Migratzeko eskubidearen aldeko astea, abenduan, Kulturarteko Plaza Feministan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 9a, 00:00

Migratzeko eskubidearen aldeko astea martxan, Amherren eta Kulturatrekotasun Arloaren eskutik.

Aurreneko jarduera datorren astelehenean izango da, arratsaldeko 18:00etan. Kalean dokumental laburra proiektatuko dute Kulturarteko Plaza Feministan.

Urteko azken hilabetean, Amher SOS Arrazakeria elkarteak antolatuta, Hernaniko Udaleko Kulturartekotasun Arloarekin elkarlanean, Giza Eskubideen Egunetik (abenduak 10) Migratzaileen Egunera (abenduak 19) doan astean ekintzak eta jarduerak antolatu dituzte: «pertsona horiek eskubideak aldarrikatzeko eta jasaten dituzten urraketak salatzeko». Aurten, jarduerei hasiera eman zitzaien, Migrazinema saio batekin Gaztelekuan, hilaren 2an.

Datorren astelehenean, arratsaldeko 18:00etan, Kulturarteko Plaza Feministan, “Kalean” dokumental-labur bat proiektatuko dute, Donostian kalean dauden gazte migratzaileei buruzkoa. Ondoren, protagonistetako batek solasaldia eskainiko du. 

Hilaren 12tik aurrera, Kulturarteko Plaza Feministan, Gari Garaialde argazkilariaren erakusketarekin Irungo ibilbidean zehar migratzen duten emakumeen errealitate latza ikusarazteko parada izango dute herritarrek. Horrez gain, Memoriaren Manta ere antolatu dute aste osorako: «memoria kolektibo ariketa bat, non izara edo maindire gainean islatzen diren migrazio-politikek hildako pertsonen izenak». Eta hilaren 15ean, berriz, Migratzeko Eskubidearen aldeko martxa baten bueltan bilduko dira; eguerdiko 12:00etan abiatuko dira Atsegindegitik Karabel zubira joateko. Bertan, lore-eskaintza egingo dute Bidasoa ibaian eta Mediterraneo itsasoan hildako pertsonen omenez, eta handik Gudarien Plazara itzuliko dira partehartzaileak. Bertan, elkarretaratzea egingo dute, eguerdiko 13:00etan.

Azkenik, hilaren 19rako eta 20rako, hitzaldi batzuk antolatu dira Hernaniko Institutuan, ikasleei migratzaileen egoeraren berri emateko, errealitate horietara hurbiltzeko eta dauden aurreiritziak hausteko asmoz. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!