«URAk EH Bildu nokeatu du, emandako erantzunarekin»

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 10a, 00:00

Landare urak hartu zuenean, joan den urteko azaroan.

«Landareko eta Zubipeko uholdeak saihesteko bere proiektuari emandako erantzuna argia da» azaldu du EAJ-PNVk.

URAk (Uraren Euskal Agentzia) Hernaniko Udalak Landarek eta Zubipek jasaten dituzten uholdeei irtenbidea emateko aurkeztutako proiektuaren inguruan emandako erantzunaren aurrean, EAJ-PNVko bozeramaileak egoera testuinguruan kokatu nahi izan du, gaian sartu aurretik: «2015ean, EH Bilduk harresien proiektu bat aurkeztu zion URAri, futbol- eta errugbi-zelaiak urez bete ez zitezen. 2019ko maiatzean enpresa bat kontratatu zen EH Bilduk Florida eta Zubipe artean eraiki nahi duen bidearen proiektua idazteko. Badirudi proiektu hau 2022ko urrian entregatu dela (ez zaigu aurkeztu). Behin baino gehiagotan eskatu dugu enpresa horren aurkako lege-ekintzak hastea, proiektua idazteko hiru urte igaro direlako, eta ez da ezer egin. Aitzitik, hainbat proiektu enkargatu zaizkio, eta horietako bat Hernaniko Landare futbol eta errugbi zelaiko uholdeak saihesteko proiektua izan da (futbol eta errugbi zelaiak mugatuko dituen horma bat jartzea)».

Amonarraizek azaletik azaldu du URAren erantzuna, Udalak aurkeztutako proiektua aztertu ondoren: «Aurkeztutako proposamenaren arabera, Urumean zehar egiten ari diren obrengatik lortutako hobekuntzak murriztu egingo lirateke Karabelen eta pareko ertzean proposatutako hormaren ondorioz (Ibaiondoko industrialdea). URAren txostenaren arabera, 2022ko proiektuan horma eraikitzeko aurkeztutako proposamenak 2015ean egindakoaren itxura bera du. Kasu honetan gutxieneko altuera murrizten da. Hala, proiektu honetan, 2015ean gertatu zen bezala, 10 urteko birgertatze-aldiko emaria kalkulatzean egindako akatsa errepikatzen da, baita fluxu ez-eraginkorraren eremuaren kalkulua ere. Eredu hidraulikoan akats bat dago, eta adierazten da proiektatutako hormak 13cm-ko ur-xafla gaindituko lukeela egungoarekiko, eta ez duela betetzen Udalak agindutako proiektuaren helburua. Hau da, urak gora egiten duenean, gaur egungo egoera ez okertzea. URAren txostenak ondorioztatzen du ezin dela horma eraiki. 2015eko txostenean esandakoa erantzun bera».

Bozeramaile jeltzaleak bi gogoeta utzi ditu amaierarako: «Landare eta Zubipeko uholdeak saihesteko proposatutako konponbidea eta 2022ko proiektuaren argudio teknikoak 2015ekoen oso antzekoak direla ikusita (akatsak barne), eta URAk 2015ean egindako ekarpenak kontuan hartu ez direnez, ondorengo galderak luzatu nahi ditut: zer egingo du orain EH Bilduk proiektu hau idatzi duen enpresarekin? Kasu honetan ere ez zaio erantzukizunik eskatuko? EAJ-PNVk uste du ezin zaiela dena onartu administrazioarentzat lan egiten duten enpresei. Bestalde, uste du EH Bilduk eboluzionatu egin behar duela gainerako alderdi politikokin duen harremanean, hauek herritarren ordezkariak baitira. Udalera iristen den informazioa ez da berea, nahiz eta gehiengo osoa izan, hernaniarrena eta bere ordezkariena ere bada. Gaurkoa, EH Bilduk politika egiteko duen moduaren beste adibide bat izan da, ‘nireekin bakarrik egiten dut lan, eta nireentzat».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!