57. Durangoko Azoka bihar irekiko da eta igandera arte egongo da zabalik

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 6a, 00:00

Durangoko Azokaren aurkezpenan eskaini zituzten azokaren xehetasun guztiak.

Aurten pandemia aurreko zenbakietara itzuliko da eta 930 kultur nobedade egongo dira eskuragai 248 erakusmahaietan, 689 liburu, 141 musika produktu, 46 aldizkari eta 54 bestelako produktu ere erosi daitezke. Horien artean bailarako sortzaileen lanak aurkitu daitezke.

57. Durangoko Azokak ohiko formatua berreskuratuko du aurten, bi urte bereziren ostean, eta bihartik abenduaren 11ra euskal kulturaren «eztanDA!» bizitzeko prest agertu dira antolatzaileak. Horretarako, 930 kultur nobedade egongo dira eskuragarri Landako guneko 248 erakusmahaietan: 689 liburu, 141 musika-produktu, 46 aldizkari eta 54 bestelakoak (ikus-entzunezkoak, papergintza eta abar). Gerediaga elkarteko koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak aipatu zuenez, «euskal kultura bor-bor izango dugu edizio honetan. Azken urte bietan, testuinguru konplikatua izan arren, azokari eustea lortu dugu, denon taupadari esker. Orain euskal kulturaren plazari bizitza emateko momentua helduko da, bere gune eta espazio guztietan».

 

Bailarako sortzaileak ere, Durangon

Hernanin: Euskal pedagogoa lokatzetan liburua ere salagi egongo da Durangoko Azokan, 22 euroan. Joxe Mari Auzmendiren hezkuntza balioak jasotzen ditu liburuak: «Joxe Mari Auzmendi pedagogoa, herrigilea eta euskaltzalea A-tik Z-ra definitzeko ahalegina da liburu hau; haren lana eta bizitza, baina batik bat bere baloreak, jasotzen dituena».

Xangorin argitaletxearen eskutik kaleratu dute liburua eta lanketan hartu dute parte, besteak beste, Lorea Agirrek, Joseba Sarrionandiak, Jon Sarasuak, Pello Otxandianok, Kristina Mardarasek, Maialen Lujanbiok, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek, eta Oinherri elkarteak.

25 egile izan dira, guztira, Euskal pedagogoa lokatzetan liburua osatu dutenak, eta horietako batzuk egongo dira gaurko aurkezpenean. Bertan izango dira, baita ere, Joxe Mari Auzmendiren senideak eta lagunak.

Munduak guztiontzat beharko luke, baina ez da liburua ere erosteko aukera izango da. Hernanin bizi den Amaia Mujika Telleria usurbildarraren liburua argitaratu du Bizipoza elkarteak. Ainara Azpiazu Axpiren Utzi azalari nobela grafikoa ere salgai izango da.

Anari Alberdi Santestebanen Gari eta goroldiozko liburua ere hurbiltzen direnen eskura izango da. Hernanin bizi den sortzailearen lehenengo liburua da. Maite Larburu musikariaren Krak' diskoa ere bertan izango da eskuragai. 

 

Azokako online dendan erosi daitezke nobedade guztiak

Erakusmahaietan salgai egoteaz gain, nobedade horiek guztiak azokako online dendan ere eskuragarri egongo dira, bihartik abenduaren 10era bitartean, https://durangokoazoka.eus/eu/denda estekan. Katalogoa bertan kontsultatu daiteke. Gaztelurrutiaren hitzetan, «kulturzale eta sortzaileei ahalik eta baliabide gehien eskaintzen saiatu gara, horregatik aurten uztartu nahi izan ditugu Azoka presentziala eta digitala».

Gerediaga elkarteko kideak pozik agertu dira Durangoko Azokak aurten izango dituen parte-hartze datuekin, kulturaren plaza pandemiaren aurreko kopuruetara bueltatu delako. Azokak 176 partehartzaile izango ditu Landakon (argitaletxeak, diskoetxeak...) eta horietatik 34 lehenengo aldiz etorriko dira Azokara. Autoekoizleen plazan, bere aldetik, 15 autoekoizlek parte hartuko dute, sormen-lan ezberdinekin. 

Durangoko Azokak ateak irekiko ditu bihar, eta bi urteko etenaldiaren ostean, milaka ikasle izango dira Landako gunean. Guztira, 1500 ikaslerentzako tailerrak antolatu ditu Azokak Ikasle Goizaren baitan (sarrera irekia izango da bisitari guztientzat, nahiz eta tailerretan lekurik ez izan), eta lehenengo aldiz hezitzaileentzat ere eskaintza egongo da.

