«Bilduk Landarerako eta Zubiperako duen proiektuak porrot egin du»

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 7a, 00:00

«Onartezina da EH Bilduk gainerako alderdiekin informazioa ez partekatzea», dio Crespok, PSE-EEren bozeramaileak.

Hernaniko PSE-EEk gogor kritikatu du EH Bildu, «gainerako alderdi politikoei informazioa ezkutatzeagatik». Joan den asteartean, Plenoan, talde politiko batek URAren erantzuna eskatu zuen Landareko eta Zubipeko uholdeen ondorioak saihesteko aurkeztu zen proiektuari buruz, «eta gaur egun prentsaren bidez jakin dugu erantzuna. Hori ikusita, URAren erantzuna beste bide batzuetatik lortu behar izan dugu».

Crespo bozeramaileak gogor kritikatu du koalizio subiranistaren udal gobernuaren kudeaketa, «ez duelako informaziorik ematen, ez duelako betetzen eta, gainera, gezurretan ari delako 2015eko ia proiektu bera aurkeztuz, URAk atzera bota zuena uholde-arriskuaren arazoa ez konpontzeagatik, baizik eta okerrera egiteagatik». PSE-EEk kritikatu du EH Bilduren kudeaketa «negargarria» izaten ari dela gai honetan, «ez dute informaziorik partekatzen, ezkutatu ere egiten dute, urteak daramatzate ezer egin gabe, eta 2 milioi euro geldirik daude zain, gaitasunik ez dutelako».

 

«Arazoak bideratuta egon behar zuen eta abiapuntuan gaude»

«Hitz horiek oso gogorrak dirudite, baina legealdi honetarako arazo horrek bideratuta egon behar zuelako sentitzen dugun etsipenaren erakusgarri dira, eta orain abiapuntura itzuliko gara». Crespok gogorarazi du udal talde sozialistak beti luzatu duela eskua konponbidean laguntzeko. «Hasieratik arazo hau elkarrekin lantzeko eskaintza egin dugu, guztion arazo gisa. Hala ere, EH Bilduk gure eskaintza mespretxatzen du eta informazioa ezkutatzen digu».

Cresporen ustez, «ulertezina» da URAk duela zazpi urte baztertutakoaren oso antzeko proiektu berri bat aurkeztu izana. «Nola da posible orain 2015eko proiektuaren antzeko bat entregatzea orduko akats berberak eginez? Gure buruari galdetzen diogu, gainera, egoerak okerrera egingo lukeela, eta uholde arriskua areagotuko litzatekeela etxebizitzak dituen eremu batean, Karabel auzoan; are okerragoa izan liteke Portu auzoan». URAren erantzuna irmoa da honako hau ondorioztatzen duenean: «Hormatxoak eragindako goragunearen kalte haundienak Karabel auzoa eta eskuinaldeko industrialdea izango lirateke». Eta, era berean, «hormatxoak eragingo lukeen ur-xaflaren goratze oro onartezintzat joko litzateke. Adarjotzea iruditzen zaigu; izan ere, Karabelen, altueran, ura pilare batzuetatik igarotzea oztopatuko lukeen aparkaleku bat proposatzen dugunean, esaten zaigu URAk ez
lukeela onartuko, tartean txostenik egin gabe, baina EH Bilduk planteatzen duen eta jada baztertu den hormak konponbidea izatea nahi dute».

«Larriena da Hernanik denbora galdu duela proiektu zaharrak aurkezten eta ez duela benetan lan egiten dagoen arazo bati irtenbidea emateko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!