Haurrentzako jostailuak, puzzleak eta liburuak, Gabon aurreko azokan

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 3a, 00:00

Jolaserako materiala bildu zen joan den urtean ere.

Edonor bertaratu daiteke azokara, jostailuak hartzeko eta etxean soberan dituen jostailuak trukatzeko. 

Beste urte batzuetako ohiturak jarraituta, AMHERek gabon aurreko azoka antolatu du haurrentzako jostailu, pelutxe, liburu, puzzle eta material gehiagorekin. Amherrek adierazi du azoka hau aurrera eraman dutela Hernani Rugby Elkarteak eskainitako laguntzari esker, besteak beste: «errugbi elkarteak egindako jostailu bilketari eta herritar askok egin duten ekarpenari esker». 

Azoka abenduko larunbat eta igande guztietan izango da, hilaren 18ra arte; eta edonori irekitako eremua izango dela aurreratu du Amherrek: «edonor etorri daiteke, eta edozer eraman dezake etxera. Horrez gain, etxean soberan dauden jostailuak ere ekarri daitezke, trukatzeko edota dohaintzan emateko, beti egoera txukunean badaude». 

Ekintza honekin, Amherren asmoa da Gabonetako ohitura berritzeaz gain trukea eta gauzen berrerabilpena sustatu nahi dira. 

Jostailuak, liburuak eta puzzleak soberan dituztenek, azokara eraman ditzakete abenduaren 18ra bitarteko asteburuetan, Andre Kale 2. zenbakian entregatu. Larunbatetan goizez eta arratsaldez eraman daiteke materiala, eta igandetan, berriz, goizez.

Amaitzeko Amherrek eskerrak eman ditu: «mila esker datozenei eta ekarpenak egin edota egingo dituztenei».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!