«Bizitzeko era oso ezegonkorra da aktorearena, eta irabazten duzun dirua ere oso ondo kudeatu behar da»

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 10a, 00:00

Ainhoa Larrañaga, 'La que se avecina' telesaileko bere 'gurasoekin': Laura Gómez-Lacueva eta Carlos Chamarro.

'La que se avecina' telesaileko protagonista berrietako bat da Ainhoa Larrañaga hernaniarra, estreinatu berri duten denboraldian. 'Go!azen' telesailarekin uztartu ditu grabaketak, eta aitortu du «kaos bat» izan zela, baina pozik dago orain artista gisa bizi duen momentuarekin.

La que se avecina telesailak 13garren denboraldia estreinatu berri du. Ainhoa Larrañaga hernaniarra da denboraldi berriko protagonistetako bat. Berrikuntzekin iritsi oraingoan; tartean, pertsonaia berrien agerpena. Juliaren papera gorpuztu du hernaniarrak, Los Guajiro familiko alabarena. Uda osoan zehar Madrilen grabaketa lanak egin ostean, dagoeneko ikusgai daude telesailaren lehen kapituluak; telebistan zein plataforma digitaletan.

Euskal Herritik kanpo ere lanean aritu izan den arren, ez du inoiz oraingoa bezalako maila handiko lanik egin, eta Larrañagaren hitzetan, izugarria izan da bertan paper bat lortu izana. Telebistan, kapitulu berri bat emititu ohi da astelehenero Telecinco katean, eta bi kapitulu falta dira Larrañaga bertan ikusteko. Nolanahi ere, Amazon Prime Video plataforman lehenengo kapituluak ikusgai daude dagoeneko, eta horietan, agertu da gaztea.

Telesailaz haratago, artista izateaz, musikaz, ospeaz eta, orokorrean, gaur egungo kultur industriaz hitz egin digu Ainhoa Larrañagak.

 

'La que se avecina' telesailaren denboraldi berri honetan, familia handitu, eta pertsonaia berriak batu dira. Haietako bat antzeztu duzu, Juliarena. Nolakoa izan da 13garren denboraldi honek izan duen harrera?

Oso harrera ona eduki dute telesailak eta kaleratu diren lehen kapituluek. Pertsonaia berriak gehitzea izan da aldaketetako bat, eta hauek oso kritika onak izan dituzte. Aktore berrien adinak publiko zabalago batera iristeko aukera eman duela esango nuke. Egia da, kapituluak ordubete eta 21 minutu ingurukoak direla, eta kalitate handiagoan daudela grabatuta orain, enpresa berri batek inbertitu duelako. Kapituluen iraupena izan da, agian, jendeari pisutsuen egin zaiona, baina sare sozialetan jaso ditudan kritika guztiak onak izan dira.

 

Nola sortu zen telesailean lan egiteko aukera?

Lan guztiak sortzen diren leku beretik sortu zen hau ere; casting batetik, zehazki. Udaran sartzen ari ginela, nire agentearen deia jaso nuen, eta telesaileko castingean izena emateko aukera aipatu zidan. Go!azen telesailari baiezkoa emana nion ordurako, baina aurrera egitea erabaki nuen, hala ere. Bideo bat grabatu behar izan nuen nire etxean; hori da pandemiaz geroztik castingak egiteko modua. Normalean hiru fasek osatzen dute castingaren prozesua: nire kasuan, bideoa bidali, eta zuzenean hartu ninduten, aurrez aurre ikusi ere egin gabe.

 

Euskal pantailetatik kanpo zenbait lan egin arren, proiektu honek eman dizu kapituluz kapitulu pertsonaia konstante bat antzezteko aukera. Zer suposatu du honek pertsonalki?

Nire buruarekiko segurtasuna irabaztea izan da aldaketa nagusia. Euskal filmetatik haratago egin ditudan lanak txikiak izan dira, denbora motzeko pertsonaiekin. Oraingo honetan, kapituluz kapitulu jarraitutasuna duen pertsonaia bat gorpuzteko aukera izan dut. Honek, produkzio batean egon naizela sentitzeko aukera eman dit, eta inguruarekiko segurtasuna irabaztea eragin du. Zerbait ondo ari naizela egiten sentitzen dugu nik eta nire ingurukoek, eta zentzu horretan, indarra eman dit aurrera jarraitzeko.

 

Ainhoa Larrañaga, kameraren beste aldean, 'La que se avecina' telesailaren grabaketa batean.

 

Proiektu batekin nahikoa ez, eta bi proiektu batera egiteko apustua egin zenuen udara hasieran: batetik 'Go!azen' eta bestetik 'La que se avecina'. Nolakoak izan ziren hilabete horiek?

