Jostailuen doako azoka txikia, asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 8a, 00:00

Goizez eta arratsaldez zabalduko ditu ateak etzi, Andre Kale 3 helbidean.

Aurreko urtean bezala, eta Hernaniko Errugbi Taldearen ekimen bati esker, jostailuen doako azoka txiki bat antolatu du aurten ere Amherrrek, Andre Kale 3 zenbakian. Egun hauetan egongo da zabalik: etzi larunbatean, igandean, abenduaren 17an eta abenduaren 18an.

Larunbatetan, goizez eta arratsaldez egongo da zabalik (10:30etatik 13:00etara eta 16:30etatik 19:00etara); igande eta jaiegunetan, goizez bakarrik egongo da irekita (10:30etatik 13:00etara).

Gehiegizko kontsumoaren egun hauetan, baliabideak berrerabiltzearen aldeko apustua egiten dute Amherretik, baita opariak jasotzeko eta emateko orduan aukera-berdintasunaren aldekoa ere. «Horrekin lortu nahi dugu urteko sasoi honetan denek izatea arropa edo jostailuak, eta, aldi berean, baliabideen erabilera sustatzen dugu».

Urtean zehar asteazkenetan 17:00etatik 18:30etara, normalean, herritarren eskutik jasotako arropa eta mantak jaso eta entregatzeko biltegia irekita izaten dute. Logistika-kontuengatik, urtean zehar arropa ematea eta jasotzea baino ezin dute kudeatu. Era berean, ordutegi horretan bertaratu ezin diren pertsonek Amherren telefonoetara (667 710 928 / 650 294 390 / 671 116 414) dei dezakete beste ordu bat koordinatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!