'Euskal pedagogoa lokatzetan' liburua aurkeztuko dute gaur, Joxe Mari Auzmendiri eskainitakoa

Kronika - Erredakzioa 2022ko abe. 1a, 00:00

Hik Hasiko eta Hernaniko Udaleko ordezkariak, Joxe Mari Auzmendi bekaren aurkezpenean.

Hitzordu berezia jarri du Hik Hasi egitasmo pedagogikoak, gaur arratsalderako, Hernanin: Euskal pedagogoa lokatzetan liburua aurkeztuko du, Joxe Mari Auzmendiri eskainitakoa. 18:00etan izango da, udaletxeko pleno aretoan.

Hik Hasik aurreratu duenez, «Joxe Mari Auzmendiren hezkuntza balioak» jasotzen ditu liburuak: «Joxe Mari Auzmendi pedagogoa, herrigilea eta euskaltzalea A-tik Z-ra definitzeko ahalegina da liburu hau; haren lana eta bizitza, baina batik bat bere baloreak, jasotzen dituena».

Liburuaren lanketan hartu dute parte, besteak beste, Lorea Agirrek, Joseba Sarrionandiak, Jon Sarasuak, Pello Otxandianok, Kristina Mardarasek, Maialen Lujanbiok, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek, eta Oinherri elkarteak.

25 egile izan dira, guztira, Euskal pedagogoa lokatzetan liburua osatu dutenak, eta horietako batzuk egongo dira gaurko aurkezpenean. Bertan izango dira, baita ere, Joxe Mari Auzmendiren senideak eta lagunak.

Xangorin argitaletxearen eskutik kaleratu dute liburua, eta Durangoko Azokan egongo da salgai, 22 euroan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!