Ligaxkako azkenaurreko partidua, gaur Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 10a, 00:00

Partidu klabea daukate gaur, Ansak eta Juaneneak. Argazkia: Maialen Andres

Ansa II-Juanenea eta Ezkurra II-Martirena ariko dira aurrez aurre, arratsaldeko 16:30etan hasiko den jaialdian.

Tentsio bizikoak izango dira ligaxkako azkeneko bi partiduak, Binakako Txapelketa Nagusian. Gaur bertan jokatuko du azkenaurrekoa, Galarretan, arratsaldeko 16:30etan hasiko den jaialdian: aurrez aurre izango dira Ansa II eta Juanenea, eta Ezkurra II eta Martirena.

Asko daukate jokoan bi bikoteek. Ansa II eta Juanenea hirugarren daude ligaxkan, 8 punturekin, eta azkeneko partidua dute gaurkoa. Gutxienez bi puntu lortu beharra daukate, semifinaletara sailkatu ahal izateko. Irabaziko balute, aurreneko postuan bukatzeko aukera daukate oraindik, finalera zuzenean sailkatzeko.

Ezkurra II eta Martirena, berriz, bosgarren daude, 5 punturekin; baina gaurkoaz gain, beste partidu bat daukate jokatzeko oraindik. Hori horrela, dena daukate airean: bi partiduak irabazita, lider bukatuko lukete; garaipen bakarrarekin, semifinaletara sailkatu daitezke; eta bi partiduak galduta, txapelketatik kanpo geratuko lirateke.

Gaurko partidua gertutik jarraituko dute, beste bi bikotek: Segurola eta Larrañaga liderrek (9 puntu dauzkate, partidu baten faltan); eta bigarren dauden Goikoetxeak eta Barrenetxeak (9 puntu, partidu guztiak jokatuta). Ikustekoak izango dira, ligaxkako azkeneko bi partiduak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!