Santa Barbara Harrobia berreskuratzeko aurreproiektu bat lantzen ari da Udala

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 7a, 00:00

2018an partehartze prozesua jarri zen martxan Hernanin.

Aurreproiektua bideragarria den jakiteko, 2018an bertan antzeman ziren obra hondakinen ezaugarriak zehazteko katak enkargatu ditu.

Historia luzea du Santa Barbara Harrobian aisialdirako parke bat egiteko proiektuak. Azpiegituren eraikuntzarako harrobia izan zen urtetan, baina 21. mendearen lehen urteetan, jarduera ekonomiko horren beherakada nabarmena egon zen eta, horrekin batera, harrobiaren betelanak ere asko murriztu ziren. Ondorioz, harrobia betetzeko helburua bideragarria ez zela ikusita, hasierako planteamendua -espazioa bete eta gero parke bat eraikitzea- egokitu behar izan zen.

2016an, beraz, betelanak amaitutzat eman ziren. Orduz geroztik, proiektu desberdinak egon dira mahai gainean, eta parte hartze prozesu bat ere egon zen (2018an). Harrobia, egun, eremu degradatua da eta ingurumenaren zein aisialdiaren ikuspuntutik berreskuratzea da xedea. Horretarako, egoera berriari egokitutako aurreproiektu bat lantzen ari da egun Udala.

 
Dauden obra hondakinen
jatorria zehazten ari dira

Dena dela, 2018an antzeman ziren betelanen kontratuan aurreikusita ez zeuden hondakin batzuk. Hori dela eta Udalak azterketa bat egin zuen eta ondorioztatu zen obra hondakin batzuk zeudela. Horren aurrean Udalak azterketa sakonago bat egitea erabaki zuen eta datuak Eusko Jaurlaritzari bidali zizkion. Udala eta Eusko Jaurlaritza batera ari dira egoera lantzen hondakin horien jatorria eta ezaugarriak zehazte aldera. Eusko Jaurlaritzak Udalari eskatu dio lurzoruan kata gehiago egiteko eta Udalak azterketa hori enkargatu du dagoeneko.

Horien emaitza bidaliko dio Jaurlaritzari argitzeko eremuaren katalogazioa zein den, betelanak ongi egin ote ziren eta horren arabera aurreproiektuarekin jarraitu ahal izateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!