La que se avecinako proiektuari baiezkoa eman nionean, Go!azenen jarraitzeko baiezkoa ere emana nuen lehenenagotik; orduan, bi telesailak batera grabatzea beste aukerarik ez nuen. Kaos bat izan zen hura; egun osoa Go!azen grabatzen egon ondoren, gauean trena hartu, eta Madrilera joaten nintzen La que se avecina grabatzera; horrela astero-astero. Bi pertsonaia antzeztu behar nituen, eta biak oso desberdinak; batean, makarra den emakume baten papera antzeztu behar nuen, eta bestean, berriz, 16 urteko neska pijoarena. Honek antsietate handia sortu zidan, ezin bainituen proiektu batean indar guztiak jarri.

Lanaren aldetik opari bat izan da bi proiektu batera grabatzea; aktoreen bizitza oso zaila da, eta ezinezkoa egiten zitzaidan proiektu bati ezetz esatea. Baina eromena izan da dena, Madriletik esaten bazidaten aste batez bertan egon behar nintzela, Go!azeneko grabaketa bertan behera gelditzen zen.

 

'La que se avecina'k lehentasun berezia zuen orduan. Ezberdina al da euskal produkzioetan ibili ostean Madrilen grabatzea?

Bai, guztiz. Bereziki lana plato batean egiten delako. Orain arte grabatu ditudan lan guztiak kanpoko eszenatokietan izan dira, non grabaketa erabat baldintzatuta dagoen; esaterako, eguraldiarengatik. Madrilen, berriz, plato batean egiten da grabaketa osoa, dirutza bat balio duen eszenatoki batean, eta printzipioz, inongo kanpoko baldintzetara egokitu behar ez duena; inoiz ez da espazioa arazo bat izaten. Haizea egiten duen edo ez, argia aldatu egin den edo ez, soinua, edota errepidea ez dira arazo, lanera iritsi eta zure sekuentzia grabatuko da derrigor.

Madrilen maila honetako serie bat grabatzeak azkartasuna eta profesionaltasuna ziurtatzen ditu. Hala ere, Euskal Herrian gauzak aldatzen ari direla uste dut, egin ditudan lan guztiak izan baitira profesionalak. Baina egia da, plato batek izugarrizko abantailak ematen dituela; erosotasuna eta buruhauste gutxiago, gehienbat.

 

Honezkero pertsonaia mordo bat antzeztuko zenituen. Nolakoa da pertsonaia bat antzeztu aurretik egiten den lanketa?

La que se avecinan antzezten dudan pertsonaiak ez du zerikusirik nire izaerarekin; jarreraren eta pentsamenduaren aldetik, batez ere. Baina egia da, gaztea den heinean, pertsonaiak seriean bizitzen dituen momentu asko nik ere bizi izan ditudala; besteak beste, festa batera joateko etxean arropa bat janztea eta ondoren portalean arropaz aldatzea, gurasoengandik ezkutuan.

 

«Laster aterako dudan album berriaren prestaketetan nabil orain, eta bertan, bi lanak uztartuko ditut; hau da, istorio bat kontatuko dut oholtza gainean»

 

Antzezten dudan gaztea, erlijiosoa den familia batetik dator, eta hori da landu behar izan dudan aspektuetako bat. Horretarako, Madrilen egoteak asko lagundu dit, obserbazioa baita dena. Egun osoan zure antzekoa den inguru batean bazaude oso zaila da pertsonaia bat sortzea. Orduan, kalean eseri, eta begira gelditzen naiz; kasu horretan, ikastolako uniformearekin joaten diren gazteak bilatzen nituen. Tik-tok bezalako sare sozialekin ere harremantzen hasi nintzen, eta kontu bat ere ireki nuen, dena 16 urteko gazte baten erreferentziak bilatzen saiatzeko. Ahotsa ere aldatu behar izan nuen Juliaren pertsonaierako. Finean, telesail estereotipatua denez, estereotipo horiek alimentatuz lortu nuen pertsonaia gorpuztea. Arropa ere aspektu oso garrantzitsua dela uste dut, informazio izugarria ematen baitu.

 

Aktore ez ezik, abeslaria ere bazara. Nola da pantaila eta oholtza uztartzea? Aukeratu egin behar da, edo biak egin daitezke?

Nik uste dut, badagoela puntu bat, non biak egin daitezkeen; baina, denbora aldetik, aukeratu egin behar da. Nire kasuan, biak batera egiten ditut, baina denbora fisikoa aukeratu, eta banatu egin behar dut. Oraintxe ez nago inongo interpretazio kurtsotan, badakidalako martxotik abendura bitarte aktore lanetan arituko naizela. Beraz, orain, musikari indarra ematea tokatzen zait, eta horretan nabil. Ezinbestean, lan batek pisu handiagoa hartuko du, baina ondo antolatzea da gakoa. Etorkizun batean, ordea, gauzak aldatu egin daitezke, noski.

