Bat irabazi eta bestea galdu, nesken taldeak

Kronika - Erredakzioa 2022ko abenduaren 5a

Irabazi egin zuten Euskal Ligako neskek, Deustoren kontra.

Deustoren kontra lortu zuten garaipena, eta Getxon galdu. Mutilek, berriz, galdu egin zuten Jatorkideren kontra.

Lanpetuta pasa dute asteburua, Hernaniko boleibol taldeek; bereziki, Euskal Ligako neskek. Bi partidu jokatu zituzten igandean, eta garaipen eta porrot bana lortu zuten: goizean Deusto menderatu zuten etxean (3-1), eta arratsaldean galdu egin zuten Getxoren kantxan (3-0).

Bi zati desberdin izan zituen goizeko partiduak. Aurreneko bi jokoetan, erraz nagusitu zen Hernani (25-7 eta 25-12), eta bideratuta utzi zuen partidua. Baina ondoren, joko-sistema aldatu, hirugarren jokoa 22-25 galdu, eta urduritu egin ziren. Hala ere, lortu zuten laugarrena irabazi (25-22) eta garaipena ziurtatzea.

Bestelakoa izan zen arratsaldeko partidua: liderra zeukaten aurrean, etxetik kanpo, eta goizean pilatutako nekearekin. 3-0 galdu zuen Hernanik, baina markagailuak erakusten duena baino lehiatuagoa izan zen partidua: 25-13, 25-22 eta 25-23 galdu zuten, liderrari aurre eginda.

Ez zeukaten partidu erraza Euskal Ligako mutilek ere, larunbatean Gasteizen, Jatorkideren kontra. Oso lehiatua izan zen aurreneko jokoa, baina 26-24 nagusitu ziren arabarrak azkenean, eta horrek desorekatu zuen balantza. Joko hori galtzeak kalterako eragin zien hernaniar gazteei, eta ezin izan zuten maila hori erakutsi hurrengo bi jokoetan: 25-17 eta 25-11 galdu zuten, eta Jatorkiderentzat izan zen garaipena (3-0).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!