UEMAn sartuko da Hernani, astearteko Plenoan hala onartuta

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 2a, 00:00

Bizitza Elkarteko kideak, astearteko Plenoan, mozioa aurkezten.

Mankomunitatean sartzeko gutxieneko datuak eman ditu aurten, eta horren alde egin zuten EH Bilduk, EAJk eta Podemosek.

Ia bi orduko iraupena izan zuen Hernaniko Udaleko Plenoak, joan den asteartean. Zenbait gai garrantzitsu landu zituzten, baina aurkeztutako bi mozioen inguruko eztabaidan luzatu zen.

Hartutako erabakien artean, Hernani Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) sartzekoa izan zen esanguratsuenetakoa. «Berri pozgarria da, aurten UEMAn sartzeko gutxieneko datuak eman dituela Hernanik. Horrek esan nahi du, herrian euskeraz bizitzeko aukera gehiago dugula orain», nabarmendu zuen Oier Agirresarobe Euskera zinegotziak. Bigarren herri haundiena izango da Hernani UEMAn, eta 25.000 euroko ekarpena egin beharko du sartzeko. Horren alde bozkatu zuten EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Podemosek, eta abstenitu egin zen PSE-EE, «euskera sail indartsua daukagulako, eta zerbitzuak bikoizten ariko ginatekeelako horrela».

Horren aurretik, aho batez onartu zituzten hiru puntu. Batetik, Eli Insausti izatea Udal Euskaltegiko zuzendari berria, Gurutze Salaberriari erreleboa hartuta. Bestetik, Beterri-Buruntzaldea Mankomunitateak martxan dauzkan zenbait programarekin aurrera jarraitzea, udal bakoitzak horietako baten ardura hartuta. Eta azkenik, Hernaniko Udaleko eta Ereñotzuko Auzo Udaleko bigarren ordainsarietan igoera aplikatzea: dagoeneko egin zuten %2ko igoera urte hasieran, Espainiako Gobernuak baimendu zuen gehienezkoa; baina orain beste %1,5eko igoera baimendu du Gobernuak, eta hori ere aplikatzea adostu dute.

 

Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kontratua, Aurrerantz kooperatibari

Erabateko adostasunik gabe onartu zen, bestalde, Aurrerantz kooperatibari esleitzea etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kontratua. Bost enpresa aurkeztu ziren, eta horietako bat lizitaziotik kanpo utzi zuten, ez zelako gutxieneko puntuaziora iristen. 1,35 milioi eurokoa (BEZik gabe) izango da kontratua. Alde bozkatu zuten EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk, baina kontra Elkarrekin Podemosek, Udalak zerbitzua «berriro bere gain hartu» beharko lukeela iritzita, pribatizazioa saihestuz. Horrekin ados agertu zen Xabier Lertxundi alkatea, eta azaldu zuen ez dutela inoiz baztertu aukera hori, baina «oso harro» dagoela, lizitazioa nola burutu duten ikusita, «ordu eta diru asko eskainita, eta eragile feministekin ere landuta».

 

Bizitza Elkartearen mozioan, eztabaida gogorra eta puntu bakarra onartuta

Aurkeztutako bi mozioekin luzatu zen Plenoa, ordubetetik gorako eztabaida izan baitzen horien inguruan. Bizitza Elkarteak aurkeztu zuen aurrenekoa, azken hilabeteetan egon den hilkortasunari buruzkoa, «seguruenik Covid-19arentzako botika geniko esperimentalaren inokulazioarekin lotuta egon daitekeena». Jon Ander Etxebarria biologoak egindako bi txosten aurkeztu zituen Bizitza Elkarteak, «arrazoizko zalantzak» planteatzen dituztenak, pandemia garaian instituzioek izandako estrategiaren inguruan.

Bozketan ez parte hartzea erabaki zuen PSE-EEk, mozioa «onartezina» zela iritzita, besteak beste, eskatzen zuelako Hernaniko zinegotziek barkamena eskatzea herriko gazteei, «ez zituztelako babestu, beraien kontra gauzatu zen bortxakeria kanpainaren aurrean». Ildo beretik hitz egin zuen EAJko Andoni Amonarraizek, eta aurreratu zuen kontra bozkatuko zutela: «Gehiegizko akusazioa da hori, udal zinegotziek ahal zuten guztia egin dutenean hernaniarrak salbatzen saiatzeko».

EH Bilduren izenean, alkateak onartu zuen egingo zirela gauza asko gaizki pandemian, baina «min» eman diotela mozioko zenbait baieztapenek, PSE-EEk eta EAJk adierazi bezala.

Elkarrekin Podemosek, berriz, azaldu zuen «badagoela interesa» gertatzen ari denari buruz gehiago jakiteko. Mozioa puntuz puntu bozkatzea eskatu zuen, eta aurreratu zuen alde bozkatuko zuela puntu gehienetan. Edonola ere, puntu bakarra onartu zen, datuak eskatzen zituena kontrastea egin ahal izateko, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin. Bigarren puntuan, abstenitu egin zen EH Bildu, ez dakielako juridikoki posible den Udalak heriotzen datuak ematea.

 

Antenen maparen mozioa onartu gabe, «planteatutako epeak ez direlako betegarriak»

Herritar batek aurkeztu zuen Plenoko bigarren mozioa, Hernaniko antena igorleen ingurukoa. Eskatu zuen uhinen neurketa bat egitea, eta gaiari garrantzia ematea: «Ez da horretaz hitz egiten, bere garaian amiantoaz bezala, kutsadura ixila delako. Baina neurriak hartu ezean, ondorioak jasan beharko ditugu. Beste herrialde batzuetan, hasi dira eskoletan eta eraikin publikoetan wifia kendu eta kableak jartzen».

Mozioa puntuz puntu bozkatzea erabaki zuten, eta PSE-EEk adierazi zuen, alde bozkatuko zuela puntu gehienetan, «datuak eskatzen direlako, eta daturik gabe ezin dugulako erabakirik hartu gaiaren inguruan». EH Bilduk, aldiz, adierazi zuen kontra bozkatuko zuela, planteatutako proposamenak interesgarriak izan arren, epeak ez direlako «bete­garriak». Edonola ere, horietako batzuk kontutan hartzeko borondatea erakutsi zuen.

Hori horrela, puntu bakarra onartu zen, Kaxkoan fibra optikoa sartzeari buruzkoa. Gainerakoak onartu gabe geratu ziren, baina bitan alde bozkatu zuten EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk: 2022 bukaerarako Hernaniko antena igorleen mapa bat osatzea, potentzia, frekuentzia eta radiazio balioekin; eta urte bukaerarako, eskoletako eta adinekoen egoitzetako radiazioa ezagutzea, neurketa profesionalen bitartez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!