Kontsumoaren murrizketa eta efizientzia energetikoa sustatzeko, pasa den azaroan martxan jarri zen Energiaren Udal Bulegoa. Orain beste pauso bat gehiago emango du Enherkom energia komunitatearen kooperatibak. Kooperatibaren aurkezpena egingo da herritarren aurrean eta Zubipen garatzen ari diren autokontsumo partekatuko instalakuntza fotovoltaikoan parte-hartzeko aukerak azalduko dira.
Auzoetan zehar egingo dira informazio bilerak. Honela, etzi asteartean, 19:00etan, Karabeleko auzotarrentzat eta CD Hernanirentzat egingo da bilera, Belkara Auzo elkartearen lokalean, Oleta 23 zenbakian.
Bigarren bilera, ostegunean, abenduaren 15ean, 19:00etan izango da bilera Portuko auzotarrentzat Portuko auzo elkartean, Ibarrolaburu Plaza 9 behean. Hirugarren bilera, abenduaren 20an, asteartean, izango da Gartzia Goldarazko auzotarrentzat, Iturolan, Florida 28n.
Martxan da Energiaren Udal Bulegoa
Bestetik, kontsumoaren murrizketa eta efizientzia energetikoa sustatzeko plana martxan da. Energiaren Udal Bulegoa Herritarren eta enpresen zerbitzura dagoen aholkularitza Gabriel Zelaia eraikinean dago, beheko solairuan eta Enherkom energia berriztagarrien aldeko kooperatibako adituek kudeatuko dute udal zerbitzua.
Energia Bulegoan honako zerbitzu hauek eskaintzen dituzte, bertaratzen diren herritar zein enpresei, besteak beste: komunitate energetikoaren eta bazkidetzaren informazioa; faktura energetikoa optimizatzeko aholkularitza zerbitzua, eta baita fakturaren azalpena ere; diru-laguntzen inguruko informazioa; birgaitze energetikoa, hala nola, aukerak, ezaugarriak eta diru-laguntzen aukerak; teknologia berriztagarrien inguruko informazioa eta ezaugarriak azaltzea; eta hitzaldiak eta formazio saioak ere antolatu dira.
Aurrez aurreko arreta ordutegia, goizeko 10:00etatik 13:00etara; eta 15:00etatik 18:00etara izango da.