'Kalean' dokumental laburra proiektatuko dute gaur arratsaldean Kulturarteko Plaza Feministan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 12a, 00:00

18:00etan hasiko da eta Gari Garaialderen erakusketa ere inauguratuko da Irunen migratzen duten emakumeen errealitate latza ikusarazteko.

Gaur zortziko Migratzailearen Eguna dela eta, Amher SOS Arrazakeria elkarteak, Hernaniko Udaleko Kulturartekotasun Arloarekin elkarlanean, astean zehar ekintzak eta jarduerak antolatu dituzte. Gaur, arratsaldeko 18:00etan, Kulturarteko Plaza Feministan, Kalean dokumental-labur bat proiektatuko dute, Donostian kalean dauden gazte migratzaileei buruzkoa. Ondoren, protagonistetako batek solasaldia eskainiko du.

Gainera, gaurtik aurrera, Kulturarteko Plaza Feministan, Gari Garaialde argazkilariaren erakusketarekin Irungo ibilbidean zehar migratzen duten emakumeen errealitate latza ikusarazteko parada izango dute herritarrek.

Asteko ekitaldiak antolatu dira, «pertsona horien eskubideak aldarrikatzeko eta jasaten dituzten urraketak salatzeko». Aurten, jarduerei hasiera eman zitzaien, Migrazinema saio batekin Gaztelekuan, hilaren 2an.

 

Memoriaren Manta antolatu da aste osoan zehar

Horrez gain, Memoriaren Manta ere antolatu dute aste osorako: «memoria kolektibo ariketa bat, non izara edo maindire gainean islatzen diren migrazio-politikek hildako pertsonen izenak». Eta ostegunean hilaren 15ean, berriz, Migratzeko Eskubidearen aldeko martxa baten bueltan bilduko dira; eguerdiko 12:00etan abiatuko dira Atsegindegitik Karabel zubira joateko. Bertan, lore-eskaintza egingo dute Bidasoa ibaian eta Mediterraneo itsasoan hildako pertsonen omenez, eta handik Gudarien Plazara itzuliko dira partehartzaileak. Bertan, elkarretaratzea egingo dute, eguerdiko 13:00etan.

Azkenik, abenduaren 19rako eta 20rako, hitzaldi batzuk antolatu dira Hernaniko Institutuan, ikasleei migratzaileen egoeraren berri emateko, errealitate horietara hurbiltzeko eta dauden aurreiritziak hausteko asmoz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!