Binakako Txapelketa konplikatu zaie Goikoetxeari eta Barrenetxeari

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 6a, 00:00

Endika Barrenetxea, aurreko partidu batean. Argazkia: Maialen Andres

Aldaberen eta Azpirozen kontra galdu zuten larunbatean (27-40), ligaxkako azkeneko partidua; eta beste emaitzen zain geratu dira.

Goitik behera aldatu zaie Binakako Txapelketa, Endika Barrenetxea hernaniarrari eta Ander Goikoetxeari. Duela aste gutxi, posizio egokian zeuden ligaxka aurreneko postuan bukatu eta finalera zuzenean sailkatzeko; eta orain, bi porrot segidan jaso ondoren, konplikatu egin zaie finalerdietara sailkatzea ere.

Larunbatean jokatu zuten beraien azkeneko partidua ligaxkan, eta 27-40 galdu zuten Aldaberen eta Azpirozen kontra. Azkeneko sailkatuak ziren Aldabe eta Azpiroz, eta irabazita ere, txapelketatik kanpo geratu dira, baina aho zapore hobearekin. Goikoetxea eta Barrenetxea, berriz, jokatzeko falta diren bi partiduen zain geratuko dira, aurrera egingo duten jakiteko. Izan ere, une honetan bigarren daude, 9 punturekin; aurretik dauzkate Segurola eta Larrañaga, 9 punturekin eta partidu baten faltan; eta atzetik beste bi bikote, sailkatzeko aukerarekin: Ansa II eta Juanenea, 8 punturekin, partidu baten faltan; eta Ezkurra II eta Martirena, 5 punturekin baina bi partiduren faltan.

Tokia aurkitu ezinik aritu zen Goikoetxea larunbatean, eta Barrenetxeak eutsi zion partiduari, 13na berdindu zuten arte. Hortik aurrera, ihes egin zuten urdinek, zazpi tantoren aldea hartuta (17-24). Pixka bat gerturatzea lortu zuten, eta puntu negatiborik ez jasotzeko 27 tanto egin, baina irabazteko aukerarik gabe.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!