«Aurreko finalean ez nintzen gustura geratu, eta arantzatxo hori kendu nahi dut Iruñean»

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 13a, 11:00

Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren finala izango da Beñat Gaztelumendirentzat. Orain dela bost urteko finalarekin ez zen gustura geratu, eta aurtengo aukera baliatu nahi du bere buruarekin dituen zorrak kitatzeko. Ausart aritzeko eta koska egiteko asmoarekin joango da Iruñera.

Ohikoetako bat bihurtzen ari da Beñat Gaztelumendi añorgarra Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaletan, nahiz eta bera ez den ukiezin sentitzen. Hirugarren finala izango du Gaztelumendik, aurrekoetan baino prestatuago sumatzen du bere burua, eta oholtzan ardurak hartzeko pronto dagoela adierazi du. Ariketaz ariketa, landu duena erakusteko gogoz dago. 

Hasi baino lehen, edo hasteko, zer moduz zaude? Zer gorputzaldi daukazu?

Ondo pasa dut udazkena. Egia da txapelketa sekulako zurrunbiloa dela, kanpotik jende pila bat dagoela begira, eta gu ere esposizio maila handian egoten garela, onerako eta txarrerako. Aurten nahiko ondo asmatu dut nire babeslekua sortzen. Finalerako bidea ere desberdina izan da, lehendabiziko saioarekin bereziki gustura geratu nintzen, Durangon, eta hor ikusi nuen nire esku egon zitekeela finalera pasatzea. Baionan egokitu zitzaidan horri eustea. 

Durangokoaren ondoren ez duzu zure burua guztiz barruan ikusten, baina bai hasten zarela kokatzen, eta poz handi bat hartzen duzu finalera pasata. Hala ere, poz hori izan da asteetan zehar poliki poliki etorri dena, ez da izan azkeneko astean dena jokoan duzula iritsitakoa. Denbora eduki dut asimilatzeko eta lasai nago. 

Irailaren 24an hasi zen txapelketa, eta zuk azaroaren 12an abestu zenuen lehenengo aldiz. Zer moduz joan da itxaronaldia? 

Niretzat txapelketa hau orain dela 5 urteko finalean hasi zen, ez nintzelako gustura geratu egindako lanarekin. Ez nuen lortu arrastoa uzterik, eta itzalita aritu nintzen; ez nuen asmatu jarreraz eta kokapenez. Txapelketako zozketa apirilean edo maiatzean egin genuen, eta benetako txapelketa hor hasten dela esan daiteke. Zozketara iritsi nintzen nire buruarekin zor eta gogo batekin: nahi nuen txapelketa ona egin, finalean egon, final on bat egin, eta arantza atera. 

Irailaren 24ko asteburu horretan ez nintzen saioetara joan, nahiago nuen hasiera hori xuabe xamarra izatea. Azkenean nire saioa iristeko aste asko falta ziren, eta komeni da deskantsatuta iristea. Itxaronaldi horretan sentimenduak aldatzen joaten dira: tarteka sentitzen duzu kantatzeko gogoa, bestetan denak zu baino hobeak direla, edota gaiak entzun eta ez zaizula biderik etorriko. Egoera mental guztiak pasatzen dira lehenengo saiora arte. 

Durangoko saioa izan zenuen lehenengoa, bigarren egin zenuen, bertan gustura? 

Deskantsatuta eta fresko iritsi nintzen. Udazkenean ez ditut saio asko izan, eta aukera izan dut txapelketan zentratzeko. Durangora oso urduri iritsi nintzen. Gure kasuan, Gipuzkoako Txapelketa izan zen pandemiaren aurretik egin zen azkenekoa, eta beste herrialde guztietan pandemia garaian edo ondoren egin dira txapelketak. Inkognita handi batekin joan nintzen, denbora neramalako hainbeste jenderen aurrean kantatu gabe. Gainera, lehenengo saioak beti sortzen du kezka hori. Fresko bezain urduri iritsi nintzen.  

Seiko motzean bereziki distiratsu aritu zinen, Mendiluzerekin. Finaleko hautagaitza aurkeztu zenuten Durangon.

