Txapelketa barrutik bizitzea egokitu zaio Oier Iurramendi hernaniarrari. Bertsozale Elkarteko sustapen eragilea da, eta Txapelketa Nagusiko koordinatzaile lanetan aritu da. Dena puntuan dute igandeko egun handirako, baina lan ugari egin behar izan dute aurretik. Orain artekoarekin pozik agertu da Iurramendi, eta Iruñean guztia borobiltzeko gogotsu dago.
Pixkanaka iristen ari da txapelketa bukaerara, gogoa duzu amaitzeko?
Uste dut eskertuko dudala bukatzea, denbora asko goazelako txapelketa antolatzen. Hala ere, bi aldeak dauzka; gustua ere hartzen diozu, azkeneko hiru hilabeteetan ez dugu beste ezer eduki buruan, eta pentsatu izan dut hau bukatzen denean ea zer egingo dugun asteburutan. Bukatzeko gogoak hor daude, baina orain artekoarekin oso gustura nago. Beraz, bai eta ez. Hortxe utziko dugu.
Irailaren 24an hasi zen bertsolarien ibilbidea, Getxon. Zuretzat noiz hasi zen txapelketa?
Puf, ba pentsatu txapelketa hau berez BTN21 izatekoa zela. Pandemiaren ondorioz urtebete atzeratu behar izan genuen, eta erabaki hori hartzerako lan batzuk aurreratuak geneuzkan. Txapelketa prestatzen orain dela bi urte hasiko ginen, saioak egiteko herri asko lotuta zeuden, eta lehenengo pauso eta oinarriak finkatuta. Ekainaren 23an aurkeztu genuen, Bilbon, eta hortik aurrera ezagutzen du txapelketaren ibilbidea jendeak, baina elkarteak, bi urte lehenago, gutxienez.
Zeintzuk dira herriak aukeratzeko irizpideak?
Galdera dezente egiten dira gai honi buruz, eta erantzuna ez da hain erromantikoa. Herrialde bakoitzeko elkartearekin adostuta egiten da aukeraketa. Kontutan hartzen da, batez ere, herrialdeetako txapelketetan non egin diren saioak, ez gehiegi errepikatzeko. Elkartearen helburua Euskal Herri osoan eragitea da. Horrez gain, muga nagusi bat dago: azpiegiturak. Txapelketaren fase bakoitzean eremu egokiak bilatu behar dira; adibidez, lehenengo fasea aretoetan egitea hautatu genuen, eta hori egin ahal izateko areto egokiak topatu behar dira, aforo zehatz batekin, bertsolarientzat erosoak direnak, ganbara egitea ahalbidetzen dutenak… Horrek, noski, mugatzen du herrien aukeraketa. Eremuei ere erreparatzen zaie, herri eta inguru zehatzetako bertso mugimenduei indarra emateko.
«Finalaren kokalekua Nafarroa Arenara aldatzea izan da aurtengo erronketako bat. Antolakuntza eta ekoizpen lan ikaragarria eman digu mugimenduak, baina aldaketarekin seguru eta pozik gaude»
Erromantizismoa eta praktikotasuna uztartzen dituzue…
Bai, hori da (Barreak). Logika ere bada. Urte askotan errepikatu diren eremuei deskantsatzeko tartea eman, eta eremu berrietara iristeko.
Pieza berri asko izan ditu aurtengo talde antolatzaileak?
Taldea zentzu askotan berritu da. Nire kasuan lehenengo urtea da antolatzaile gisa, eta badira batzuk nire egoeran daudenak. Aurtengo taldean nahastu gara esperientzia dutenak, lauzpabost txapelketa egin dituztenak, eta berriagoak. Esan dezakegu transmisio urtea izan dela. Bestetik, egitura ere berritu dugu txapelketa prestatzeko; azpitalde berri bat gehitu dugu, bertsogintza taldea, eta horrekin garrantzia eman nahi izan diogu oholtza gainean gertatzen denari, parte artistikoari.
