Urumeako 0km gida

Baserritar jantzi ederrenak Oihalan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 3a, 00:00

Kontxi Arruarte Elkano kaleko Oihala apaindura dendan.

Kontxi Arruarte apaindura dendaren arduraduna da eta pandemia eta gero salmentak berriz ere normaltasunera bueltatzea espero du.

Nolakoa da zuen lana? 

Baserritarren jantziak, maindireak eta oihalak saltzen ditugu, orain Gabonak datoz eta lanerako garai garrantzitsua da bai baserritar arropagatik eta bai neguko oihal eta maindireengatik. Goiz eta arratsaldez irekitzen dugu Oihala apaindura denda. Goizez 09:30etatik 13:00etara zabaltzen ditugu ateak eta arratsaldez 16:30etatik 19:30etara. Hori bai lan gehiago dagoenean ordutegia ere malguagoa da. Larunbatetan ere irekita egoten da denda 09:30etatik 13:00etara.

 
Bezeroen gehiengoa, hernaniarra da? Zein adinetakoak? 

Bai, gehiengoak hernaniarrak dira. Hala ere, orain baserritar jantziak erostera etortzen dira bezeroak Lasartetik, Andoaindik, Urnietatik eta Donostiatik. Normalean adineko jendea izaten da 50 urtetik gorakoak. Orain, jende gazteagoa ere etortzen da baserritar jantziak erostera. Helduek umeentzako jantziak erosten dituzte.

 
Zein da zuen lanaren alderdi onena? 

Dudarik gabe jendearekin harremanetan egotea. Ederra izaten da jendea arropa probatzean nola geratzen zaien ikustea. Bezero saltzaile elkarlan hori da gustukoena. 

 

Eta txarrena? 

Ordutegia esango nuke. Hori aldatzerik ez dago eta horrela izan beharko du. Bestela, gustura nago.   

 

Gabonak ate joka dauzkagu... Zer nolako salmentak izaten dituzue data hauetan? 

Gure garairik onena izaten da abendua. Gehien saltzen den garaia da berez, baina bi urteko pandemia garaitik gatoz eta oraindik ez dakigu jendeak nola erantzungo duen. Aurreko bi urteetan ezin izan dugu lan egin behar bezala eta hori salmentetan asko nabaritu da. Festarik gabe baserritar jantzirik ez zen saltzen. Orain berriz 'normalkuntzara' bueltatu gara, baina ikusteko dago eragina izaten jarraituko duen ala ez. Zer salmenta izango dugun zain gaude. Jendea badabil, baina ikusiko dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!