Ikasketak jarraitzeko beste bide bat

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 10a, 00:00
Aitor Zabala, ikasketa burua, eta Amaia Galarza, idazkaria, Lanbide Heziketako tailerrean.

Ikasketa prozesuan bide ugari izaten dira hautagai. Ezagunak eta ohikoak diren bideak daude, baina badira gutxiago ezagutzen diren beste ibilbide batzuk. Oinarrizko Lanbide Heziketa  izan daiteke horietako bat. Hernanin, Aitor Zabala eta Amaia Galarza lanean ari dira D ereduko OLH ezagutarazteko, eta, urtarrilaren 12an, hitzaldi bat eskainiko dute, Biterin.

Bide eta aukera ugari izaten dira ikasketa prozesuan. DBH, erdi-mailako zikloa, batxilergoa, goi-mailako zikloa, unibertsitatea… Aukera guzti horien barruan, badira hain ezagunak ez diren bidezidorrak; eta horixe da Oinarrizko Lanbide Heziketaren (OLH) kasua. Hernaniko Lanbide Heziketa Institutuan lan haundia egiten ari dira ibilbide hau ezagutarazteko, eta hitzaldi informatibo bat egingo dute, urtarrilaren 12an, Biterin. OLHaren alorrean buru-belarri dabiltza Aitor Zabala, OLHko ikasketa burua, eta Amaia Galarza, idazkaria. Zabalak nabarmentzen du badirela, ohikoez gain, bide gehiago: «Lehenago bi bide argi bakarrik zeuden, DBHtik Lanbide Heziketara edo batxilergora joatea zen aukera. Orain, aldiz, DBH bukatu gabe OLH egiteko aukera dago, eta hortik igaro erdi-mailako zikloetara edo batxilergora». 

LOMLOE legea indarrean sartu zenetik titulu gehiago lortzeko aukera dute OLHtik igarotzen direnek: «Aldaketa nagusia da OLH gainditzen duten ikasleek DBHko titulua ere lortzen dutela. Lehen bakar batzuk lortzen zuten, ikasketa irizpide batzuen baitan, baina, orain, gainditzen duten guztiek automatikoki lortzen dute». Biek nabarmentzen dute ezjakintasun handia dagoela gai honi buruz, eta urteetan izan duen konnotazio negatiboa ezabatu nahi dute: «Jendeak lotzen du porrotarekin, edo institutuan nahi ez dituzten ikasleekin. Guk sinesten dugu OLH ez dela bakarrik ikasi nahi edo ezin duenarentzat, ikasle batek argi badu Lanbide Heziketa ikasi nahi duela, badaki hemendik oinarri sendoagoekin irtengo dela», azaldu du Galarzak. Zalantza eta ezjakintasun horiek abiapuntu hartuta egingo dute urtarrilaren 12ko hizketaldi informatiboa. Gurasoei eta ikasleei zuzenduta egongo da. 

Ikasleen motibazioan arreta berezia jartzen dute OLHko irakasleek. Diotenez, garrantzitsua da ikasleak konturatzea ez dagoela inongo mugarik, eta ibilbidea nahi beste luza dezaketela: «Garrantzitsua da jakitea OLHtik pasa ondoren ez dagoela mugarik. Erdi-mailako ziklo bat egitea da ohikoena, ondoren goi-mailara eta unibertsitatera ere iristen dira. Azpimarragarria da lanera ere joan daitezkeela, ikasle bat ez badago gustura ikasten, bi urtetan prest dago lanean hasteko. Hasiera batean ez da izango espezialista, baina lan egiteko eta makinekin aritzeko ez du inongo arazorik edukiko. Oinarri horrekin, gerora, erdi-mailan ikas dezake kontrol numerikoa, edota goi-mailan diseinua eta goi mailako lanak».  

Praktikotasunaren garrantzia

Motibazio horren bila, praktikotasunak ardazten ditu zikloak irauten dituen bi urteak. Tailerreko lanak eta proiektuak alderdi teorikoekin uztartzen dira, eta hala azaltzen du Zabalak baliatzen duten prozedura: «OLHk oso ona du praktikoa dela. Hiru arlotan banatzen da, asteko 30 orduetatik 20 dira tailerrekoak, eta 10, aldiz, teorikoak. Zientziak eta letrak, gainera, ez dira albo batera uzten, jarraitzen da ikasgai horiekin, baina ikasten ari diren ofizioetara bideratzen dira. Matematika, euskara, ingelera… denetik ikasten dute. Ikasgaietatik harago, Lanbide Heziketan landu ohi diren beste gauza asko ere trebatzen dira; proiektuka egiten dute lan, talde lana sustatzen da… aspalditik daramagu honekin, eta OLH, dagoeneko, Lanbide Heziketako beste ziklo bat da, ez gehiago ez gutxiago». Galarzak ere balioa ematen dio praktikotasunari: «OLHn tailerreko lanabesekin egiten dute lan, tornuarekin, esaterako. Eskulanetan gustura aritzen diren ikasleak segituan egokitzen dira. DBHn, aldiz, ez dute tresnarik ukitzen. Lanbide Heziketako ibilbidea hartuko duenarentzat erakargarriagoa da».

