Bandarekin eta txistulariak batzen dituen elkarte berriarekin, hitzarmena

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 8a, 00:00

Udaletxean aurkeztu zuten hitzarmena.

Hitzarmenen xedea da bi elkarte horiek musikaren eta kulturaren arloan eragiten jarrai dezaten bultzada eta konpromisoa sustatzea.

Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak hitzarmen bana sinatu du, Musika Bandako eta Herri Musika Elkarteko lehendakariekin, Arkaitz Otegi eta Patri Arozena, hurrenez hurren. Hitzarmenen xedea da bi elkarte horiek musikaren eta kulturaren arloan eragiten jarrai dezaten bultzada eta konpromisoa sustatzea. Bi kasuetan, hitzarmenen iraupena lau urtekoa da.

Hernaniko Musika Bandak (Hermuba) ibilbide luzea du herrian. 2007garren urtez geroztik hitzarmena du Udalak Hermuba elkartearekin. Horien bidez, musika bandak urtean zehar kontzertuak eskaintzeko eta udalerriaren kultura programazioa aberastea sustatu nahi dute bi aldeek. Gaur sinatu den hitzarmenak, ostera, baditu zenbait berritasun.

Izan ere, Hernaniko Musika Bandak orain arteko eskaintza zabaldu du, eta gazteekin batera banda bat sortu du. Eskaintza kultural aberats eta pedagogikoa, beraz, gazteen artean zabaltzearen aldeko apustua egin du Bandak. Hori dela eta, bitarteko gehiago behar ditu eta, ondorioz, Udalak bandarekin duen hitzarmena hobetu du. Urteko ekarpena 96.000 eurokoa izango da hemendik aurrera.

Hernaniko Herri Musika Elkartea (HHME), berriz, Hernaniko txistulariak elkarte bakar batean biltzeko helburuarekin jaiotako elkarte sortu berria da. Orain arte Goizetik txistulari bandarekin zuen hitzarmena Udalak, baina kontuan izanik Leokadisti txistulari taldeak hainbat jarduera burutzen zituela eta guzti horrek Hernaniko kultur eskaintza aberasten duela, Hernaniko txistularien jarduera modu bateratuan jasotzea izan da  hitzarmen berriaren lehentasunetako bat.

 

Txistulariak igandero herrigunetik auzoetara

Hitzarmen horri esker, txistulariek, orain arte bezala, Hernaniko herriari ekarpena egiten jarraituko dute, eta, gainera, hitzarmen berrian jasotzen da txistularien doinuak auzoetara ere zabaltzeko aukera. Hortaz, iganderoko dianak herrigunetik abiatuko dira eta herriko auzo ezberdinetan egingo dute ibilbidea. Dianez gain, orain arte bezala, urtean zehar eskainiko dituzten emanaldiak ere jasotzen ditu hitzarmenak. Hitzarmena 43.000 eurokoa da.

 Batetik, Udalak merezi duten aitortza egin nahi die elkarteei Hernaniko kultur eskaintza aberasteagatik, eta, bestetik, talde horietako partaideek egiten duten ahalegina ere eskertu nahi du. Elkarteetako ordezkariak ere oso pozik azaldu ziren hitzarmenak haien jardunean eragin oso positiboa izango duelako.

Jorge Pacheco Musika Bandako zuzendariaren esanetan, «guk, musikariok, egunero egiten dugun lanak eta ahaleginak, erakundeen konpromisorik gabe, ez lukete emaitza bera izango. Eskertzekoa da, benetan, babes hori sentitzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!