Kanpotik, agian, hala ikus liteke. Zortziko handian Saiorekin hasi nintzen, oraindik urduri nengoen eta kosta zitzaidan ariketa aurrera ateratzea. Zortziko txikian lasaiago nengoen; ez distiratsu, baina ondo. Ondoren, puntuka Juliorekin eta seiko motzean Aitorrekin oso gustura aritu nintzen. Ez dakit ariketa horretan kolpea jo genuen ala ez, baina nik banuen gogoa arrasto bat uzteko, eta ariketa horretan sentitu nuen utzi nuela, jendearekin konektatu nuela. 

Saio horretan puntuazio oso altua aterata, lasai joan zinen Baionara?

Zaila da hori gestionatzea. Inoiz ez nintzen halako puntuaziora  iritsi finalaurreko batean, eta sentitzen duzu pauso bat baino gehixeago eman duzula finalera, baina erdi hori oraindik eman beharra dagoela. Abantaila hori baduzu, baina, aldi berean, ardura ere bai; erabat zure esku dagoelako. Testuinguru horrekin, finalera begira nengoen, baina Baionako saioa tartean zegoen, eta uste dut ez nuela asmatu ondo kudeatzen. Baionara ez nintzen iritsi nahi nuen moduan, kontserbadoreago iritsi nintzen, distira gutxiagorekin. 

 

Garai batean pentsatzen zen txapelketan gertatzen zirela aldaketak, eta gerora islatzen zirela plazan. Orain uste dut alderantziz gertatzen dela, plazan gertatzen dira aldaketak, eta kostatzen da aldaketa horiek txapelketan ikusten.

 

Saioan zehar non nabaritu zenuen distira falta hori?

Durangon ideiak erraz okurritzen zitzaizkidan. Baionan, aldiz, erosoago nengoen ideiak josten. Batzuetan saioa izaten da gaiari beste bide bat aurkitzea, eta Baionan ez nengoen gorputzaldi horretan, beste sentsazio batzuk izan nituen. Gehiago kontrolatzea tokatzen zela ikusten nuen, beste batzuk urduriago zeuden saio hartan; horregatik, tokatzen zen saioa bera babestea. Durangora banaka joan ginen, eta gero batuketa horretan taldeak ere funtzionatu zuen. Baionan, akaso, Sustrai eta nire lana izan zen taldea babestea, eta indarra horretan jarri genuen, bakoitzak egin zezakeena egiten beharrean. Gustura geratu nintzen, lan horiek ere egin behar direlako, baina pena ere badut pauso bat gehiago eman ez nuelako. 

Emandako pausoa nahikoa izan zen finalean sartzeko. Hirugarrena duzu jarraian, eta badirudi Beñat Gaztelumendi ohikoetako bat dela. Zer deritzozu?  

Kanpotik hori entzun dut, baina nik ez dut hala sentitzen. Finaletan ukiezinak diren horiek nik baino bizpahiru final gehiago dituzte. Alde horretatik ez naiz sentitzen hain ukiezin, eta kanpotik ikusten denaren eta nik sentitzen dudanaren artean diferentzia dago. Aurten duda handia nuen, ez nekien nola iritsiko nintzen txapelketara; bertsolaritza asko aldatu da, jende berria, diskurtso berriak… Saioetan kokatzeko eta gaien aurrean kokatzeko modu diferente pila bat daude. Hirugarrenez finalean sartuta oso gustura nago, eta, seguraski, aurten iritsi naiz ondoen prestatuta. 

Aurten, hirugarren finala izanik, badaukazu helburu zehatzagorik? 

Normalean, niri buruz hitz egiten dutenean, diotena da erregularra naizela eta bakarka asmatzen dudala. Azken urteetan egin dudan lanketa da pentsatzea edozein ariketatan jo dezakezula goia, eta edozein ariketatan huts egin dezakezula. Hasiera batean, ez dago ariketarik bereziki ona edo txarra zarenik, beti dago aukera, eta beti saiatu behar da dena ematen. Uste dut Durangon hori nabaritu zela; esaterako, jende askok ez zuen pentsatzen puntuka ariketa ona egingo nuenik, eta, kontrara, ganbaran ez nintzen hain gustura geratu.

Finalean ariketa bakoitza aukera modura hartu nahi dut, eta denetan arriskuak hartu. Saiatu nahi dut gauzak esaten, beste ikuspegi bat ematen, elementu berriak sartzen… Hori egitera noa, eta ez hainbeste postu baten bila. 

Arriskuak hartzeak arriskuak dauzka. Prestatuago sentitzen zara horiek hartzeko?  

