Ura Agentziak baztertu egin du Landare eta Zubipe uholdeetatik babesteko asmoz egindako proiektua

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 3a, 00:00

Euri asko egiten duen bakoitzean, urak gainezka egiten du Landaren.

Hernaniko Udala C.D. Hernanirekin eta Errugbi elkartearekin elkartu da, etorkizunean zein pauso eman aztertzeko eta Ura Agentziarekin bilera bat eskatu dute, beste irtenbide batzuk bilatze aldera.

Ura Agentziak baztertu egin du Hernaniko Udalak Landare eta Zubipe uholdeetatik babesteko asmoz aurkeztutako proiektua, klubekin adostu ondoren. Eta Ura Agentziak argudiatu du ez direla bateragarriak Uholde Arriskua Kudeatzeko Planarekin: «Futbol eta errugbi zelaiak babesteko harresia eraikitzeak ur-mailaren igoera eragingo luke eta Karabel auzoko eta industria-gunearen eskuinaldean uholde arriskua areagotuko luke». 

Udalak Urari bidalitako txosten teknikoaren arabera,  ur-mailaren igoera horrek ez luke uholde arriskurik ekarriko inguruko eremuetara, baina Urak argudiatzen duenez, Urumean, Ergobia eta Akarregiko zatian, exekutatzen ari diren eta etorkizun hurbilean egingo diren esku-hartzeek dagoeneko murriztuko dute uholderako arriskua, kirol zelaien eremuan ere bai, eta, hori aintzat hartuta, Uraren ustez, harresia eraikitzeak inguruko eremuetan sor lezakeen arriskua ez da onargarria. 

Udalak dio bi kirol klubek urteak daramatzatela uholdeen arazoa jasaten: «euri asko egiten duen bakoitzean, urak gainezka egiten du eta haien jarduna oso baldintzatuta dago. Alde batetik, zelaiak ezin dituztelako erabili, eta, bestetik, uholdeek azpiegituretan (aldagelak, bulegoak...) eragiten duen kaltearengatik».

Eta Udalak hainbat saiakera egin ditu arazoa leuntzeko proposamenak lantzen. Azken urteotan bi proiektu egin eta aurkeztu ditu, baina biak baztertu ditu Ura Agentziak. Hala ere, Udalak arazoari irtenbidea ematen saiatzeko konpromisoa berresten du: «kirol azpiegitura horiek uholde arrisku haundia duen eremuan egonda, Uraren oniritzia ezinbestekoa da edozein esku-hartze egiteko». 

Amaitzeko, Hernaniko Udala, C.D Hernani eta Hernani Club Rugby Elkartea bildu dira, eta Udalak txostenaren berri eman die. Etorkizunean zein pauso eman aztertzen ari dira hiru aldeak. Eta Ur Agentziarekin bilera bat eskatuko dute beste irtenbide batzuk bilatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!