Aurtengo beste berritasun bat abenduaren 9an, ostiralean, etorriko da. Egun horretan ospatuko da «Gazte eztanDA!», gazteei begira Durangoko Azokak antolatu duen egitarau berezia. Egunean zehar Azokako gune guztietan hamaika kultur ekitaldi egongo badira ere, Azokak hainbat jarduera berezi antolatu ditu gazteei begira. 14:00etan gazte-bazkaria egongo da (norberak ekarri beharko du jatekoa etxetik, eta gazteek elkarrekin bazkalduko dute); 17:00etan jinkana antolatuko du EuskarAbentura ekimenak Euskal Herriko gazte ezberdinen artean (izena eman daiteke Azokako webgunean); eta 19:00etan elektrotxarangen jaia egongo da Durangoko kaleetatik, ElektroPottotte eta OstiKda taldeen eskutik.

 

250 kultur ekitaldi baino gehiago gune guztietan

Aurten Durangoko Azokak euskal kulturaren «eztanDA!» biziko du, eta horretarako 250 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu ditu Azokako gune guztietan, ohiko aforoak berreskuratuta. Guneen arduradunek azaldu dituzte espazio bakoitzean egongo den egitaraua. 

Saguganbaran familiei begirako ikuskizun, tailer eta aurkezpenak egongo dira. Besteak beste, Etxepare saria irabazi duen Kiratsa liburuaren aurkezpena; Potx eta Lotx aireportuan pailazoen ikuskizuna; Eider Eibarren Maeiour euskaraz marrazten dugu! web-jokoaren aurkezpena edota Ene Kantak dantzan ikuskizuna.

Irudienean Euskal Herri osoko ikus-entzunezko lanak ezagutzeko aukera egongo da. Guztira, 24 film luze, 15 film labur, webserie bat eta podkast bat aurkeztuko dira. Hainbat gai jorratuko dituzte bertan: Euskal Herriko historia, ingurumena, pertsona migratuen errealitatea, umeentzako zinema Zineuskadiren eskutik, LaburmetraDA! izeneko film laburren saioa... Paul Urkijoren «Irati» filmaren emanaldi berezia ere izango dugu, abenduaren 10ean, hainbat gonbidaturen parte-hartzearekin.

Szenatokia arte eszenikoei lotuta egongo da beste urte batez, San Agustin Kulturgunean. Aurten pieza laburren erakusketa egongo da. Abenduaren 8tik 11ra 12 talde arituko dira, hiru talde egunero, bakoitza bi edo hiru saiorekin, guztira 29 saio eskainiz. Hainbat genero landuko dira: komedia, drama, bertsoak, musikalak, pole-dance... Lehenengo egunean, 19:00etan, inaugurazio ekitaldia antolatuko da bertan.

 

Ahotsenea sortzaileen gunean 47 talde igoko dira oholtzara

Ahotsenea sortzaileen gunea izango da beste urte batez. Plateruenako oholtzara 47 talde igoko dira euren azken lanak aurkeztera. Besteak beste, bertan arituko dira Delirium Tremens, Merina Gris, Sua, Ines Osinaga, Kokein, Willis Drummond, Xsakara, Bengo, Odei... Disko aurkezpenak zuzenean jarraitu ahal izango dira streaming bidez www.durangokoazoka.eus webgunean. 

Solasaldien gunea Musika Eskolan egongo da aurten ere, eta bertan aurkeztuko dira eleberriak, poesia-liburuak, antzerki-bildumak... Sortzaileen artean, Katixa Agirre, Unai Iturriaga, Harkaitz Cano, Anari Alberdi, Anjel Lertxundi, Iban Zaldua, Miren Azkarate edota Andoni Urzelai izango dira.

Landako guneko Areto Nagusia gune bik partekatuko dute, Kabi@k eta Talaiak. Kabi@n mundu digitalarekin lotutako aurkezpenak egongo dira bihar eta ostiralean. Ikasle Goizean, hezkuntza komunitatearekin lotutako zazpi egitasmo aurkeztuko dira eta arratsaldez euskerazko edukiak sortzen dituzten hainbat plataforma ezagutzeko aukera izango dugu. Abenduaren 9an, ostiralean, Gamer Gela antolatuko da Game Erauntsia taldeko kideekin (iazko sormen bekako irabazlearen lana aurkeztuko da) eta Rolariak taldeak ere hainbat mahai-jolas eramango ditu.

Talaian, bere aldetik, nagusiki zabalkunde lanen aurkezpenak egingo dira etzi abenduaren 8an, 10ean eta 11n. Horrez gain, kultur arloko gai ezberdinen gaineko hausnarketarako ere tartea izango da: euskal literaturaren nazioartekotzeaz eztabaidatuko dute, esaterako, Euskadi Literatura saridunek; edota kultura eraldatzaileari buruz gaztetasunetik hausnartuko dute gazte sortzaileek.

Durangoko Arte eta Historia Museoan ekitaldiak ere antolatuko dira. Abenduaren 8tik 11ra (H)AMAR erakusketa egongo da ikusgai, kanal anitzeko soinu instalazioa. Bestetik, Iñaki Segurolari omenaldia egingo diote eta Pol-len edicions argitaletxe kataluniarrak euren proiektua aurkeztuko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!