Goikoetxeak eta Barrenetxea IV.ak gaur amaituko dute Binakako ligaxka

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 3a, 00:00

Aldabe eta Azpirozen aurka jokatuko dute eta garaipenak finalerdietarako sailkapena ziurtatuko lioke bikote urnietar-hernaniarrari.

Binakako Erremonte Txapelketa ligaxkaren amaierara ari da iristen eta gaur bi bikotek amaituko dute. Goikoetxea eta Barrenetxeak, Aldabe eta Azpirozen aurka jokatuko dute, 17:30etatik aurrera. Goikoetxea eta Barrenetxeak hiru partidu jokatu dituzte eta bederatzi puntu dituzte. Lidertzan daude, Segurola eta Larrañagarekin batera eta gaur irabazten badute finalerdira sailkatzea ziurtatuko du bikoteak. Lehenengo sailkatua finalera sailkatuko da zuzenean eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia jokatuko dute. Azken bi sailkatuak kanporatuak izango dira.

Bikote urnietar-hernaniarrak lehenengo postua ere lortu dezake gaur irabaziz gero, baina hori aurrerago jakingo da. Ezkurra II.a-Martirena eta Segurola-Larrañaga bikoteek hamahiru puntu lortu ditzazkete eta kasu horretan bikoteen arteko partidua hartuko da kontuan. Segurola eta Larrañagak irabazi egin zieten Goikoetxea eta Barrenetxeari pasa den astean. Hiru bikoteen artean berdinketa baldin badago tanteoa hartuko da kontuan. 

 

Aldabe eta Azpiroz aukerarik gabe

Aldabe eta Azpiroz aukerarik gabe iritsi dira azken partidura. Bi puntu dituzte eta ezin dute hurrengo fasera sailkatu. Hori, gorrien mesederako da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!