Soldadura da Oinarrizko Lanbide Heziketan oinarrizkoa den ikasgaietako bat.
 

OLHn hasten diren ikasle gehienentzat lehenengo kontaktua izaten da tailerreko lanabes hauekin. Horregatik, bi urteak baliatzen dituzte hutsetik hasi eta oinarriak finkatzeko, ondoren garapen handiago izan dezaten ikasketetan: «Ziklo bakoitzak bere berezitasunak ditu, OLHn hutsetik hasi ohi dira gehienak, eta bertan finkatzen ditugu hasierako ikasgaiak, ondorengo zikloetan inolako arazorik izan ez dezaten, eta tailerreko lanetara egokitu daitezen», azaldu du Galarzak. 

Irakasleek ikusten dituzten abantailak asko dira, eta Zabalak zerrendatu ditu ikasleentzat erakargarriak izan daitezkeen zenbait elementu: «Hasteko, hainbat aukera ditugu, adar mekanikoa eta elektrikoa. Praktikak ere egiten dira, ikasleek enpresa eta lan mundua ezagutu dezaten, eta, praktikaldi horien barruan, badago hauek atzerrian egiteko aukera. Titulazioari dagokionez, OLHko eta DBHko tituluez gain, lortzen dira kualifikazio profesionalak, lanera joateko aukera ematen dizutenak. Askotan gertatzen zaigu ikasle bat lanean hasi, eta ikasketak lanarekin uztartzea». Galarzak ere nabarmendu du enpresa batean lan egiteko esperientziaren garrantzia: «Praktikaldia oso aberasgarria da, eta, esan bezala, erasmus programak ere badauzkagu. Ikasle bat Portugalera doa otsailean, adibidez».

Hernaniko Lanbide Heziketa Institutuan bi adar bereizten dira OLHn. Lehena Elementu Mekanikoen Fabrikazioa da. Bi urteko ziklo honetan, fabrikazio mekanikoan material metalikoekin oinarrizko mekanizatze eta muntaiak egiten ikasten dute, baita elementu elektriko eta elektronikoen muntaketa eta mantentze lanak ere: «Mekanizazioa, soldadura, elektrizitatea… pixka bat denetik ikusten da ziklo honetan, oinarrizko jakintzak ikasten dira, bideak zabalik mantentzeko. Tailerraz gain, ikasgai teorikoak ere mantentzen dira». Ziklo hau amaitzen dutenek, ikasten jarraitzeko aukera izateaz gain, honako lanpostuetan aritzeko gaitasunak lortzen dituzte: Behe-tentsioko instalazio elektrikoetako langilea, telebista eta sateliteen seinaleak hartzeko antenen muntatzailearen laguntzailea, tresneria elektriko eta elektronikoen mantentze-lanetako laguntzailea, edota zirkuitu inprimatuetako osagaien muntatzailea, besteak beste.  

Bigarren zikloa, aldiz, Elektrizitatea eta Elektronika nahasten dituen zikloa da. Funtsean, ikasten dute muntaketa eta mantentze lanak egiten elementu eta ekipo elektriko eta elektrenikoetan, edota eraikinetarako instalazio elektrotekniko nahiz telekomunikaziokoetan. Lan munduan irteera ugari ditu ziklo honek ere; besteak beste, ikaslea izan daiteke behe-tentsioko instalazio elektrikoetako langilea, satelite-telebistako antena muntatzailearen laguntzailea edo komunikazioko tresnen eta sistemen instalatzailearen laguntzailea.

Bi adar dira, baina Zabalak nabarmendu du elkar osatzen duten zikloak direla biak ala biak: «OLH mekanikoa eta elektrikoa dauzkagu, baina gero bideak gurutzatu daitezke inolako arazorik gabe. Egin dezakete OLH mekanikoa, erdi-mailako ziklo elektrikoa eta goi-mailan mekanikara itzuli. Osagarria eta aberatsa da prozesua».

Herriko elkarteekin elkarlanean

Hernaniko Lanbide Heziketatik kontuan hartzen dira herriko elkarte eta eragileek dituzten beharrak. Kasu honetan ere, OLHko zikloak ikasten ari diren ikasleek, tailerrean osatzen dituzten lanak herrian zehar ikusteko aukera dute, funtzio erreala betetzen. Elkarlanean sortzen dituzte proiektuak, eta Zabalak azaldu du herriko elkarte askorekin egiten dutela lan: «Proiektu asko egiten ditugu inguruko elkarteekin eta herriko eragile ezberdinekin. Zaharren egoitza, Hernaniko Rugby Elkartea, Karabeleko proiektua… asko dira, eta zerrenda are luzeagoa osa dezakegu». Galarzak ere zehaztu du zeintzuk diren elkarte hauekin egiten dituzten proiektu motak: «Aurreko batean ikasle guztiak joan ziren errugbi taldearen instalazioak ikustera. Gimnasiorako egin behar dizkiete mankuernak eta bankada batzuk. Karabelekoren kasuan, apalak eta mahaiak egiten ari dira momentu honetan, gero han erabiltzeko aukera izan dezaten, eta, Goiz Eguzkiren kasuan, baratza terapeutikoak sortzen ari dira, alturan eta mugikortasunarekin». Proiektu hauen egikaritzeak asko motibatzen ditu ikasleak: «Azkenean ikusten dute ez dela bakarrik klaseko kontua, harago doa», gehitu du Galarzak.