 

Aktore zein abeslari lanetan, zure gorputza da lan tresna nagusia eta bietan zu zara protagonista, ez al da horrela? Zer dute amankomunean
aktore eta abeslari izateak?

Bai, halaxe da. Bi lanetan gorputza da elementu printzipala; ez da ordenagailu bat, zure nortasuna baizik. Biak dira erakusleiho bat, eta bietan kontatzen da istorio bat.

Laster aterako dudan album berriaren prestaketetan nabil orain, eta bertan, bi lanak uztartuko ditut; hau da, istorio bat kontatuko dut oholtza gainean. Izan ere, oholtzara igotzen nintzenean abestu bakarrik egiten nuen, baina huts geratzen zitzaidan, gutxi balitz bezala, zerbait falta nuenaren sentsazioarekin. Horregatik izan nuen kontzertuetan istorio bat kontatzeko ideia; bi munduak uztartuko dira, beraz, oholtza gainean. Bietan dago komunikatzeko gogoa; eta nik, komunikatzeko izugarrizko gogoa dut. Antzezten nagoenean, idatzita dagoen istorioa kontatzen dut, eta kantatzen nagoenean, berriz, nik nahi dudana. Bietan naiz ipuin kontalaria.

 

«Ahotsa ere aldatu behar izan nuen Juliaren pertsonairako. Finean, telesail estereotipatua denez, estereotipo horiek alimentatuz lortu nuen pertsonaia gorpuztea»

 

Album berria aipatu duzu. Zer ekarriko dute abesti berriek? Zein da bidali nahi duzun mezua?

Niri jazz estiloa izugarri gustatzen zait, eta lehenengo albuma estilo horretako musikaz josita dago. Diska hau kaleratu nuenean, ordea, arazo batekin egin nuen topo: sektore gazteekin komunikatzeko arazoarekin, hain zuzen ere; egin nuen musika helduagoa den sektore bati soilik iritsi baitzitzaion.

Orain martxan dagoen album berriarekin, arazo horri buelta eman nahi izan diot. Horretarako, orainaldian egiten den musika eta niri hainbeste gustatzen zaidan jazz estiloa nahastu ditut. Ameriketatik datorren estilo bat hartu dut, guztiz jazz estiloa ez dena baina bertatik datorrena, zerbait modernoagoa. Ez dut niri gustatzen zaidan estiloa baztertu nahi, are gehiago album honekin, leku bat eta momentu bat eskaini nahi izan diot horrelako musikari. Euskal Herritik kanpo sortzen ari den estilo bat da, hona iritsi ez dena.

Edukiaren aldetik, egiten ditudan abesti guztien atzean denuntzia bat dago, eta horrekin batera aldarrikapen bat ere bai. Diska berri honek barnebiltzen duen kontzeptua egin dudan potenteena dela esango nuke; eta Euskal Herri mailan entzuten ez den zerbait ere izango da. Gaur gaurkoz, albumaren trailerra egiten nabil; esan bezala, bi munduak nahastu nahi ditut irudi bakar bat sortzeko, abesten eta antzezten.

 

Bi munduak uztartzeko, antolatu beharra; orain abesteko, gero antzezteko, eta alderantziz. Ez da berria artista izateak, ezinbestean, bizitza ezegonkor bat izatera kondenatzen duela entzutea. Egia al da? Zer da gazte eta artista izatea?

Hasteko, korrontearen kontra bizi gara artistok. Nire belaunaldiko gazteak Unibertsitatean daude, eta gurasoak lanean; astelehenetik ostiralera, goizeko zazpietan esnatzen dira gehienak. Ni ez, ni astelehen batean beranduago esnatu naiteke, izan casting bat prestatzeko, izan konposatzeko, edota ez dudalako ezer egiteko. Zentzu horretan, nahiko bakarrik sentitzen naiz; korrontera batu eta hura jarraitzearen aukera ere planteatzera iristeraino. Nire ingurukoentzat larunbata iristen denean, niretzako, beharbada, astelehen bat izan daiteke, goizeko zazpietan platoan egon behar dudalako grabatzeko, edo oholtza gainean bestela, arratsaldean emango dudan kontzertua prestatzeko. Guzti honek bakartasun sentsazio handia sortzen dit. Gainera, lanik ez dudanean oso gaizki pasatzen dut; sare sozialetan nire lankideak lanean ikusten ditudanean adibidez, presio asko sentitzen dut eta nik aktore bezala balio dudana ere zalantzan jartzen dut askotan, besteak bezain ona ez naizela pentsatzeraino.