Lehenago talde berak eramaten zuen azpiegituren eta zati artistikoaren ardura, eta gabeziak antzeman genituen atal batzuetan. Horregatik, oholtza gaineko atalari eman nahi izan diogu behar zuen protagonismoa. Aldaketa hauek kontuan hartuta, orain arteko balorazioa oso ona da, azkenean, talde oso batek dedikazio totala eskaini diolako bertsolari, epaile, gai-jartzaile eta ekitaldiaren zaintzari.
Proposamen berritzaileekin hasi zineten segituan, kartzelatik ganbarara pasata. Azalpenak ere eman behar izan zenituen…
Bai, (Barreak) harrigarria izan zen, eh! Aldatu duguna izena izan da, ez egitura, ez izaera, ariketa bera ere ez dugu ukitu. Harrabotsa sortu zuen bertso munduan, eta horrek erakusten du gauzak aldatzeko batzuetan nolako zailtasunak dauden. Egia da aldaketak berak ez zuela eragin handirik, arrazoiak ere ez ziren beste mundukoak, iruditzen zitzaigun kartzela adierak ez zuela ordezkatzen ariketa edo gune hori, eta ez zitzaigun, egungo ikuspegitik, izen egokiena iruditzen. Beraz, aldatzeko hautua egin genuen, eta, proposatutako izenen artean, ganbara iruditu zitzaigun aproposena. Aldaketa guztiek sor dezakete zalantza, egongo da jendea aldatuko ez duena, baina tira, ez diogu aparteko garrantzirik eman.
Aldaketa garrantzitsu bat, garrantzitsuena, finalaren agertokiaren aldaketa izan da.
Iruñera mugitzeko erabakia aspaldi hartu zen. Bertsozale Elkarteak argi dauka txapelketarekin Euskal Herri osoan zehar eragin nahi duela. Finalaren muga handiena, zalantzarik gabe, azpiegiturarena da. Tamalez, Euskal Herrian ez dauzkagu azpiegitura gehiago halako baldintzak betetzen dituztenak. Gustora gaude erabakiak eman duenarekin, orain ikusiko dugu finalak berak zer ematen duen, baina hori izan da txapelketa honetako erronketako bat. Halako ekitaldi handi bat lekuz aldatzeak ekoizpen lan ikaragarria ematen duelako: leku berria, baldintza berriak, arau administratibo berriak… Lan handia da, baina aldaketarekin seguru eta pozik gaude.
Noiz hasi zen zuretzat finala? Igandean zein izango da zure egitekoa?
Bilboko azken finalaurrekoa pasata, bete betean hasi zen niretzat finala. Txapelketa honetan koordinatzailearen ardura eduki dut, eta, askotan, gehiago da pieza guztiek ondo funtzionatzea ezer praktikoa egitea baino. Txapelketan jende ugarik egiten dugu lan, ardura eta funtzio pila bat daude, eta ezinezkoa da hori pertsona batek edo gutxi batzuek egitea. Aurtengoan gehiago izan da pieza guztiek ondo funtziona dezaten egitea, ezer konkretua egitea baino. Finalari lotuta, nire ardura oholtza gainean gertatzen dena zaintzea da, pieza asko mugitzen dira horren baitan: ordutegiak, bukaera orduak, bazkariaren ordutegia… Domino handi bat da finala, eta guztia espero den moduan joan ahal izateko kontrola eraman behar da.
«Pisu eta ardura handia da 13.000 lagun inguru elkartuko dituen ekitaldi bat antolatzea. Ustez, ongi egin ditugu etxekolanak, eta guztiok izango dugu bertsolaritzaz gozatzeko aukera»
Ariketei dagokienez, zeharo ezberdinak izango dira goiza eta arratsaldea. Nola prestatzen da finala?
Ariketen aukeraketa duela urte bat egin genuen, baita ariketa bakoitzak zer traza edo kolore edukiko duen ere. Badakigu ariketa batzuk umorearekin lotzen direla, besteak, aldiz, dramarekin. Beraz, talde bat sortu zen atal hori lantzeko, aukeratu ziren egin beharreko ariketa guztiak, eta bakoitzaren oinarria edo irizpidea edo traza. Erabakiak hartzen direnean ezin da jakin zein den emango duen emaitza, orduan, egiten dira moldaketak gauza batzuen bila, baina beti ez dira nahi bezala ateratzen, edo nonbait arrisku bat ikusi eta gero praktikan ez da gertatzen.