Proiektu hauek ikasleei balio diete, praktikaldiaren aurretik, lan mundura gerturatzeko. Langile behar haundia dago une honetan, eta biek argitu dute hala nahi duen ikasle guztiek lortzen dutela lana segituan: «Behar handia dago. Gure ikasleetatik lanean hasi nahi izan duten guztiek lortu dute postu bat. Langile kualifikatuen behara dago, langile xume eta oinarrizkoetatik goi mailaraino». Lanik ez da falta, baina ikasten jarraitzeko ideia mantentzen saiatzen dira. Finean, ikasketa maila haundiagoarekin, postu hobeak lortzeko aukera gehiago dituztelako: «Hemen guk beti daukagu buruan lanera joan daitezkeela, eta horretarako prestatu behar ditugu, baina saiatzen gara ahalik eta gehien ikas dezaten. Oinarrizkoa ikasi ordez erdi-maila ikasten badute, lanpostu hobeetara iristeko aukera dutelako, eta goi-mailan gehiago. Logikoa da, gero eta gehiago ikasi hobea da, eta animatzen ditugu horretara», nabarmendu du Galarzak. 

Ikasteko ere giro ona beharrezkoa izaten da, eta, hori ahalbidetzeko, ikasle gutxiko klaseak osatzen dituzte OLHn. Une honetan, esaterako, lehenengo maila elektrikoan 15 ikasle daude, hori da ikasle kopuru maximoa, eta 9 mekanikoan. Bigarren mailan iaz hasi ziren D ereduarekin, eta talde txikiagoak dira. Datorren urterako aurreikuspena dute taldeak bete daitezkeela, baina klaseak ez dira 15 ikasle baino gehiagokoak izango. 

D ereduan ikasteko aukera

Datuei erreparatuta, euskararen egoera, oro har, ez da osasuntsua OLHn. Soilik eskaintza guztiaren %11 da D ereduan, eta, aldiz, %89 A ereduan; 10 ikasletik 9k egiten dute zikloa A ereduan. Zenbakiei dagokienez, 5.355 postu daude guztira, eta guzti horietatik 4.743 dira gazteleraz; eskaintzaren zenbakiei jarraiki, matrikulazioetan ere gaztelerara jotzeko joera nabarmena da, izan ere, izena emanda duten 4.743 ikasteetatik 4.144 daude A ereduan. 

Egoera ez da erraza, eta zenbakien arteko aldea nabaria da. Hala ere, Hernaniko Lanbide Heziketa Institutuan euskeraren aldeko apustua egin zuten, eta aukera hori ere nabarmentzen du Zabalak: «Orain arte ez zegoen OLH euskaraz. Oso zentro gutxi daude ikasgaia euskaraz ematen dutenak, gu bakarretako bat gara, %11a horren parte gara. Hernanin bertan halako aukera bat izatea garrantzitsua eta zorionekoa da. DBHtik datorrenarentzat bide hau oso aproposa izan daiteke, orain arte D ereduan ikasi dutelako». Galarzak ere abantaila modura ikusten du D ereduan duten eskaintza, ikasleak egokitzeko erraztasunak ahalbidetzeko: «Pribilegio bat da hernanin euskarazko zikloak izatea, inguruko jendearenzat ere aukera polita da». 

OLHko ikasleek makinekin egiten dute lan hasieratik.
 

Hau guztia eta gehiago argituko dute urtarrilaren 12an Biterin egingo duten aurkezpenean. Galarzak esaldi borobil bakarrean laburtu du zein den hitzaldiaren helburua, ikasteko beste bide bat gehiago dela nabarmenduz: «Biteriko hitzaldia da jendearengana eta familietara iristeko. LOMLOErekin albistea da OLH bukatzen duten guztiek DBHko titulua eskuratzen dutela. Guk D ereduaren alde egin dugu apustua, oso ikastetxe gutxi gara, gu publiko bakarra, euskerazko eskaintza egiten duena. Nahi duguna da jakin dezatela beste bide bat dela, ez dela bakarrik institutuan bere burua ikusten ez duenarentzat. Erdi-maila egingo duela argi duen pertsona bati, jakinda DBHko titulua ere edukiko duela, eta tailerrean ibiliko dela, beste ibilbide bat irekitzen zaio».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!