Baliabide gehiago ditut aurten orain dela bost urte neuzkanak baino. Arriskuena zaila da; bapatean ari zarenean arriskua dena da, eta oso zaila da arriskua definitzea. Sentitzen dut aurreko finalean egitera ausartu ez nintzen gauzak egiteko jarrera dudala, edozein gairi txinparta ateratzeko edo hitz jokoak bilatzeko. Txapelketaren genero honetan badaude gauza batzuk orain arte egin ez ditudanak, eta aurten egin nahiko nituzkeenak. 

 

Zer ikasi zenuen 2013tik 2017ra? Eta zer 2017tik 2022ra? 

2013an iritsi nintzen finalista berri gisa, eta finalera gozatzera joan nintzen. Ez nuen helburutzat bertsotan izugarri egitea. Ez dakizu bizitzan berriro noiz iritsiko zaren, edo iritsiko zaren, horregatik nahi nuen dena bizi. Bezperatik ematen digute aukera lotara joateko, eta argi nuen bizi nahi nuela bizitzako egun handi baten modura. Une guztiekin gogoratzen naiz, zein zen egoera, zein neukan ondoan… eta gozatu egin nuen. Buruz burukoa atzetik entzutea ere sekulako luxua izan zen.  

2017an ardura handiagoa sentitzen nuen, eta esango nuke ez nuela asmatu. Asko landu nuen bertsoen alde teknikoa: errimak, joskerak… Baina ez hainbeste finalean nola kokatu nahi nuen. Finalista gazteena nintzen, baina ez nintzen hain gaztea. Testuinguru horretan, plazan era batera kantatzera ohituta nengoen, eta finalak eraman ninduen beste leku batera. Aurten niretzat gauzak asko aldatu dira, ikasi dut saioetan ardurak hartzen, ofizioak eramaten, eta hori erakustera joango naiz. 

Hain garrantzitsua da oholtzan kokatzen jakitea?

Jarrera da garrantzitsua. Hortzak zorroztuta joatea, eta ariketa bakoitza borrokatzea. Parte teknikoa, azkenean, finalera iritsi den guztiak dauka, eta oso zaila da postu bat aurreratzea teknika hobea daukazulako. 

 

Azken urteetan egin dudan lanketa da pentsatzea edozein ariketatan jo dezakezula goia, eta edozein ariketatan huts egin dezakezula. Hasiera batean, ez dago ariketarik bereziki ona edo txarra zarenik, beti dago aukera, eta beti saiatu behar da dena ematen.

 

Finaleko argazkia guztiz bestelakoa izango da aurten. Zer sentitzen duzu zuk?

Poz handia. Pribilegioa ere bada. Garai batean pentsatzen zen txapelketan gertatzen zirela aldaketak, eta gerora islatzen zirela plazan. Orain uste dut alderantziz gertatzen dela, plazan gertatzen dira aldaketak, eta kostatzen da aldaketa horiek txapelketan ikusten. 2017an hori gertatu zen, plazan ardura handiagoarekin ari ziren bertsolari batzuk, eta finaleko argazkia bestelakoa izan zen. Aurten gertuago daude plaza eta finala. 

Aldaketa hau oholtza gainetik bizitzea jende gutxiren esku dagoen zerbait da, eta oso pozik nago. Nire kasuan, gazteena izatetik pasa naiz zentroan egotera. Hiru daude ni baino gazteagoak, erdi parean nago, eta harreman pertsonal handia dudan bertsolariak sartu dira. Poza ematen dit egun hori jende horrekin konpartitzeak, lehen ere poza ematen zidan hainbeste ezagutzen ez nituenekin abesteak, eta esperientzia hori betiko geratzen da, baina gertuko jendearekin elkarbanatu ahal izateak beste zerbait dauka. 

Zu ere oso gazte sartu zinen finalera 2013an, zein aholku emango zenieke orain sartu diren horiei?

Uste dut oso diferentea dela nola iritsi nintzen ni eta nola iritsi diren haiek. Nik finalera iristea lortu nuen, eta horrekin konformatu nintzen. Final ona egitera joan nintzen, noski, baina helburua beteta nuen eta gozatzeko eguna izan zen. Iruditzen zait aurten finala parekatuago dagoela. 2013an nik ez nuen aukera erreal bezala ikusten ni buruz burukora iristea, baina aurtengoan hori ere irekita ikusten dut. Finalista berri bat sartu daiteke buruz burukora, edo txapelaren borrokan ibili, eta alderantziz, azkena ere geratu daiteke. Oso irekia dago finala, eta esango nieke hortzak zorroztuta joateko.