Ekonomikoki ere arazo larria da, eta estutasun handia sentitzen duzu. Ingurukoek askotan esan izan didate lanera joaten naizenean beraiek hilabete osoan irabazten dutena irabazten dudala. Kontua da, ingurukoek hilabetero egin dutela lan, eta nik egun batean lortzen dudan dirua hilabete osorako gorde behar dut. Bizitzeko era oso ezegonkorra da aktorearena, eta irabazten duzun dirua ere oso ondo kudeatu eta banatu behar da, ez dakizulako hurrengo hilean lana izango duzun edo urtebete lanik egin gabe egongo zaren.

Aktore asko ezagutzen ditut, zeinak ez duten gurasoen laguntzarik ekonomikoki, eta hori izugarrizko arazoa da. Gainera, ez dago laguntzarik egoera honetatik ateratzeko. Hasi berria zarenean bereziki, gurasoen ekonomiari lotuta zaude erabat, eta zentzu horretan baliabiderik gabe dagoen aktorea bazara, oso ohikoa da mundu hau uztea.

Bidaia gogorra da, mentalki oso prest egon behar baitzara zure burua limite askotara eramateko, segurtasun eza sentitzeko eta jendearengandik epaitua izateko, besteak beste. Lan handia dago pantailan agertu aurretik, eta hori ez da ikusten, denbora tarte horretan ezer egin gabe egon zarela pentsatzen du jendeak. Baina hori da, hain zuzen, borroka handienaren unea. Pelikula batean parte hartzeko finalista gelditu zarenean, inork ez daki hori.

Lana lortzen duzunean etortzen da lan honen alde politena, eta hau oso polita izaten da; hura lortzeko egindako esfortzu eta ibilbide guztiak merezi izan duela sentitzea. Baina, momentu hauetan ere, oreka garrantzitsua da, hankak beti lurrean izatea.

 

Hankak lurrean izatea aipatu duzu; ospea ofizio honekin oso lotua dagoen hitza da. Zer harreman duzu zuk ospearekin?

Nik ospea Go!azen telesailarekin jada bizi izan nuela sentitzen dut. Urte haietan Batxilergoan nengoen, eta autoestimua oso ahula nuen. Orduan, ospeak izugarrizko indarra eman zidan. Orain, 22 urterekin, ezberdin bizi dut. Ospea autoestimuarekin lotzea ekarri zidan gaztetako egoera horrek, eta orain pentsamendu horretatik aldentzen saiatzen naiz. Nire autoestimuak ezin du ospearekin lotuta joan, ospea galdu egiten baita. Ezin gara bizitza osoan momentu perfektu baten bila ibili, erlazio oso toxikoa da. Orain, ospea bigarren pertsona bat balitz bezala ikusten dut. Alde batetik, Ainhoa dago bere segurtasun ezarekin, bere arazoekin eta gazte baten bizipenekin; eta bestetik, bigarren pertsona bat dago, ezberdina guztiz, jendeak idealizatu egin duena eta ni ez naizena. Honek asko laguntzen dit lurrean mantentzen.

Ospeaz disfrutatzen ikasi dut, nire lana baloratzeko modu bezala ulertuz, baina ospea ondorio bat bezala ikusten dut; eta ez dut nire bizitza aldatu nahi ospeagatik. Ospea amorante bat bezalakoa da, etortzen den bezala joan egiten da.

 

Azken urteotan asko hitz egin da kulturaz eta arteaz. Zer da gaur egungo kultur industriatik jasotzen duguna?

Bizitzen ari garen momentua oso sexualizatuta dagoela ikusten dut. Edozeini edozer erosten diogula sentitzen dut; abesti bat bost aldiz entzun, eta ahaztu egiten dugu. Sakontasunik gabeko produktuek ez dute arrakastarik, morboak saltzen du dena gaur egun; benetan ondo eginda dauden ekoizpenak eta egiten duten horretan adituak diren profesionalak ez dira kontsumitzen.

Nik ere pentsatu behar izan dut guzti honetan musika egiterako momentuan; bestela, ez dut lortuko entzuna izatea publikoarengandik. Nik ere kontraesan batean egiten dut lan. Abesti batek 4 minutu irauten baditu, jendeak ez du entzuteko borondaterik ere. Edukia ahaztu da eta irudia dago argumentuaren gainetik. Nire produktorearekin eztabaida asko izan ditut, gauza bat egin nahi izan dudanean nire ideia egin nahi dudan moduan salduko ez dela esateagatik. Horregatik, ezinbestean, iruditeriaren aldetik, saldu dezakeen zerbait sortu behar izanda ere, bidali nahi dudan mezua nola komunikatu lantzen dut.

Euskal herrian panorama hobeto ikusten dut, eta ez dut ikusten sexualizatzen den pertsona bakarrik saltzen denik; adibide asko etortzen zaizkit burura, Izaro edota Merina Gris bezalako artistak, zeinak izugarrizko nortasuna duten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!