Aitor Mendiluze ere sailkatu da Iruñera, eta lau ordezkari izango ditu bailarak finalean

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 5a, 00:00
Aitor Mendiluze eta Amets Arzallus, Bilbon. Argazkia: Gari Garaialde

Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Beñat Gaztelumendi eta Aitor Mendiluze ariko dira Bertsolari Txapelketa Nagusiaren final haundian.

Izen-abizenekin daude zehaztuta, dagoeneko, Nafarroa Arenako oholtza gaineko zortzi aulkiak. Eta horietatik lauk izango dute lotura zuzena Urumea bailararekin. Izan ere, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean ariko dira Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Beñat Gaztelumendi eta Aitor Mendiluze. Andoaindarrak larunbatean lortu zuen pasea, Bilbon, finalaurrekoen azkeneko saioan. Bigarren sailkatu zen, 661 punturekin, Amets Arzallusen atzetik (662 puntu). Lanak ondo egin eta pronostikoak beteta sailkatu zen hendaiarra, eta aldiz, Joanes Illarregi leitzarra izan zen uste baino gehiago kostata sailkatu zena: laugarren izan zen 621 punturekin, eta soilik 2,5 punturen aldearekin lortu du finalerako azkeneko txartela, Julio Sotoren aurretik.

Hori horrela, honakoak dira finalean Maialen Lujanbiorekin batera ariko dira zazpi bertsolariak, finalaurrekoetako sailkapenaren ordenean: Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Joanes Illarregi.

3.600 lagun Bilbon, azkeneko finalaurrekoan

Bertsozaletasunaren motorrak bero-bero daude, abenduaren 18an Iruñean jokatuko den finalerako. Eta horren adibide da Bilboko saioa: 3.600 lagun izan ziren Bizkaia frontoian, azkeneko finalaurrekoan. Mendiluzek berak eskertu zuen babesa, azkeneko agurrean: «Horren (bere saioaren) gainetik a ze plaza eder, ze txalo soinu ozena; besarkada bat ta onartzen det zorretan joango naizena; berriz oroitu baitet zergatik eman genuen izena».

Hernaniko Bertso Eskolako kidea oso sendo aritu zen beste behin, eta aitortu zuen «lasai» aritu zela ofiziotan: 141,5 puntu 10eko txikian, 134 zortziko haundian eta 142,5 zortziko txikian. Puntu erantzunetan, gainera, finalaurrekoetako puntuaziorik altuena lortu zuen, 102 puntu. Eta bakarkako lanean, «irrist» egin zuela adierazi arren, 141 punturekin borobildu zuen saioa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!