«Guretzako euskera plan estrategiko bat izan da»

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 3a, 00:00
Euskaraldian parte hartu dute langileek.

Talleres Mitxelena Kooperatiban euskera da langileen artean erabiltzen den hizkuntza eta bezeroekin ere lehen saiakera beti da euskeraz.

Euskeraren erabilera enpresa munduan gero eta txertatuago dago. Horren adibide da Hernanin dagoen Talleres Mitxelena kooperatiba. Euskerarekiko konpromezu argia du. Euskera da komunikatzeko erabiltzen duten tresna eta horren aitormena Bai Euskarari saria eskuratzea izan zen 2018an. Hizkuntza politika jarri zuten martxan eta ildo horretatik jarraitu nahi dute. «Langileen %100a euskaldunak gara eta horrek helburua errazten du», aipatu zuen bertako langile den Alaitz Tolosak.

Langileak kontratatzeko garaian ere kontuan hartzen da langilearen euskeraren ezagutza. «Gure lan hizkuntza euskera da, gure barne dokumentazioa euskeraz dago. Aeronautikako ISOa dugu eta hori dena euskeraz dugu. Bilerak ere euskeraz egiten ditugu eta arreta ere bai. Hala ere, egia da baditugula kanpoko bezeroak eta nahiz eta euskeraz izan lehenengo hitza, gazteleraz, frantzesez edo ingelesez hitz egiten dugu. Hori bai, beti euskera lehenetsita dokumentuetan».

Langile kopuruak horretan laguntzen omen du. «30 langile gara. Horrek hizkuntza arduradun bat edo sail bat edukitzea errazten du. Guretzako plan estrategiko bat izan da eta ildo bezala sartu genuen euskeraren erabilera».

Mitxelena kooperatibak 60 urtetik gora ditu eta 2016an enpresari beste nolabaiteko norabidea ezartzen hasi ziren. Kudeaketa mota aldatu eta plan estrategiko parte hartzaileagoa eratu zuten. «Hor lan ildo ekonomikoari gehitu genion erantzunkizun soziala. Horretarako produkzioa ere gelditu izan dugu. Eztabaidan euskera lehenestea erabaki genuen eta hizkuntza politika sartu genuen».

Ez hori bakarrik, gizarte bazterketa jasateko zaurgarri diren kolektibo eta gazteak laneratzen laguntzeko Batzen proiektuarekin bat egin du Mitxelena kooperatibak. «laguntza eskatu ziguten, baina hor gure 'arazoa' hizkuntza zen. Batetik ikusten genuen laguntzeko beharra, baina bestetik euskeraren beharrik ez zegoen. Birmoldatu genuen gure hizkuntza politika eta baldintza da pertsona horren euskalduntzea».

 

«Ahmed euskalduntzen ari da euskaltegian»

Honela, Mitxelenak Ahmed kontratatu zuen. «Lehen hitza euskeraz egiten du, gu ere saiatzen gara euskeraz egiten eta bere konpromezua da euskaltegira joatea euskera ikastera» azpimarratu zuen Alaitz Tolosak.  

Mitxelenak ordaintzen du euskaltegia eta bera arratsaldetan euskaltegira joaten da. «Ahalik eta gehien aritzen da euskeraz lantegian». Hori izan da Talleres Mitxelenak hartu duen bidea.

Bestetik, Euskaraldian ere parte hartu du Mitxelenak. Korrikan ere bai eta euskeraren inguruan antolatzen diren ekitaldietan. Egunerokotasunean euskera izaten da langileen hizkuntza. «Langileok euskeraz hitzegiten dugu gure artean. Hori ez da enpresa politika kontua, langileak euskaldunak gara eta gure artean euskeraz aritzen gara, baita bulegoan ere. Bilerak ere %100an euskeraz egiten dira. Hemen denak gara ahobizi eta Ahmed da dugun belarriprest bakarra». 

Zailagoak ikusten ditu Alaitzek kanpoko egoerak, bertakoak baino. «Euskera giroan bizi gara eta agian borrokak balioa galtzen duela dirudi. Bezero batzukin euskeraz aritzen gara, baina Euskal Herrian bertan badira errealitate desberdinak. Beste bezero batzuekin gaztelera lehenesten da. Ez dute ulertzen, nahiz eta gutxiengoa izan». 

Mitxelena kooperatibaren tamaina lagungarria dela dio Alaitzek. «Euskal Herrian tornero euskaldun asko dago. Kudeatzeko ez da zaila. Hala ere, borondate kontua ere bada. Hausnarketa bat eta kontzientziazio bat dago plan estrategiko eta hizkuntza politikarekin. Borobiltzen saiatzen gara».

Ilusioa eta borondate dena dute Mitxelenan. «Jabetu ginen ateak ixten ari ginela Euskal Herrian dagoen beste errealitate bati. Oso polita da euskeraz aritzea, baina aurre ere egin behar genion egoera horri. Hizkuntza ez dugu galduko, baina aukera eman behar genuen. Ahmed perfila ezin hobeto egokitu da gurera. Oso mutil jatorra eta prestua da. Behar du ikusi berak ere egiten duela aportazioa».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!