Zortzikoa nola ikusten duzu?

Oso talde naturala gelditu da, edozein saiotan topatzen den talde bat. Uste dut bertsokera oso diferenteak daudela finalean bertan. Belaunaldiei dagokienez ere, aurreko finalak bai zentratu dira belaunaldi zehatzago batean, eta aurten belaunaldi diferente gehiago daude, Maialen eta Aitor, Amets eta Sustrai, Alaia eta biok, Nerea eta Joanes… Badira hiruzpalau belaunaldi, eta, alde hortatik, ikusteko ere final polita izango da. Beteranoekin abestea luxu bat da, aldiro ikasten delako zerbait. Maialen 1997tik dago finalean; 25 urte dira. Aitor eta Sustrai 2001etik. Bertsolaritzaren 20 urteko historia dago izen horien atzean, eta izugarria da haiekin abestea. 

Zuk gertuago daukazu final handi bateko sentsazioa, 2019an irabazi egin zenuen Gipuzkoakoa. Lagungarria da? 

Ez dakit. Niretzat bi mundu desberdin dira Gipuzkoakoa eta Euskal Herrikoa. Nik Durangoko saioaren ondoren jasotako zorion mezuak ez nituen jaso Gipuzkoako txapela irabazi nuenean. Ikusmin handiagoa sortzen du, eta hori gestionatzea ezberdina izaten da. Txapelketa Nagusian mugitzen den publikoa, bertsolariak eta gaitegia aldatu egiten dira, eta ez dakit zenbateraino balio duen bateko esperientziak besterako. 

Gipuzkoako txapela janzteak esan nahi du tentsio egoerak kudeatzeko gai zarela, baina txapelketa bakoitzak harrapatzen zaitu une zehatz batean, eta bat irabazteak ez du esan nahi uneoro ongi erantzungo duzunik. Finaletan aritzeak laguntzen du, batez ere, aurreko egunetan gorputzari neurria hartzeko. 

Ohitu liteke bertsolari bat 13.000 pertsonaren aurrean abestera?

Hasierak ematen du bertigo handia. Ez dakit aurten nola izango den, baina BECen pasillo luze batetik sartu izan gara beti, eta ez dut uste inor prest dagoenik horretarako. Oholtzara iristen zara erdi kolokan edo emozioek gaina hartuta. Hori onartu behar da, eta hala izango da berriz ere, hori ezin da ondo kudeatu. Baina, hortik aurrera, bertsotan egitera joaten gara, eta nahiz eta 13.000 lagun eduki aurrean, momentu batetik aurrera bertsoak hartzen du erdigunea. Eserita zaudenean bai konturatzen zarela handitasunaz, baina kantari ari zaren momentuan ahaztu egiten zara horrekin guztiarekin. 

 

Gipuzkoako txapela janzteak esan nahi du tentsio egoerak kudeatzeko gai zarela, baina txapelketa bakoitzak harrapatzen zaitu une zehatz batean, eta bat irabazteak ez du esan nahi uneoro ongi erantzungo duzunik.

 

Esaldi labur batean, zein asmorekin doa Beñat Gaztelumendi Iruñera?

Koska egitera noa. 

Zer dauka txapelketak gozotik eta zer dauka gazitik?

Mugimendu gisa sortzen duen astinaldi hori oso gozoa da. Datorren urtean bertso eskoletan jende askok emango du izena eta  saio asko antolaturiko dira. Positiboa da txapelketaren atzean zenbat bertsolari talde sortzen diren txapelketa prestatzeko, elkar babesteko, edo astez aste bildu eta bertsotan aritzeko. Uste dut hori oso polita dela. Urtaro bakarrean bakoitzak zenbat aurreratzen duen ikustea ere ederra da. 

Garratzetik duena da esposizioak berak dakarrena. Zaila da kudeatzeko, ez daukagu babesik, sare sozialetan edozer esan daiteke, bapateko jardun batean gabiltza, eta ia biluzik irteten gara oholtzara. Garratzetik hori dauka, eskaparatean geratzen garela. 

Baina alde positiboak irabazten dio besteari. 

Finala eta gero, zer?

Abendu bukaeran oporrak hartuko ditut, eta urtarriletik aurrera ikusiko dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!