Finalerdietako bigarren itzuliak, adibidez, berezitasun gisa izan du 10eko txikian hastearena, eta bazen gure beldurretako bat, orain arte neurri handian hasi izan delako txapelketa. Iruditzen zitzaigun 10eko txikia bazela plazan asko erabiltzen den ariketa, eta moldaketa polita iruditu zitzaigun. Egia da ekarri duela umorearen atala atzeratzea, baina tira, alde ona ikusi dionik ere bada, eta esango nuke, orokorrean, gustura gaudela emaitzarekin.
Ariketa bat kendu izanak ere ekarri du saioak 20 minutu laburragoak izatea, eta hori eskertu duen bertsozalerik ere bada (Barreak).
Txapelketa hasi aurretik aipatzen zen gazteak iristear zeudela, eta iritsi dira.
Bai, eta eskerrak iritsi diren, bestela ez litzateke panorama txukuna izango. Dena den, aurten ideia hori asko komentatu den arren, ez da bereziki txapelketa gaztea izan. Aurreko edizioetan gertatu dena da oso bertsolari multzo murritza egon dela finaletik gertu, eta ez dela aldaketa handirik eman azkeneko finaletan. Aurten bi bertsolarik txapelketa utzi izanak ahalbidetzen zuen zortzitik bi izen, behintzat, berriak izango zirela, eta aldaketa emango zela. Gerora hiru izan dira, eta, sartu diren hiru horiek gazteak dira, nahiz eta ibilbide oparoa duten plazan. Gure kezketako bat hori zen, baina, zorionez, ari da plazan eman den aldaketa hori txapelketan ikusten eta eragiten.
Aurten, gainera, hiru emakumek abestuko dute finalean.
Bai, historikoa da, zalantzarik gabe. Azkenekoetan bakarra egon da, aurten hiru egongo dira, eta oso berri ona da. Bestelako argazki bat utziko du finalak zentzu horretan.
Antolatzaileentzat nolako pisua da 13.000 pertsona inguru bilduko dituen ekitaldi bat prestatzea?
Pisu eta ardura handia da. 13.000 lagun inguru elkartuko gara fisikoki han, eta telebistaz jarraitzen dutenen kopurua ere izugarria da. Hainbesteko irismena duen ekitaldi batek ardura handia sortzen du. Dena ondo ateratzea nahi dugu egun horretan, eta dena ondo atera nahi horrek sortzen du presioa, baina gehiago da ondo egin nahietik, beste ezertatik baino. Guk daukagun entzule motak ere asko errazten ditu gauzak, bertsozaleak oso ondo portatzen dira saio guztietan. Jende asko da, baina ekitaldian, normalean, ez dugu inongo arazorik izaten.
Ustez, etxekolanak ongi egin ditugu, eta uste dugu emaitza ona izango dela. Guztiok izango dugu gozatzeko aukera.
«Erredurak sortzea ez da seinale txarra. Beti dago zer hobetua, horregatik txapelketa guztien bukaeran egin behar da gogoeta prozesu bat, ikusteko zer den eman duena, eta, batez ere, zer ez duen utzi ematen»
Irakurketa orokorrak egiteko goiz xamar da, baina zein da orain artekoaz egiten duzun balorazioa?
Gure helburu nagusia da antolatzea bertsolaritza ulertzeko modu guztiek berdintasunezko lekua izango duten txapelketa bat, hori da daukagun oinarria. Txapelketak baditu osagai batzuk guk bilatzen ditugun ideiak betetzea mugatzen dutenak; lehia, esaterako. Bertso ekosistemako atal bat gehiago dela ulertzen dugu, alde on eta txarrekin, eta saiatzen gara onak nabarmentzen eta txarrak leuntzen. Uste dut aurten ikusi ditugula ahots ezberdinak, ekarpen asko ikusi ditugu, bertsolari guztiak dira aberatsak eta denek dute beren entzule taldea. Ez dugu nahi txapelketa homogeneo bat, aniztasun hori erakutsi nahi dugu, txapelketan denentzako lekua izatea. Txapelketa honek parada eman du bertsotan egiteko era ezberdinak entzun ahal izateko, eta, zentzu horretan, nahiko pozik gaude.
