da. Ni, pertsonalki, asko hunkitzen naiz ilusio kolektiboarekin, eta, momentuz, prest nago hortik pasatzeko.
Txapelketa eta gero, zer?
Lo (Barreak). Txapelketa eta gero saio asko etortzen dira: finalisten saioak, gabonak… Beste modu bateko exigentzia da, beste modu bateko bertsolaritza eta publikoa, eta horretarako gogoz nago, nahiz eta hurrengo urtean berriro Bizkaiko txapelketa datorren. Tarte gutxirako izango da lasaitasuna, baina ohituta gaude.