Etxebizitzaren arazoari autodefentsarekin erantzunez

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 7a, 00:00

Urteak dira etxebizitzaren arazoa endemiko bihurtu dela gurean. Prezioen gorakadei eta langile klaseak oinarrizko beharrizanak bermatzeko duen zailtasun geroz eta handiagoei krisi koiunturalen (energetikoa, kasu) eragin beti negatiboa gehitu behar zaie, eta ez dirudi egoera hoberantza doanik.

Beste behin, langile klasea da egoera hau gehien sufritzen duena, berau baita bizi proiektu bat aurrera eramateko hain funtsezkoa duen bizilekua lortzeko ezintasun hain handiak dituena; eta lortzekotan, bizitza osoa lan geroz eta prekariogoei lotuta eman beharko duena banku batek kapital irabaziak izateko erabiliko duen hipoteka bidegabe bat ordainduz.

Arazo honen aurrean hainbat dira "merkatu inmobiliarioaren interbentzioa” eskatzen dutenak. Gobernatzen gaituzten instituzio burgesek halako interes edota sikiera gaitasunik izango balute bezala! Argi baina argiago geratu da milaka milioi euro mugitzen dituen higiezinen merkatua edozein botere politikoren kontroletik kanpo dagoela. Are gehiago, halako merkatuak dira gure eguneroko politikak baldintzatzen dituztenak, komunikabideak gezur eta difamazioz kontaminatzen dituztenak (okupazio mugimenduaren aurkako azken oldarraldia ikusi besterik ez dago).

Gaia jorratzeko eta langile autodefentsaren kontzeptuan sakontzeko Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatuaren aurkezpen ekitaldia egingo dugu, abenduaren 16an Biterin, 18:30ean.

Ez delako arazoaren identifikazio zuzenik izango etxebizitzak sistema kapitalistan duen funtzioa errotik aztertzen ez bada. Ez delako konponbiderik etorriko instituzioen mezu antzu eta neurri are antzuagoen partetik. Eta ez delako kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala den etxebizitzarik izango Euskal Estatu Sozialista baten eraikuntzarekin ez bada.

 

Olaia Ruiz Guiral
Buruntzaldeako Kontseilu Sozialista

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!