Txapelketan zehar egon da zerbait harritu zaituena?
Bai, noski. Ziurrenik pertsonalki harritu naiz gehien. Orain arte bertsozale modura jarraitu dut txapelketa, eta orain, barrutik, oso jarrera ezberdinarekin joaten naiz saioetara. Ordu asko daramatzazu saio hori irudikatzen edo izango denaren irudia egiten, eta horretarako aurrelanak egiten. Bizipenetatik oso desberdin jarraitu dut txapelketa, barruragotik bizitzeko aukera eman dit, baina, aldi berean, gozamenezko alde bat ere galdu dut.
Irungo saioko puntuazioek harrabotsa sortu zuten bertso munduan. Kritika asko jaso dituzue?
Azkenean, zintzoak izanda, halako dimentsioa duen txapelketa batek erredurak sortuko ez balitu, ez litzateke seinale ona izango. Mugimendu hau sortzeak esan nahi du atzetik badagoela mugitzen duen jendea, eta hori ere ona da. Bakoitzari duen garrantzia eman behar zaio, bertsozale bakoitzak gustatzen zaionaren alde egiten du, eta beti dago kritikak egiteko bide egokienak aurkitzen ez dituena. Guk beti esaten dugu bertsolari batek oholtzan egiten duena oso segundu gutxitan sortzen duela, eta, azkenean, horri kritika egiten diogunean pentsatu behar dugula zeintzuk diren lan hori egiteko baldintzak. Horrelako mezuak zabaltzen saiatzen gara antolakuntzatik. Hala ere, esango nuke bertsozalea oso errespetuzkoa dela, eta errespetatzen duela egiten den lana. Kritikak sekula ez dira txarrak, saltsa ere ematen dio txapelketari, baina jakin behar da zein ingurutan eta zein norabidetan egiten diren.
Orain arte ikusi dugunetik, zer uste duzu gogoratuko dela aurtengo txapelketaz?
Ez da galdera erraza aurretik erantzuteko. Uste dut orain artekoak utzi dituela bertsoaldi oso on batzuk, gehienak ganbarako lanetakoak. Puntukako eta ofizioetako ariketa oso onak ere entzun ditugu. Txapelketek beti uzten dituzte fase bakoitzean halako ariketa gogoangarri batzuk, eta honek ere utziko ditu. Finalak ere ziur utziko dituela, azkenean finala gehien ikusi eta entzuten den saioa izanik, beti daude horren inguruko komentarioak, ateraldi jakin bat egon delako, bertsolariak diskurtso jakin bat eman duelako, erantzun distiratsu bat egon delako… Beti egoten dira publikoarengandik hautatuak diren bertsoaldiak eta bertsoak, eta honek ere utziko ditu.
Zer dauka hobetzeko txapelketak? Hemendik lau urtera jarraitzeko asmotan zaude?
Txapelketak badu zer hobetua, eta txapelketa guztien bukaeran egin behar da gogoeta bat. Ikusi beharko dugu txapelketak zer eman duen, eta, batez ere, zer ez duen utzi ematen. Hor dauzkagu kezka handienak, txapelketa nagusia lau urtean behin antolatzen den ekitaldi bat izanik, eta bertsolaritza asko aldatzen den mugimendua izanik, aldiro egin behar du egokitze lan bat. Txapelketa formatuz oso zaharra da, aldaketa txikiak egon dira, baina forma orokorra ez da aldatzen. Egia da agian ezin dela asko aldatu, baina uste dut buelta batzuk eman daitezkeela, egungo bertsolaritza ulertzeko modura egokitu dadin. Ahaleginak bide horretan egin beharko ditugu.
Hemendik lau urtera ez dakit non egongo naizen, espero dut leku berdinean egotea. Iruditzen zait urte oparoak datozela bertsolaritzarentzat eta txapelketarentzat. Pandemia ondorengo garaietan oso azkar ari da itzultzen bertsolaritza bere bidera, eta horrek esan nahi du oinarria osasuntsu dagoela. Espero dezagun txapelketa honek lagunduko duela datozen urteak hobeak izan daitezen.