Mendeurrena bete duten bi emakume hernaniar omenduko ditu, gaur, Udalak

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 14a, 00:00

Juanita Azpiolea goizeko 11:00etan omenduko dute, bere etxean. 12:00etan, ostera, Emilia Santanaren txanda izango da, Hernaniko egoitzan.

Bi emakume hernaniarrek 100 urte bete dituzte, eta horrexegatik, Hernaniko Udalaren eskutik omenaldia jasoko dute, gaur. Juanita Azpiolea Otegi izango da aurrenekoa omenaldia jasotzen. Udalak, Juanitaren bizipenak kontatu ditu: «Hernanin jaio zen 1922ko azaroaren 27an. Ama goierritarra zuen eta aita 'Pittika' baserrikoa zen. Zazpi anai-arreba ziren; eta Juanita, bosgarren zen. Haurtzaroa Jauregiko auzo eskolan eta baserriko inguruetan igaro zuen, eta bizipen politak gordetzen ditu oroimenean. Txikitatik aritu zen baserriko jardunean eta gorputzak aukera eman dion arte baserrian lan egin du. Gaztea zela, senarra ezagutu zuen eta hiru alabako familia osatu zuten. Oso gazte alargundu zen, baina bere lana aurrera ateratzen jarraitu zuen. Baserrian lan asko egin arren, tarteka josteko lanak egiteko denbora ere hartzen zuen. Zaletasunen artean pilota partidak ikustea nabarmentzen da. Orain ere oso gustuko ditu. Horrekin batera, nahiz eta geldirik egotea kosta egiten zaion, oilategiaren ondoko mahaian eserita egoten da eguzkia hartzen eta bertatik pasatzen den jendeari begira. Bere urtebetetze egunean osasunaz ondo ez zegoela eta, omenaldia atzeratu da».

Juanita Azpioleaz gain, mendeurrena beteko duen bigarren hernaniarra Emilia Santana Arrospide da. 1922ko abenduaren 14an jaio zen, Hernanin. Emiliak berak umorez gogoratzen duela aitortu du Udalak: «nortasun agirian egin zuten akats baten ondorioz, urtebete gazteago balitz bezala jarri zutela». Inmakulada eskolan ikasi zuen sukaldatzen, josten eta alfonbrak egiten. Senarra Bianchi lantegian aritzen zen». 23 urterekin ezkondu zen Emilia, eta 8 seme-alaba izan zituen. Lan asko egin zuen familia aurrera ateratzeko eta anekdota gisa gogoratzen du familiako kide batek lortzen zizkiola haurrentzat garai hartako pardelak, gasak... Horrez gain, oroitzapen onak gordetzen ditu garai hartan bizilagunen artean zegoen harremanaz: «oso harreman sanoa geneukan».

78 urterekin alargundu zen Emilia, eta bere burua zaintzeko gai ez zela ikusi zuenean, adinekoen egoitza batera joatea erabaki zuen. Eskualdeko beste egoitza batzuetan egon ondoren, duela 22 hilabete Hernaniko egoitzara etorri zen. Egun seme-alaben eta bilobekin duen harremana asko estimatzen duela nabarmendu dio Emiliak, Udalari. 

Gaur goizeko 11:00etan egingo diote omenaldia Juanita Azpioleari, bere etxean. 12:00etan, Emilia Santanaren txanda izango da, Hernaniko egoitzan bertan. Udal ordezkariak, bata zein besteari lore sorta ematera eta zoriontzera bertaratuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!