Luizia

Kronika - Erredakzioa 2022ko abenduaren 3a

Garaia Idoia Telleria Maritxalar

Jakina da, luizi bat gertatu aurretik badago datorrena adierazten duen seinalea: harri bat errepidean, zulo bat basoan, arrakala bat aldez alde etxearen horman. Lehenak eta bigarrenak, baina, kezkatik urrun, prozesu naturalei egoztea erreza izaten da: euria egingo zuen, haizete handiak dabiltza, eguratsa dabil. Hirugarrenak, aldiz, kezkaren arra pizten du: konpondu beharko dugu, etxea gainera erori eta azpian harrapatuz akaba ez gaitzan.

Kezkatik bizi dut hau guztia. Luiziarena, diot.

Kezkatzen nauena da, nire inguruan identifikatzen ditudan arrakala sozialekiko begirada otzantzea, egunerokotasuneko hezikeria neoliberal eta indibidualistak sortu arrakalak ikusteari utzi eta etsipen dinamiketan abiatzea. Kezkatzen nauena da, mundu mailako herri gris globalizatu eta bakarti batean bizitzea; eta, orduan, luizia gertatzea.

Komunitate txikietako jardunak datozkit gogora orduan (guztiak, Euskal Herrian noizbait gertatutakoak, bidenabar). Eta bizirauteko zituzten erritu, lan eta dinamikak: auzolana, lur komunalak, auzo-zaintza dinamikak, uzta-festak… Ez naiz iraganaren nostalgiko edo erromantizatzailea; testuinguru bakoitzak haren sinismen-sistema eta baldintza materialen araberako dinamikak ematen baitizkio herriari. Baina bai uste dut, sare txiki eta ertainetan artikulatutako komunitateak direla etorkizuna, eta hauen kudeaketarako baliogarriak zaizkigula logika komunalean oinarritutako herri dinamikak.

Eta kezka lausotzen zait, ohartzen naizelako herrian, sinismen patriarkal, kapitalista eta arrazistei aurre egiten ari gatzaiela, sutsuki aurre egin ere. Baina, baldintza materialei ere so egin beharko diegu aberastasunaren sorrera etiko eta birbanaketa justua oinarri bizitza duinak izango dituen komunitatea sortzeko. Eta bagabiltza. Sakondu dezagun burujabetzaren bidean.

Hiruki Larroxa Kooperatiba

www.hirukilarroxa.eus

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!