«Talde-kidetasuna inon baino gehiago lantzen den kirola da arrauna»

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 6a, 00:00

Maria Granado Arrieta. Argazkia: Aitor Urkia.

«Neska edo mutil kirolaria zara eta arraunean egin nahi duzu?» kanpaina jarri zuen martxan Hernaniko Arraun Elkarteak, eta Maria Granado Arrieta ‘Maialen’ traineruko arraunlari hernaniarra elkarrizketatu dute, arraunaren nondik norakoen berri jakin dezaten herritarrek. 

Zergatik parte hartu zenuen ETBko 'El Conquistador del Caribe' saioan?

Txikitatik ikusten nuen programa zen, eta beti izan nuen parte hartzeko ilusioa. Gorputza eta burua muturreraino ematen dituen saioa zela uste nuen. Gero, horrela zela egiaztatu nuen nire baitan. Hala ere, bikainena, bertan ezaguturiko jendearekin eginiko harremana izan zen. Abentura berezia.

 
Iragan denboraldian, 2021-2022an, arraunean hasi zinen Hernaniko Arraun Elkartean. Beste abentura bat?

Arraunak ere burua eta gorputza mugara eramaten ditu. Urte askoren ostean futbola uztea erabaki nuen. Aspaldidanik ari zitzaidan lagun bat
arraunean hasteko xaxatzen, eta talde-kirola eta norgehiagoka faltan botatzen hasi orduko, urratsa ematea erabaki nuen.

 
Eta zer topatu zenuen Hernaniko Arraun Elkartean? 

Lehiatzen jarraitzeko lekua. Talde bateko partaide izateko aukera. Egia esan, bete-betean topatu dut hori Hernaniko Arraun Elkartean. Behar nuena, alegia. Arraunak ase nau.

 
Zerotik hasi zinen. 

INEFeko ikasle nintzela, traineru bat zer zen zerbait usaindu nuen baina hutsetik hasi nintzen. 

 
Bateletan ekin zenion zure arraun ibilbideari. 

Batel Liga hasi genuenean atzean ibiliko ginela uste genuen baina hirugarren estropadatik aurrera indarrak berdindu, eta azkenean, oso txukun aritu ginen.

 
Eta bateletik, trainerura. 

Lehen aldiz traineruan sartu nintzenean, ez nuen sinisten. Beti izan ditut gogoko kirolak, eta baita erronkak ere. Asko gozatu dut
denboraldian zehar traineruan arraun egiten.

 
Zer da une honetan arrauna zuretzat?

Taldea! Egunerokotasunean pertsonekin hainbeste denbora pasatzeak, talde eta familia sentimendua eragiten dit arraunak.

 
Jendea pentsatzen ariko da; Hernaniko Arraun Elkartea... Eta non demontre du itsasoa Hernanik?

Emakumeok esfortzu handia egin behar izaten dugu traineru denboraldian, egunero, Pasaiara joaten baikara entrenatzera. Beraz, meritu oraindik ere handiagoa du itsasorik ez duen herri batek trainerua ureratzea.

 
Zenbat aldiz entzun duzu: “Arraunean aritzen zara? Ze gogorra, ezta?”.

(Barrez) Askotan! Edota, “Ez al zegoen beste kirolik?”. Eta denboraldia amaitzean, “Jarraituko al duzu? Bai?”. Arraunean, aurrerapausoak, hasieran batik bat, ikaragarriak dira. Alde handia dago, egunez egun. Horrek asko motibatzen du.

 
Ze esango zenioke kirola gogoko duen adin nagusiko emakume bati?

Hernaniko Arraun Elkartean arraunean hastera animatuko nuke. Adin ezberdineko emakumeekin denbora emankorra partekatuko du, eta denok batera helburu berdinerantz eginez gero, emaitzak lortu daitezke. Talde-kidetasuna inon baino gehiago lantzen den kirola da arrauna.

 
Eta 2022-2023 denboraldiari begira, zer asmo dituzu?

Lehengo urtean ikasitako bidea gehiago sakondu, aurrera segi, eta iazko denboraldiko talde-emaitzak hobetu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!